Sarean  IV. urtea // 108. zenbakia

Eskuko telefonoen etorkizuna


Gotzon Plaza,
informatikoa

Azken urteotako iraultzea. Orain 10 bat urte nork pentsauko eban holakorik izango genduanik? Miloeka dira munduan eskuko telefonok eta egunetik egunera modelo barriak merkaturatzen dira. Hona hemen, gure artean dagozan edo laster eukiko doguzan tramankuluon ezaugarriak:

1.- Telebista ikusteko aukera zabala. Ikerketa batzuen arabera, 2013. urtean salduko diran 600 miloe telefonoetatik erdietan baino gehiagotan telebista digitala ikusteko modua egongo da. Nokia enpresea be bat dator ikerketa horregaz eta gaur egun Finlandian eta Erresuma Batuan aprobak egiten dabiz; berbarako, Alemanian 2006an jokatuko dan futbol mundiala pausu bat izango da bide honetan aprobak egiteko.

Datorren urtean dendatan eukiko doguz holako telefonoak, sintonizadore digital eta guzti. Teknologia honek DVB-H izena dauka.

Egia esan, gaur egun badagoz egon telefonoak telebista programak ikusteko aukerea emoten dabenak baina horretarako telefoniako enpresek eskaintzen dabezan sareetatik deskargetako emonaldiak lortu behar doguz. Jakina, ez da bape merkea eta honek emonaldi horreen luzapena baldintzatuko deusku: normalean, programen laburpenak edo antzekoak baino ez dira izango. Berbarako, Vodafonek eskaintzen dauen zerbitzuen artean, eskuko telefonoetan CNN+ kateko informatiboetako laburpenak jaso geinkez.

Edozelan be, DVB-H teknologia erabiliz, ez da ezelako programarik (telebista programarik) deskargau behar, teknologiari esker, telebista digitala zuzen-zuzenean ikusiko dogu eta dozenaka telebista kate ikusteko aukerea zabalduko jaku; ganera, kostu barik ze ‘deskargarik’ ez dago. Erabiltzaileen artean egindako inkesta baten ondorioz, %70 prest egongo litzateke telefonoetan telebistea egunero ikusteko.

2.- Argazki kamara digitala. Gaur eguneko ia telefono guztiek daukie argazki kamara digitala baina hurrengo urteotako erronkea izango da, kamara horreen kalidadea hobetzea. Horretarako, kamaren lenteak hobetzea nahitaezkoa izango da.

Alemanian egindako CeBIT izeneko azokan, Samsung enpreseak bere SCH V770 telefonoa aurkeztu eban; tramankulu honek zazpi megapixeleko kapazidadea dauka eta kalidade handiko optikea (lentea).

3.- PDA-ren ordezkoa. Azken urteotan merkatuan asko zabaldu diran PDA (“agenda elektronikoa”) horreek badaukie dagoeneko ordezkoa, eskuko telefonoak, hain zuzen be. PDA honeek asko garatu dira eta hasieran agenda baten funtzinoa baino beteten ez baeben be, azkenengo modeloak ia-ia ordenadore txikiarena egiten deuskue. Programa bereziak garatu dira eta gehienak Wi-Fi konekzinoagaz plazaratzen dira: gure e-posta konsultau geinke, beragaz sinkronizau agendako zitak, lan egiteko fitxategiak deskargau, aisialdiarako jokoak be hor eukiko doguz, edozein artxibo multimedia erabilteko gai dira eta sarritan GPS interesgarriakaz horniduta dagoz. Dana dala, laster eskuko telefonoetan eukiko doguz aukera horreek danak. Nokia 7710, 9110i edo 9300 modeloek Wi-Fi konekzinorik ez baina horren ordez Bluetooh daukie, pantaila zabala, kalidade handiko kamara digitala, edozein fitxategi multimedia erabilteko aukereagaz.

4.- Jokoetarako erabilgarria. Ume guztiek erabilten dabezan PlayStation edo antzerakoak txiki geratuko dira uste baino lehen. Eskuko telefonoetako jokoak be nahiko sinpleak ziran oraintsu baina gaurko industriak begiak merkatu barri horretan jarri ditu eta jokoak gero eta aberatsagoak eta interesgarriagoak dira. Aurten, Europa mailan negozio honek 350 miloe euro mobidu ditu, edozein enpresaren interesa eragiteko moduko diru partidea. Hor dagoz ba Nokia (batez be), Samsung, Motorola edo ta Siemens enpresak, gero eta eskaintza zabalagoak luzatuz.

5.- Musikea gure telefonoan. Deiak jasoten doguzaneko musikatxuak be gero eta aberatsagoak dira baina dagoeneko MP3 formatoko musika artxiboak entzuteko aukerea eskaintzen dabe telefonoek. Hau be negozio itzela da Interneten: hor dagoz musika on-line eskaintzen dabezan “denda birtualak” eta deskargautako musikea entzuteko tramankuluak be (akaso, zabalduena Apple enpresaren iPod izango da). Dana dala, telefonoetan be badago horretarako modua: Sony Ericsson-en W800 modeloak 38 Megako kapazidadea dauka eta MP3, WMA eta ACC formatoetako artxiboak erabili daitekez (ganera, memoria txartela erabiliz, 512 Megatara gehitu leiteke). Motorola enpresea bere aldetik, Apple-eko iTunes denda birtualetik deskargetan diran musika fitxategiakaz bateragarria dan eskuko telefonoa preparetan dabil.