Barriketan  IV. urtea // 108. zenbakia

Itziar Bustamante: 'EHSF erreferentzia garrantzitsua da Europan eta munduan'

Aro ederragaz batera, ur hotzari agur esan eta surflariak gero eta gehiago dabiz olatuakaz dantzan. Aukera larregi barik, ostera, Mundakan eta bertakoa ei da munduko ezker olaturik onena, orain gitxira arte bai behintzat. Kontua da ze, azken boladan itsasadarrean izandako dragatze lanen ondorioz edo bestelako arrazoiengaitik, korronteak aldatu eta olatuak ez dirala lehengoak. Gai honetaz, surfaz eta surflariez, Euskadiko surf selekzinoaz eta datozen egunotan Donibane Lohitzunen izango dan Surf Filmen Nazinoarteko Jaialdiaz berba egiteko hona hemen Itziar Bustamante, Euskal Herriko Surf Federazinoko presidente izentau barriagaz egindako barriketaldia:

1. Zer moduz kargu barrian?

Oso ondo, eroso sentiduten naz eta ilusionauta nago. Surfa zaletasun handia da niretzat eta ez jat bape kostetan denpora emotea kontu honetan, gustora nago. Surfa nire bizitzako parte garrantzitsua da, beti egon naz surfaz inguratuta hondartza alboan bizi nazelako eta nire ahiztea ta nebea surflariak diralako, txapelketetan parte hartzen dodalako...; horregaitik guztiagaitik, tratetan doguzan gaiak ezagunak eta interesgarriak dira niretzako. Ganera ez nago bakarrik. EHSFn hamar personako talde bat dago, bakotxa arlo batean ezpezializauta, oso ondo egiten dabe euren lana eta erabagiak adostasunez hartzen saiatzen gara.

2. Oraindino goizegi izan daiteke aldaketetarako baina EHSFren gestinorako ze ideia edo ze erronka dozu? EHSF gidatzeko orduan aldaketarik ikusiko dogu zeugaz?

Nik nahi dodana da gauzak orain arte egin diran baizen ondo egitea. Gaur egun, EHSF erreferentzia garrantzitsua da Europan baita mundu mailan be. Europan bigarren indarra gara Frantziaren atzetik, 2000 federau inguru gara eta taldeei diru-laguntzinoak emoten deutsezan federazino bakarra gara; horrezaz ganera, 2003an ASP Surflari Profesionalen Alkartearen saria jaso genduan ‘Munduko surf erakunde onena’ kategorian, federazinoaren antxinatasuna eta ibilbidea saritzeko. Kontuak kontu, EHSFren azken urteotako gestinoagaz jarraitzea da nire asmoa baina nire ukutu personalagaz eta beti be, euskal surfa, surf eskola eta taldeak, surflariak, olatuak, gure hondartzak bultzatuz eta neskak eta umeak animatuz eta surf mundura erakarriz.

3. Euskadiko Surf Selekzinoa 12 urtetan lehiatu zan nazinoarte mailan eta Europako selekzinoen artean onenetakoa izan arren, 2001ean Europako Federazinotik kanporatua izan zan. Gaur egun, oso oker ez bagagoz, erantzun judizialaren zain zagoze. Zelan dago kontua?

Bai, holan da; prozesu judizialak luzeak izaten dira eta momentuz erantzun baten zain gagoz. Halan da be, Euskadi potentzia garrantzitsua da surfari dagokionean, Europa mailan eta erreferentzia be bada mundu mailan. Gauzak holan dirala, Europako Federazinoaren kide izan ez arren, azken hiru urteetan Itsas Joku Interkeltiarretan parte-hartzeko konbidau gaitue. Jokuotan 12 bat herrialdetako ia 1.000 lehiakidek parte-hartzen dabe. Aurten, ekitaldi horretan izango gara hirugarren aldiz. Azken bi urtetan lorturiko emoitzak ezin hobeak izan dira, izan be, lehenengo postua lortu dogu beti eta aurten be irabaztera joango gara. Lehen esan deutsudan lez, erreferentzia garrantzitsua gara, Europa eta munduko txapeldunak doguz gure surflari eta bodyboarderren artean eta selekzino ofizialik ez badogu be, gure kirolariak onenen arten egoten dira kanpora doazenean eta eurei esker Euskadi ezaguna da edonon!


4. Ikasketaz abogadua zara, ingurumen zuzenbidean aditua. Mundakako ezker olatuagaz zer pasau da zure ustez?

Mundakako olatuaren egoera kaskarra ez da gai barria. Azken 30 urteotan egin diran hainbat dragatu eta herri-lanen ondorioa da egun daukagun egoerea. Normalean, dragatuen ostean, denporea behar izaten da olatua bere jatorrizko lekura bueltetako. Kontua da ze, berreskuratze prozesu natural hori ez genduala igarten azken dragatuaren ostean, batez be, Laidako dunen berreskuratze lanakaz bat egin ebalako. Horregaitik, azken urte luzean, surflariak arduratuta ibili gara, (eta arduratuta gagoz oraindino be) olatua bere ezaugarriak galduta dagoalako. Beraz, Mundakako Surf Taldeagaz eta Mundakako Udalagaz batzartu ginan EHSFko kideak. Gure susmoak mahai gainean jarri eta azkenean Eusko Jaurlaritzeari eta Urdaibaiko Patronatuari konponbidea eskatu geuntson. Oraintsu batzartu gara aitatu erakundeotako ordezkariakaz eta oso positiboa izan da, baikor egoteko arrazoiak daukaguz. Gaur egun hainbat zientzilari dagoz olatuaren gaineko ikerketak egiten eta olatuaren ezaugarriak berreskuratzea denpora kontua baino ez dala emoten dau. Bagilaren 15ean barriro batzartuko gara eta ordurako informazino zehatzagoa eukitea espero dot; akaso, ordurako jakingo dogu noiz berreskuratuko dogun Mundakako altxorra: Europako ezker olatu onena eta munduko onenetako bat!

5. Sopelanako Peña Txuri Surf Taldeko kide zaitugu, surflari amorratua eta 2003ko Euskal Surf Zirkuitoko irabazlea. Zaletasuna txikitatik jatortzu, etxean be surf giroa izan dozulako baina kontaiguzu zure esperientzia: noiz hartu zenduzan lehenengo olatuak, anekdotak, txapelketak, sariak...

Orain sei bat urte hasi nintzan Sopelanan. Txikitatik hastea gurago izango neban baina hobe berandu inoiz ez baino! Orain, barriz, betirako engantxauta nago. Nire ahizta bikia ni baino apur bat lehenago hasi zan eta berak animau ninduan. Lehenegoz bitsetan sartu nintzanean engantxau nintzan eta pentsaizu zer izango zan niretzako lehenengo hormea hartzea... Orain hiru urte txapelketetan parte hartzea erabagi neban, batez be, beste hondartza batzuk eta beste neska surflari batzuk ezagutzeko ze ni hasi nintzanean, oso neska gitxi ginan. Ikasteko eta motibetako oso onak dira txapelketak eta ganera, niretzako sano dibertigarriak dira.

6. Bizkaian 10 surf talde inguru dagoz baina Peña Txuri da zaharrenetakoa; webgunea be badauka (www.bizi-bizirik.com) eta bazkide piloa. Urtean zehar ze ekitaldi antolatzen dozue?

Gure helburuak ingurumena zaintzea eta umeak kirol arlora eta beren beregi surf mundura erakartea dira. Ingurumenari dagokionean, urtero egiten doguz hondartzearen garbiketa eguna eta berziklatzearen aldeko kanpainea; tamarindoak landatzen doguz, txapapote eguna be antolatzen dogu... baina ekitaldirik nabarmenena “Sopelana Garbia” kanpainea da, gure herriaren ingurumena ezagutzeko eta errespetetako.

Beste alde batetik, Peña-txuri taldeak surf eskolak eskaintzen ditu udan zehar. Ganera, udan geure txapelketea antolatzen dogu Peña-txuriko bazkiden artean. Talde honen jatorrian lagun talde bat dago eta, horregaitik, bestelako jarduera batzuk be antolatzen doguz: mendira ibilaldiak, edurretara bidaiak, afariak...

7. Benetako surflariak urte osoan sartzen dira uretan, euri ala eguzki, hotz ala bero. Zein da surfaren alderik txarrena? Surfa kirola baino zeozer gehiago da?

Nik ez neuke esango surfak alde txarrik daukanik baina egia da beste kirol batzuk baino gatxagoa dala praktiketako. Naturearen menpean eta itsasoaren egoerearen, olatuen eta haizearen pentzutan zagoz; gurako zeunken momentu guztietan ezin izaten da surfeau eta momentuan momentuko aukerak aprobetxetan jakin behar izaten da ze olatu onak atrapetako sarritan hilebete be itxaron behar dozu. Beti zagoz aitatutako baldintza horreen menpean baina kirol dibertigarria eta osasungarria da eta natureagaz bat eginda egoteko aukerea emoten deutsu.

8. Gero eta neska eta ume gehiago ikusten da surf eskoletan. Etorkizuna ziurtatuta dago?

Duda barik. Azken urteotan boom handia egon da eta udako ikastaroetan neskak dira gehiengoa. Udako edozein egunetan uretan dagozan surflarien artean asko dira neskak eta txapelketetan be, gero eta neska eta ume gehiago dabiz, maila polita dago.

9. Aurtengo surf txapelketen artean, zeintzuk nabarmenduko zeunkez?

Txapelketen arloan Euskadi erreferentzia garrantzitsua da. Gero eta gehiago. Euskal Zirkuituan, berbarako, 150 persona baino gehiagok parte-hartzen dabe; sari eta azpiegitura garrantzitsuak egoten dira eta azken boladan Espaniatik etorritako surflariak be izan doguz etxean, izan be, zirkuitu zaharrena da gurea.

Horrezaz ganera, Europa eta Mundu mailako txapelketak be antolatzen doguz, besteak beste, Mundakako munduko txapelketea edota azken aldi honetan antolatutako junior txapelketak. Baina, akaso, badagoz federazinoak gogo bereziagaz antolatzen dituan bestelako txapelketak, berbarako Nesken Surf Biltzarra, neska eta emakumeei zuzendutako ekitaldi bakarra Espainian. Ekitaldi ederra izaten da mundu osotik etorritako emakumeakaz. Igaz, 170 emakumek parte hartu eben! Politena, hondartzan sortzen dan giroa da, duda barik. Emakumeen surfa bultzatzeko helburuagaz egiten da eta, horregaitik, emakumeek doban parte-hartzen dabe; danentzako sariak egoten dira eta lehengo lauren artean 1.500 € banatzen dira. Txapelketeagaz batera, animetan diran neskentzako dobaneko ikastaroak be emoten dira, ez dago edade mugarik eta danek errepetiduten dabe. Aurten, 3. edizinoa antolatuko dogu, nik uste aurreko urteotako erantzun zoragarriagaz!

Beste kontu bat be aitatuko neuke, txikerrenei zuzendutako Ikastxiki Surf Zirkuitua, hain zuzen be, txikiagoen artean surfa bultzatzeko asmoagaz. Honetan be, gazteek doban parte hartzen dabe eta danentzako egoten dira sariak. Arrakastea sekulakoa izaten da Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatu eta Bizkaia eta Gipuzkoako Surf Federazinoek antolatutako txapelketan.

Txapelketa ugari aitatu neikez, aurten ia 30 egingo dira eta gure hondartzetan! Astegoien honetan hasi eta zemendian amaituko da txapelketa sasoia; gustu guztietarako ekitaldiak izango doguz nonnahi!

10. Inoiz surfa praktikau ez dauen bati zer esango zeunskio?

Animau daitela esango neuskio. Ezer baino lehen, pazientziaz jokatu eta tematia izan daitela; olatu onak hartu ez arren, uretan egoteaz disfrutetan jakin dagiala. Uretan sartu aurretik, ikastaro bat egitea komeni da edo aholkuak eta gomendioak emongo deutsuzan lagunari jaramon egitea (urtean ganerako surflariakaz zelan jokatu behar dan, korronteak, leku arriskutsuak, zein dan momentu ona uretan sartzeko...). Lotsak baztertzea be sano garrantzitsua da, izan be, lehenengo egunean uretan sartzea ez da bromea; hori bai, hortik aurrera disfrutetea eta ondo pasetea izan beharko litzateke ardura bakarra!

Koldo Isusi Zuazo


Surf giroko jakingarriak:

- Surf Filmen Nazinoarteko Jaialdia (Donibane Lohitzunen, maiatzaren 4tik 7ra).
Donibane Lohitzuneko Jai Alai frontoian surfaren inguruko 20 film lehiatuko dira, batzuk fikzinoak, beste batzuk dokumentalak baina danak surfagaz eta itsasoagaz lotutakoak. Jaialdiaren hasierea maiatzaren 4an izango da 19:30etan baina ondorengo egunetan 15:30etatik aurrera izango dira proiekzinoak. Edozelan be, bestelako ekintzak be preparau dabez: berbaldiak, mahai-inguruak, argazki eta surf materialaren erakusketak...

- Oraintsu jokatu da Tasmaniako Shipstern Bluffen olatu handien txapelketea. Monster XXL Tube izeneko txapelketan Dylan Longbottom australiarrak irabazi eban.