Euskerea berbagai  IV. urtea // 108. zenbakia

Euskal hiztegiak


Adorez

Bostak bat Kultur Elkarteko kideak aspalditik dagoz euskal lexikologiaren inguruan beharrean. Euskara hutsezko hiztegiak landu eta argitaratu ebezan orain urte batzuk: Sinonimoen hiztegia –antonimoduna (1983/1988/1996; Adorez Bilduma: 1,3,8), Euskararako Hiztegia (1986; Adorez 2), Euskararako hiztegia oinarrizkoa (1990; Adorez 4), Eskola Hiztegia-irudiduna (1991; Adorez 5) eta Europa Hiztegia - Eskola berrirakoa (1993; Adorez-6). Ostean, hiztegi elebidunak egiteari ekin eutsen. Holan, Dicccionario 3000 Hiztegia (1996/2002: Adorez 7) eta Diccionario escolar 3000 Eskola Hiztegia (2001; Adorez 8) hiztegi elebidunak argitaratu ebezan.

Azken hiru urteotan, barriro definiziozko euskal hiztegiak eguneratzeari ekin deutse. Holan ba, ikerketa horren emoitzea izan da barritutako hiztegi hau: ESKOLA HIZTEGIA. IRUDIDUNA. Hau da, Adorez 5 hiztegiaren edizino barria.

Hiztegi hori azken urteotan zenbait ikerketa linguistiko egin ostean lortutako emoitzak kontuan hartuta eginda dago, euskerea erabilten dabenei baliabide egokia eskura jarteko asmoagaz. Hiru dira Adorez 5 hiztegiaren edizino barriaren oinarriak: berben aukeraketea, euskalkiei egiten jaken lekua eta aditz-formen tratamentu berezia, batez be Mendebaldeko euskerearena eta Zubererearena.

Bizkaie!

Hamazortzi urte pasau dira Orotariko Euskal Hiztegiaren lehenengo liburukiak argia ikusi ebanetik. Orain, azkenengoa be kalean dago, Ut-Zuz edukia daukana. Danetara, 16 liburukik osotzen dabe hiztegia, 125.987 sarrera eta 14.028 orrialdegaz.

Koldo Mitxelenak 1970ean hasi eban lana eta Ibon Sarasolak zuzendutako zazpi laguneko lan-taldeak amaitu dau orain.

Hiztegiak, lehenengo, berbearen esanahia eskaintzen dau, gaztelaniaz. Gero, aurreko hiztegigileek esandako guztia jasoten dau. Ostean, literatur tradizinoko adibideak emoten ditu. Holan, erabiltzaileak idazle ezagunek berba hori zelan erabili daben jakin leiteke.

Datu-basea osotzea da orain lan-taldearen helburua. Edizino digitala egin gura dabe, erabiltzaileei konsultak egiteko aukera desbardinak eskaintzeko.