Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 108. zenbakia

Lurraren itxura eskas eta kaskarra, hiru astronautaren adikunean


50 gramo ardao

Erdi brometan erdi serio, Sharipov-ek adierazo eban ‘hegaldi erosoagoa eukiteko, egunean gitxienez 50 gramo ardao edo koñak hartzeko baimena’ euki beharko ebela. Kosmonauta errusiarrak ondokoa aitatu eban: ’horrek lagunduko euskun geure beharra eta errendimentua handitzen, gustorago behar egingo gendualako’. Chiao estadubatuarrak baiezko keinua egin eban. Biak ISSera egindako hamargarren espedizinoko kideak izan dira eta plataforma kosmiko horretan egon dira igazko urritik oraintsura arte. Txinako jatorria daukan baina Iparramerikakoa dan austronauteari espaziora itzuliko eten dan itaunduta, ondokoa erantzun eban: ‘uste dot izarretara egindako azken bidaia izan dala, AEBetan hegan egin gura daben astronauta gazte asko dagoz’.

Horrezaz ganera, Columbiak igazlehenean izandako tragediaren ostean, AEBetako espazio transbordadoreen hegaldien inguruan be egin zan berba. Lehenengo jaurtiketea, Discovery-rena, maiatzaren 22rako aurreikusita dago eta Serguei Krikaliov errusiarrak eta John Philips estadubaturrak, gaur egun ISSn dagozanek, ontzi iparramerikarrari harrerea egiteko ardurea eukiko dabe. ’AEBetako transbordadoreak ez dira beharrezkoak estazino espaziala mantenduteko, ‘Soyuz’ ontziakaz nahikoa da, baina beharrezkoak dira estazinoa eregiten jarraitzeko’, adierazo eban Saharipov-ek. Azkenik, kosmonauteak azaldu eban zelan imini eban orbitan minisatelite bat, espazioko ibilaldi batean eskuz jaurtita, pelota bat balitz legez.

Begiluzea

Aurreko astean Moskun emondako prentsaurreko batean, espaziotik etorri barri diran ISSko hiru astronautek euren bizipenen barri emon eben; era berean, triste eta goibel azaldu eben zelan ikusten dan espaziotik Lurrari bete-betean eragiten deutson kutsadurea.

‘Tristea da Lurraren egoerea handik ikustea, hor goian min handia emon euskun fabriketako ke lainoa eta natureari egiten deutsagun kaltea ikusteak’ adierazo eban Moskun Salizhan Sharipov austronauta errusiarrak kazetari talde handi baten aurrean. Haregaz batera, 193 eguneko epean Nazinoarteko Estazino Espazialean (ISS) lankide euki dauen Leroy Chiao estadubatuarra agertu zan, bai eta Europako Agentzia Espazialeko (ESA) Roberto Vittori italiarra be, azken horrek espazioan 8 egun besterik egin ez arren. Hirurek euren esperientzien eta beharraren zehaztapenen barri emon eben.

‘Industriak sortu eragiten dauen kutsadurea argi eta garbi ikusi genduan, batez be Asiako Hego-sortaldean. Erregino honen ganean eten barik dagoan kutsadureak ez euskun itxi argazkiak ataraten’, adierazo eban Sharipov-ek. Tripulatzaileek be ezin izan eben Txinako Harresi Handiko argazkirik atara, baina kasu honetan hori ez zan kearen ondorioa izan. Kosmonautearen esanetan, ’harresia lausotu eta nahastetan da eremu horretako erliebeagaz eta ezin dakikeo argazkirik atara, objetiborik handienak erabiliagaitik be’.

Bestalde, Vittorik esan eban ‘Eneida’ misinoko esperimentuetan erabilitako kirkilek txartxo be txarto pasau ebela. ‘Oraindino ezin deutsuet esan zein izan dan esperientziaren emoitzea, baina kirkil batek ez eban erditze errezik euki’. Azalpenen arabera, intsektuek grabedade barik ugaltzeko sisteman daukiezan aldakuntzak aztertu behar ziran. Vittorik ikertu eban kirkil emeek zelan ipinten ebezan arrautzak ontzi berezi batean, bai eta aztertu be, eguzkiaren erradiazinoak zelako eragina daukan hainbat saguren guruin tiroideetan. Horrezaz ganera, sukaldari be jardun eban Italiako Lazio lurraldetik zuzenean eroan ebazan produktuez egindako hainbat plater preparatuz. ‘Espazioan menuak preparetako aukerak egiaztatu behar nebazan, gustorik eta elikadura ezaugarririk galtzen ez daben osogai freskoak erabiliz’, azaldu eban ESAko astronauteak.