Esti Izagirre: 'gazteak euskerearen mundura erakartea da erronka'
Bizkaie!
Euskal Herriko mendebaldeko euskereak euskera batuari eskaini leikion ondarea ikertu, indartu, mendebaldeko euskerearen corpusa eta estatusa jagon, jorratu eta bultzatzeko helburuagaz jaiotako Mendebalde Kultura Alkarteak ‘Euskera zientifiko-teknikoa: normalizazinotik homologazinora’ IX. Jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 6 eta 7rako Bilbon.
1997an ekin eutsen jardunaldiei ‘Mendebaldeko euskerea XX. mende goienean’ gaia jorratuz eta ordutik makinatxu bat gai interesgarri jorratu ditue. Aurtengoen barri jasoteko Esti Izagirre Mendebaldeko zuzendariarengana jo dogu.
1. Aurtengo jardunaldiotarako aukeratutako gaiak jentea erakarriko ete dau?
Bai, nik uste baietz. Egia da gai oso teknikoa dala beste urte batzutako gaiakaz konparatuta eta izan leiteke beste urte batzutan etorritako entzuleen artean euskera teknikoagaz hain interesauta ez dagoan jentea egotea, baina bestalde, gai honetan interesa daukan jente barria erakarriko dau. Dana dala, Mendebalde Kultura Alkarteak antolatzen dituan jardunaldietara datorren jenteak errepetidu egiten dau eta oro har euskerea maite dauen edozeinentzako gai interesgarria dala pentsetan dot.
2. Mendebaldek Jakin eta UZEIko burua izandakoa eta euskerea batzearen ardura bizia izan dauen Joseba Intxausti omenduko dau aurten...
Omenaldia egiterakoan gure helburua gaiagaz lotuta euskeraren alde lan egin daben personak omentzea da. Joseba Intxaustik bai UZEI-n, Jakinen eta beste arlo batzutan euskeraren normalizazinoaren alde lan egin dauen laguna da eta guk urteetan egindako lan hori omendu gura dogu.
3. IX. Jardunaldiotako egitarautik zer nabarmenduko zeunke?
Gauza bat bakarrik nabarmentzea ez da erraza. Nik uste oso egitarau aberatsa dala. Alde batetik, arlo teorikoa dago Igone Zabala, Agurtzane Elordui eta Kepa Altonagak aurkeztuko dabena eta hau ekarpen barria izango dala uste dot. Bestetik, praktikarako be tartea badaukagu eta, horretarako, Arturo Elosegi, Jesús Mari Txurruka eta Jose Ramon Etxebarria ekarri gura izan doguz. Teknologiak gero eta garrantzia handiagoa daukala kontuan hartuta teknologiak gai honi egiten deutson ekarpena be aztertuko dogu. Horretan, Iñaki Alegria, Antton Gurrutxaga eta Iñaki Gaminde eukiko doguz eta azkenik, entzuleen artean parte hartze gehien sortarazoten dauena mahai ingurua izaten da. “Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eta terminología zientifiko Teknikoa” aukeratu dogu gai moduan eta Alfontso Mugika, Mertxe Olaizola, Jabi Agirre eta Xabier Kintana konbidau doguz.
4. Gaur egun 17 bazkide daukaz Mendebaldek, euren artean Andres Urrutia Euskaltzainburua. Akademiako burua bizkaitarra izateak mesede egingo ete deutso euskalkiari?
Bizkaitarra izateagaitik baino Andresek berak daukan curriculumagaitik ekarriko deutso onurea bizkaiereari, euskaltzainburu izentau baino lehenagotik -teorian eta praktikan- egin izan dauen beharragaitik, esate baterako, Mendebalde Kultura Alkarteko kide eragile izan dan urteetan egindakoagaitik. Beti be, ganera, holako goi arduretan egoteak aparteko laguntzea emon leike ze, ekintzaile izateaz ganera, erabagi estrategikoak hartzeko bidea zabaltzen dau eta Andresen kasuan zabaldu bere euskalkiaren -bizkaierearen- mesedetan.
5. Mendebalderen Euskalinguaren bosgarren alea eskuragarri dago. Kontaiguzu zelako aldizkaria dan eta zelako harrerea euki dauen aldizkariak.
Bai bosgarren alea eskuragarri dago eta jardunaldiekaz batera seigarrena bere kaleratuko dogu. Euskalingua urtean birritan kaleratzen dan aldizkari elektronikoa da, hizkuntzearen inguruko ikerketa-arlo desbardinak batzen dituan aldizkari zientifikoa hain zuzen be. Helburu moduan hizkuntza ondarea bildu, ikertu eta zabaltzea dauka eta euskal hizkuntzearen inguruan dabiltzan aditu guztientzat lekua eskaini gura dau. Nik uste oso harrera ona euki dauela baina beti be kontutan hartuta hizkuntzearen inguruko gaiak eta ikerketen inguruko aldizkari bat dala eta horrek irakurle kopurua be murrizten dauela.
6. Zeintzuk dira Mendebalderen bihar-etzirako erronkak?
Mendebalderentzat garrantzitsua dana talde moduan orain arte egin dan moduan euskerearen inguruan lan egiten jarraitzea da. Gure helburu nagusiena bizkaierearen ondarea ikertu eta bultzatzea da eta euskalki honek daukan aberastasun guztia ezagutarazotea. Erronka nagusi moduan, gazteak Mendebaldek egiten dauen lanera eta euskera mundura hurreratzea nabarmenduko neuke. Gure jardunaldietan bai entzule moduan edo eta hizlari moduan jente gaztea gero eta gehiago ikustea gurako geunke edo egiten doguzan ikerketetan parte-hartzaile moduan eukitea.