Zinea  IV. urtea // 108. zenbakia

Frágil


‘Frágil’ filma gaur egungo sasoietara egokituriko fabula erromatiko klasikotzat hartu leiteke. Istorio mueta honeetan jazo ohi dan legez, maitasuna modu poetikoan baizen tolesbakoan idealizauta dago, baina, era berean, errealidadeagaz tupust egiten dauen kontrapuntu modura, kanpoko edertasuna uste zintzo guztien ganetik ezartzen da.

Kanpoalde eta barrualdearen arteko burruka horretan, sentimentuen eta gure gizartean nagusi diran edertasun kanonen arteko norgehiagokan, Bajo Ulloak atsegintasunez irudikatu eta Muriel izeneko sevillatar ezezagun batek ondo be ondo antzeztaturiko protagonista ameslaria daukagu. Haregaz batera, apaltasuna eta lasaitasuna berreskuratu guran dabilen baina kontraesanez beteta dagoan David antzezle ezagun eta erakargarria agiri da.

Gauzak holan dirala, Muriel-en antzezpen bikaina albo batera itxita, batzuetan ez dau emoten ganerako antzezleek euren zeregina lar sinistu dabenik. Bestalde, ipuin honetako gidoian personaien ahoetan azaltzen diran aitamen edo hausnarketetariko batzuk, edertasunaren ingurukoa kasu baterako, sano azalekoak dira, neurriz kanpoko mutur batera eroaten diralako. Aldi berean, filman azpigai garrantzitsu modura jorraturiko zinegintzearen gaia be topikoz beteta dagoelakoa daukat.

Edozelan be, hutsuneak hutsune, Juanma Bajo Ulloa gasteiztarrak zuzendutako film hau gustora ikusten da; ganera, pelikula zintzoa da: ez dau izan gura dana baino gehiago. Eta hori gaur egunean ez da gitxi.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Juanma Bajo Ulloa.
- Herrialdea: Euskal Herria.
- Iraupena: 112 minutu.
- Antzezleak: Muriel (Venus), Julio Perillán (David), Inma Colomer (Rita), Paula Pizzi (Francesca), María Bazán (Abi), Silvia Segovia (Marta), Lidia Navarro (Isabel), Bibiana Schönhöfer (María), Violaine Estérez (Chloe), John G. Rubin (Félix), Pilar Rodríguez Zabaleta (Juana).
- Gidoia: Catalina Gilabert.
- Ekoizpena: Juanma Bajo Ulloa.
- Argazkia: Unax Mendia.
- Muntaia: Pablo Blanco.