Zinea  IV. urtea // 108. zenbakia

After the sunset


‘After the sunset’ filman gidoilariek oso garbi daukie: badakie zelan hasi eta amaitu gura daben filma, baina bien bitartean bururatu be ez jake egiten zer egin behar dan ikus-entzuleak zine aretoko jesarlekuan gustora egon daitezan. Ahalegin batzuk, behinik behin, egin dabez, pelikula honen koktel ontzian danetarik sartu dabelako: akzino apur bat, suspense apur bat, erosotasun pitin bat eta erromantze ikutu txiki bat. Edozelan be, osogai horreetariko bakar batek be ez dauka behar besteko kalidaderik eta ez dago inondik inora koktel gozagarririk.

‘After the sunset’ pelikula honen barruan agertzen diran genero guztiak antzera erabilten izan dira beste produkzino askotan, film honetako libretoa mila biderrez eskuztatu da; ganera, pasarte komikorik gehienak be guztiz baldarrak dira. Pelikulea ez da interesgarria, ikus-entzuleak gogaitu egiten dauz eta guztiz ezgauza da.

Unekada jakin batzuetan baino ez gaitu distraiduko, batez be amaieran, hasikeratik iragarri daben lapurretea egiten danean; edozelan be, honetan be ez dira sano originalak izan, harribitxia osteko metodoa zinemagintzako beste lapurreta ospetsu batzuen imitazino merkea baino ez dalako.

Laburbilduz, Pierce Brosnan edo Salma Hayek-en miresle sutsuei be ezin dakikee honen moduko film txepel eta gatzbakorik gomendatu.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Brett Ratner.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 97 minutu.
- Antzezleak: Pierce Brosnan (Max Burdett), Salma Hayek (Lola), Woody Harrelson (Stan), Don Cheadle (Mooré), Naomie Harris (Sophie), Chris Penn (Fence), Russell Hornsby (Jean-Paul), Troy Garity (Luc), Kate Walsh (Sheila), Michael Bowen.
- Gidoia: Paul Zbyszewski eta Craig Rosenberg.
- Argazkia: Dante Spinotti.
- Muntaia: Mark Helfrich.