Euskerea berbagai  IV. urtea // 108. zenbakia

Ezagutzaren Clusterrak erakundeen kudeaketan euskerea sartzeari buruzko txostena argitaratu dau


Gaur egun Ezagutzaren Clusterrak 164 elkarte bazkide ditu, mota askotakoak (unibertsitatea eta negozio eskolak, aholkularitzak, herri administrazioa eta enpresa). Elkarte horiek elkarren artean konpartitutako ezagutza sare baten partaide izateak aberastasun, eraginkortasun eta operatibotasun handia eskaintzen du Ezagutzaren Clusterretik martxan jarritako ekintzetan. Ekintza horien artean, kudeaketako esperientzien, tresnen eta ikuspegi berrien azterketa lagungarri izango da lehiakortasun maila hobea lortzeko, kudeaketa mailako berrikuntzaren bitartez

Bizkaie!

Ezagutzaren Clusterraren 'Euskerea eta Kudeaketa' foroak 'Euskerea enpresearen kudeaketan: gakoak eta esperientziak' izeneko txostena argitaratu dau. Helburua kudeaketan euskerea aztertzea eta haren balio erantsia erakustea da.

Foroan parte hartu daben erakundeek (Azti, Batz, EiTB, Elhuyar, EMUN, Mondragoi Eskola Politeknikoa, Este, Eusko Jaurlaritzea, Gaiker, Idom, Ikerlan, IMH, Labein, MCC, Robotiker, Tekniker, EHU, Uzei eta Visesa) talde-lana egin dabe ondoko gaien inguruan: euskerearen balio erantsia, alderdi nagusiak euskera plan bat abiarazoteko edo euskerea erakunde batean sartzeko momentuan, bai eta eragile nagusiak eta eskura dagozan baliabideak be.

Ezagutzaren Clusterreko iturrien arabera, azken hamarkadatan asko izan dira euskerearen erabilera normalizetako egindako lanak, baina lan horreen eragina mugatua izan da lan-esparruan, izan be, kudeaketan euskerea beste alor batzuetan baino gitxiago erabili izan da, batez be, erakundeen arteko idatzizko hartu-emon formaletan.

Halan da be, azken urteotan gero eta gehiago dira euren gestinoan euskerea sartzearen aldeko apustua egin dabenak. Ez bakarrik langileak euskalduntzeari dagokionean, baita antolakuntzako beste alor batzuk aztertzeari eta euskerearen erabilerea indartzeko bideratutako beste ekimen batzuk abiarazoteari dagokionean be.

Gauzak holan dirala, 2000. urtean, Ezagutzaren Clusterrak ezagutzaren trukaketarako foroa jarri eban martxan, kudeaketako euskerazko terminoen glosarioa egiteko. Foro horrek, 2002an, "Glosario de GestiĆ³n en Euskera" izenekoa argitaratu eban. Ondoren, alor horretan beste pausu bat emoteko asmoagaz, 2003ko abenduan "Euskerea eta Kudeaketea" foroa bultzatu eban, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzinoagaz.

Orain kaleratutako txosten barriak zortzi esperientzia praktiko aztertzen ditu: Batz, EiTB, ESTE/EUGT, IMH, Labein, Mondragoi Eskola Politeknikoa, Tekniker eta EHU.

Sortu zanetik, Ezagutzaren Clusterrak kudeaketako ezagutzaren barritzea sustatu, lagundu eta bultzatu dau, parte hartzen daben eragileen arteko etenbako alkarlanaren eta komunikazinoaren bitartez. Azken helburua Euskadiko enpresa sarearen lehiakortasuna hobetzea izan da.

Txostenean, hizkuntz normalizazinoaren gaian erakundeek landu dabezan bideak azaltzen dira eta esperientzia horreek aztertzean ikusi da, hartutako bidea edozein izanda be, nahitaezkoa dala erakundearen zuzendaritzea inpliketea.

Horrezaz ganera, Ezagutzaren Clusterrak administrazinoen parte hartzea beharrezkoa dala adierazo dau, egiten dan lana optimizetako euskarria eskainiz. Azkenik, euskerak enpresen antolakuntzan bete leiken lekuari buruz gogoeta egitea sano garrantzia dala nabarmendu dabe.