Euskaldunak Argentinan
- 1877an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak foruak indarrik barik ixten zituan garagarrilaren 21eko legeari erantzun guran, Buenos Aireseko euskal herritarrek Laurac Bat alkartea sortu eben. Alkartearen helburuak honakoak ziran: Argentinako euskaldun behartsuei laguntzinoa eskaintzea eta pobreak eta elbarrituak laguntzea, Europarako bidaia erraztuz. Jakina, euskal kulturea zabaltzea be helburu garrantzitsua zan eta 1878an 'Laurak Bat' aldizkaria jaio zan; lehenengo euskal jaia antolatu eta 'La Euskarina' izeneko orfeoi-orkestrea osotu zan. Kontuak kontu, 1877an Buenos Aireseko Cangallo kaleko 410 zenbakian, 'Milan' kafetegian hamahiru gazte euskaldun alkartu ziran eta horixe izan zan Argentina osoko euskal etxerik zaharrenaren sorrerea. Urte bi geroago, 225 bazkide ziran Laurak Bat Alkartean: 105 gipuzkoar, 61 bizkaitar, 46 nafar eta 13 arabar. Gaur egun, indar handikoa da Laurak Bat.
- Buenos Aireseko euskaldunek ahalegin ekonomiko handia egin eben Euskal Herriko kultur erakunde askoren biziraupenerako; berbarako, 1917an 'Laurak Bat' Euskal Etxeak urrezko 616 peso bialdu eutsozan Resurreccion Maria Azkue euskaltzale ospetsuari berak sortutako akademiak aurrera egin eian. Gogoratu, akademia hori izan zala Euskaltzaindiaren iturburua. Urtebete geroago sortu zan Euskaltzaindia.
- 1939an Argentinan 'Euskal Immigrazinoaren Aldeko Komitea' osotu zan. Komite honek eskatuta, gobernu argentinarrak dekretu bat onartu eban eta horren arabera, gerra ostean Frantzian errefuxiauta bizi ziran euskaldunei Argentinan sartzeko baimena emon jaken. Urte horretan, aita bizkaitarra eta ama nafarra zituan Roberto M. Ortiz zan Argentinako presidentea.
- 1955eko urtarrilaren 7an, Buenos Airesen Euskal-Argentinar Erakundeen Federazinoa sortu zan nazino haretako euskal etxe guztiak batzeko asmoagaz. Sorrera momentuan 23 euskal etxe izan ziran proiektuagaz bat egin ebenak.
- 1970ean, Luis F. Leloir Agirre zientzilari argentinarrak Kimikako Nobel Saria jaso eban. Euskal familia batekoa zan Leloir eta, horrezaz ganera, Euskal Ikasketen Erakunde Amerikarreko partaidea be bazan.
- 1882ko zemendiaren 1ean, Buenos Airesen frontoi bat inaugurau eben, 'Plaza Euskara' hain zuzen be. Ekitaldian, Laurak Bat Euskal Etxeko buruaz ganera, Julio A. Roca Argentinako presidentea eta Torcuato M. de Alvear, Buenos Aireseko alkate jauna be egon ziran. Inaugurazinoan, Gernikako Arbolearen hazi bat landatu eben Plaza Euskaran.
Bizkaie! // Ameriketako Euskaldunen Bizipenak // Allent
Labur-labur
- XIX. gizaldiaren amaieran, euskaldunek pelotazaletasuna zabaldu eben Buenos Airesen. Eskuzko desafiorik ospetsuenean, Txikito de Eibar (Indalezio Sarasketa, Euskal Herritik joandakoa) eta Paysandu (Pedro Zabaleta, Gualeguaychun jaioa, Uruguayn bizi zana) egon ziran aurrez aurre. Frontoain zortzi mila lagun inguru sartu ei ziran, eta dirua be polito ibili ei zan posturetan; danetara, 100.000 peso jokatu zituen (diru asko zan sasoi haretan). Datu bat: pelotearen pisua 450 gramokoa zan (gaur egungo eskuak txikitzeko modukoa). Txikito de Eibar izan zan irabazlea.
- Lehengo denporetan be euskal beharginen izen ona zabal-zabal ebilen Argentinan; behin, itsasontzi bat heldu ei zan Buenos Aireseko portura, eta hara dirudunak hurreratzen ziran beharginen bila; dirudunen eta emigranteen arteko alkarrizketetan euskaldunak asko estimetan zituen eta galiziarrak, irlandarrak eta beste herrialde batzuetakoak, ostera, baztertu. Horrezaz jabetuta, napolitar gazte eta azkar batek honako erantzuna emon eutson kontratisteari: 'io sono basco-italiano'.
- Gaur egun euskal abeslariak ospe eta arrakasta handiagaz dabilz munduan (Ainhoa Arteta...), baina antxina be baegozan kantari onak bazterretan. Altzairu eta zidarrean grabatzaile aparta zanak, hau da, Jose de Astigarraga eibartarrak, bere betiko beharra baztertu eta kantuari ekin eutson. 1896an Buenos Aireseko San Martin antzokian 'Il Pagliace' operea kantau eban eta aktuen arteko atsedenaldian, Iparragirreren 'Agur' abestu eban. Publikoak zutunik jarrita oso txaloaldi luzea eta beroa eskaini eutson.
- Argentinara heldu ziran euskal emigrante asko esnegintza sektorean hasi ziran beharrean. Esne-saltzaileak behi buruak erosten hasi ziran geldiro-geldiro, Buenos Aires inguruetan ezarri ziran 'tanbo' txikiak sortuz. Urte gitxiko epean, Argentinako bizitzan gauza arrunta zan esne-saltzailea eta euskalduna identifiketea. Kontuak kontu, XX. gizaldiaren hasikeran, 'Argentinako Batasuna' lako enpresa erraldoiak agertzen hasi ziran, eta sektore ekonomiko hau euskaldunen ondorengoen esku dago gaur egun be.