Bidaide  IV. urtea // 108. zenbakia

Jaun-andreok, egin zuen apustuak!


Casino Lisboa lako joko-gelek ateak zabaldu orduko, txinatarrak sekulako pasinoagaz sartzen dira. Croupier izenekoak dagoz mahai bakotxean, beti gauza bera esaten eta mobimentu berberak egiten. Zortea alde daukan bisitariaren dirutzearen % 10 jasoko dau irabazi legez. Jokalariak adi-adi dagozan bitartean, koloretako fitxek torretxu bereziak sortzen dabez. Momentu batetik bestera danak jausi daitekez belus berdeko ozeanoan erdi galduta dagozan ugartetxu bakartiak. Jaubeak urduri dagoz eta ohi baino altuago egiten dabe berba. Akaso, euren gauzak saldu beharko dabez jokatzen segidu ahal izateko. Horretarako, bahi-denda ugari dagoz ‘Avenida do Almeida Riveiro’ inguruan. Bertan, gauez, bitxiak, erlojuak eta eskuko telefonoak erosten deutsiez jokoan suberterik izan ez daben lagunei, diru-kantidade barregarrien truke. Egunez, oportunistei saltzen deutsiez, askozaz be karuago. Halanda be, hemen, Asia osoan legez, saltzailearen eta eroslearen arteko tratua ezinbestekoa da. Horretarako, zuhur ibili behar da, pazientzia eta dramatismo ikutuagaz: ‘prezio hori lapurtzea lakoa da!’, dino erosleak, ‘merkeago saltzen badeutsut dirurik barik geratuko naz’, erantzuten deutso saltzaileak, haserre.

Orduan erakusten deusku Macaok bere alde bitxiena eta erakargarriena: txinatar arpegia atrezzo portugaldarragaz. Rua de Pedro Noraxco da Silva kaletik ibili ezkero Koi Kei gozotegia topauko dogu. Bertan ez dogu doutor dalakoa ikusiko, ezta Portugal herrialdea burura ekarriko deuskun ezaugarririk be. Izan be, Rua de Pedro Noraxco da Silva kalean, izenak berak baino ez dauka ikutu portugaldarra. Bertan dagoz noriz betetako barkillo gozoak eta Mong Ha, medikuntza tradizionalean txinatar aditua. Hori bai: bisitariak bertako berbakeran egin beharko dau berba jenteagaz komuniketako.

Portugaldar gitxi geratzen dira, populazinoaren % 2 baino ez, 1999an enklabea Txinako Herri Errepublikeari itzuli jakonetik. Kartel ofizialetan portugaldarra agiri da baina, zelan ez, aurretik txinerearen karaktere bereziakaz. Arkitektura portugaldarra be ikusi geinke. Plaza nagusiko eraikinek pastel koloreak daukiez eta baita Senatuak be. Oso eraikin dotorea da eta bertan dagoz administrazinoko bulego gehienak. Eguneroko bizimoduan be topau geinke ikutu portugaldarra, janarietan eta jaietan berbarako. Laurehun bat urteko alkarbizitzearen azken arrastoak ikusgai dagoz Macaon.

Baina, esentzian, Txina dago, eta arratsalde partean goizean baino hobeto hartu lei arnasa. Orain, lerro honeek idazten nagoan bitartean, ehunka txinatar dago suberte onaren Ama Birjineari errezetan.

Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Emagaldua hara eta hona dabil. Begiradea urrunean galduta dauka. Alboko neskeari eskua emoten deutso eta, nire kamereari begirada zorrotza zuzendu ostean, kalean behera doaz. Grabetan segiduten dot eta, niri jaramonik egin barik, badoaz euren bidean. Euretariko bat ule-horia eta argala da. Besteak ule baltza dauka eta ondo horniduta dago. Biak dira altuak eta biek itxi dabe Mendebaldeko Europa Txinan diru apur bat atarateko. Rua de Lisboa kalean lanbide bereko neska gehiago dagoz, ekialdeko neska batzukaz berbetan. Oinez goazela, gizon arraro bi hurreratu jakuz, urrunetik. Negozio honetan ez dabe kamerarik gura eta ezinbesteko ezkutuko oinarria da Macaokoko ikur erakargarriena mantentzeko: jokoa.

Aspaldi ilundu dau eta Macaoko kaleak gero eta hutsago dagoz. Neonezko kartelek bidea erakusten deutse bisitariei, zorteagaz jokatzeko bidea. Asko dira, eta gehienak Hong Kong-etik datoz. Zaletasuna itzela da, hain itzela ze konpainia bi dagoz eguneko 24 orduetan ferri-zerbitzua eskaintzen. Helikopteroan be egin daiteke ibilbidea.