Zoramenetik infernura
Gatibu kontzertu eredu barrien bila
Kontzertu-eredu barria
Etorkizunerako, kontzertu-sistemea aldatu gurako leukie gernikarrek. Gaur egungo dinamikea ez jake bape gustetan eta euskaldunen jai-giroko filosofia amaitzen dagoala uste dabe. Horregaitik, ‘saio luzeagoak egin gura doguz, gaua luzatu’. Bestela, urte biren bueltan Euskadin kontzerturik ez dala egongo dino Sarduik. Horregaitik, Gatibuk proiektu propioa diseinau dau, gau osorako: talde teloneroa + Gatibu + berbena giroko DJa + Gatibu. Hori eskainiko dabe, hain zuzen be, maiatzaren 21ean Durangoko Landako eraikinean egingo daben jaian.
‘Kontzertuen inguruko ideia barria atara gura dogu plazara, aukera gehiago eskaini gau berean. Orain arteko hutsunea garrantzitsua da eta, zoritxarrez, historian zehar kalera urteteko euki dogun ohiturea desagertzen dago’. Horregaitik, autoprodukzinoa oinarritzat hartuta, kontzertu mueta barriagaz etorriko jaku Gatibu. Ikusteko dago dinamikeak aurrera ala atzera egingo dauen. Ilusinorik ez jake falta eta ideia ez da bape txarra.
Saioa Torre Gereketa
Bero-bero dator Gatiburen azken lana. Sutan. Labatik atara barri dago Disko Infernu. Orain arteko estiloari eusten deutse baina gitarra-soinu indartsuagoak entzun daitekez. Ritxi Aizpuru Oihukako arduradunaren esanetan, ‘2005eko diskoaren aurrean egon gaitekez’. Uda-sasoia badator eta Aizpururen iragarpenari laster erantzun ahal izango jako baietz.
Ahotsaren erregistroak aldatuta jatorku Alex Sardui. ‘Estiloa mantendu dogu baina beste gauzatxu batzuk be sartu doguz’, dino. Taldearen bihotza da Sardui eta Haimar Arejita gitarreagaz, Mikel Caballero bajuagaz eta Gaizka Salazar bateriagaz batera, Euskal Herri osoko plazak animetako gogo biziz dator. ‘Talde moduan hazi egin gara’, dino, ‘ekipoa bera izan arren'. Halanda be, Zoramena lanagaz alderatuta, kolaborazino barriak topau geinkez Disko Infernu lanean. Batiz da nobedadea, eta ez da gitxiago Robe Extremoduroko abeslariak euskeraz kantetan egindako lana, daborduko entzunda daukagun arren. ‘Nire betiko amesa izan da Batizegaz jotea. Orain 25 urte ezagutzen gara eta, behingoz, alkarregaz egin dogu behar’. Fito y los Fitipaldis taldeko gitarrearen ukutua asko igarten da diskoan, baita Platero y Tú eta Extremoduro taldeetan ibilitako Iñaki Uohorena be. Berak egin dau, ganera, teknikari lana grabazinoan, urtarriletik martira Muxikako Pertika estudioetan. Albokearen soinuak ezinbestekoak dira Gatiburentzat eta horretan Iñigo Ibarretxe ibili da.
Kolaborazino guztien artean berezienetakoa Cristian Danien de Rerita errumaniarrarena da. Egunon abestian kantau dau berak, euskeraz eta errumanieraz. Abestiak ukutu etnikoa dauka, Luis Caminoren perkusinoak be -udua, darbuka eta kongak- entzungai dagozalako. Interkulturalidadea, beraz, ez jako falta lanari.
Horreei guztiei eskerrik beroenak emon gura deutsiez taldekideek. ‘Jente asko eskertu behar dogu, diskorako bidean asfaltoa jarri deuskuelako’, azaldu deusku abeslariak.
Zoramena lanagaz 20.000 disko saldu ebezan, baina zenbaki horrek ez dau ezelako helbururik marketan Gatiburentzat. ‘Saldu daitela saldu behar dana’, dinoe. Zuzenekoak dira euren apustua eta erronkea.