2004an legez kanpoko 65.000 CD eta DVD atzemon zituen EAEn
Azken buruan, igaz Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren, Donostiako Orfeoiaren, Carlos Alvarez baritonoaren eta Alfredo Kraussen omenez eginiko kontzertuek emon eutsen SGAEri diru gehien egile-eskubideen kontzeptuan. Musika modernoaren arloan, Alemaniako Rammstein taldearen, Euskal Herriko Fito y los Fitipaldisen eta 'We will rock you' ikuskizunaren emonaldietan batu zan diru gehien.
EAEko Autore eta Editoreen Elkartearen (SGAE) datuen arabera, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, Espainiako Poliziak legez kanpoko 64.515 CD eta DVD atzemon zituan igaz, 2003an baino bi aldiz gehiago, eta atxilotuak, danetara 81 izan ziran. Legez kanpoko ale gehien Araban atrapau zituen, 39.175, hain zuzen be. Gipuzkoan, 12.813 topau zituen eta Bizkaian, barriz, 12.527.
EAEko SGAEk egile eskubideetan batutako dirua % 9,4 igon zan 2004an: zehatz esateko 19 miloe euro batu zituan, 2003an baino 1,6 miloe euro gehiago. Alkarteko arduradunen arabera, igoerea euskarri digitalen kopia pribatuen egile-eskubideei esker izan da gehienbat. Bestalde, musika klasikoko kontzertuek eragindako egile eskubideak (124.862 euro) % 10,7 hazi ziran, musika modernokoak (944.424) % 0,2, eta antzerkigintzeak eragindakoak % 4,3 murriztu ziran. Edozelan be, jatsierarik handiena, jatorrizko diskoen salmentatan igarri da (% 7,3 egin dau behera), pirateriak eta Internetek eraginda, SGAEko arduradunen arabera. Ignacio Casado SGAEko ordezkariak jakinarazo dauenez, EAE da Internetetik legez kanpo kantu gehien bajatuten dituan erkidegoa. Igaz 280 miloe fitxategi bajatu ziran Internetetik, 2003an baino ehun miloe gehiago. Casado jn.aren eretxiz, oso larria da egoerea musikearen industrian eta ikus-entzunezkoen arloan be hasi dira eragina igarten. SGAEko ordezkariaren esanetan, etorkizuna gero eta baltzago dago.