Euskerea berbagai  IV. urtea // 108. zenbakia

D ereduak be ez


‘Hainbat ............ egurra emon deutsagu aurtengo ligean.’

a) talderi
b) taldeari
d) taldeei
e) taldei

Emoitza orokorra: 43,0. B eredua: 28,8. D eredua: 51,3

'Zein dago ondo idatzita?'

a) Garrantsia
b) Itzua
d) Saihetsa
e) Platerra

Emoitza orokorra: 52,4. B eredua: 42,1. D eredua: 58,7

Adibide horreek biak larritzeko modukoak dira.

Zelan egin behar dabe gaztetxoek berba euskeraz ez badabe mugagabea be kontroletan? Neuri izugarria iruditzen jat euskerea goizeko zortzietatik arrastiko hirurak artean aurreko liburuan ia orduz ordu (ingeleseko klasea kenduta, berbarako) daukan persona batek ezin jakitea 'hainbat' berbearen atzetik zer imini behar dauen.

Eta zelan ez dakie itsuak zetarik ez dauela jasten? Belarrietatik itsu ete dagoz? Bizkaitarrei foruen komodina emongo neuskie, s, x eta z bat bera baino ez diralako. Baina txistukariak ahoskatzen haginak ahotik kanpora bota gura dabezan ekialdeko euskalkien hiztunei esango neuskie disfuntzinoren bat daukiela ahotik eta begira, edota ez dabezala txistukariak ondo desbardintzen, edo ez dabela galderea ondo leidu... maitasunez, beti be.

Aristotelek esaten ei eban holako zeozer: ‘Ikasle bakar batek hankea sartzen dauenean azterketa batean, irakaslea ez daitela arduratu; baina klase erdiak sartzen badau hankea zulo berean, irakasleak pentsau beharko leuke bidea ez ete deutsen txarto irakatsi’. Gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoko (Euskal Herriko esatera be ausartuko nintzen, baina zelan datuak EAEkoak baino ez diran...) hezkuntza-sistemeak, hezkuntza-ereduek, irakasleek ez materialak ez dabe bermatzen ikasleen gitxieneko euskera mailea (B2, kasu honetan).

Ostera, lepoa egingo neuke gaztelaniazko azterketarik egin ezkero ikasleei, A ereduko ikasle gaituen kopurua D ereduko euskera ikasle gaituena baino handiago izango zala. Selektibidadeak be, oraindino gaur egun, hori erakusten deusku: Cervantesen hizkuntza aztertzeko proban, ikasleak espainolez daukan maila neurtzeaz ganera, oinarrizko gramatikea ezagutzea, testu-egituraketea, sintesi-gaitasuna, ikuspegi kritikoa eta beste hainbat aspektu neurtzen dira. Euskeraz, barriz, itaunaren erantzuna berbaz berba kopietan ez badozu, alperrik zabiltz.

Noizko euskeraz duintasunez eta normaltasunez biziteko eskubidea?

Xabier Paia

Aspalditik jakin izan dogu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza-ereduetako bik ez dabela gitxieneko euskera gaitasunen jaubetzea bermatzen. Ostera, azkenean bat bera be ez da salbau. Holan da. D ereduak be ez dau lortzen matrikulautako bezeroek umetik neraberako prozesuan euskeraz biziteko gitxieneko baldintzak betetea.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) A ereduan ikasten ari dan 16 urteko ikasle bakar batek be (% 100ek) ez dau euskeraz normaltasunez komuniketako gaitasunik. B ereduko ikasleen % 67k be ez. Ezta D ereduko % 32k be. Holan egiaztau dau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 16 urteko ikasleen euskera maila neurtzeko egin dauen azterketeak.

Euskal Autonomia Erkidegoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) matrikulauta dagozan 16 urteko gazteen euskera mailea neurtzeko azterketa horren bidez Euskerearen Gaitasun Agiria (EGA) baino maila bajuagoa neurtzen da, ingeleseko First Certificate azterketearen parekoa. Azterketeak bost atal eukazan: Mintzamena, Entzumena, Hizkuntza-ezagutzea, Idazmena eta Irakurmena. Eretxia emon aurretik, ikusi 1200 gaztetxoz osatutako laginak egindako azterketearen emoitzak. Zenbakiek eurek be asko dinoe berez (zuzen erantzun daben gaztetxoen kopurua adierazoten dabe ehunekoek):