Eusko Legebiltzarraren eraketea
25 urte ezbaian
Azken buruan, aukeraketea eginda eta politikariak saioa amaitzeko egozala, argia joan zan Gernikako Batzar Etxean eta batek baino gehiagok ekitaldiaren kontrako atentadua zala pentsau eban. Juan José Pujanak berak azaldu ebanez, kontua zan argi indar gitxi egoala egoitzan kazetarien beharrizan handiak asetzeko.
Holan amaitu zan Eusko Legebiltzarraren lehenengo ekitaldi ofiziala. Hurrengoan, apirilaren 9an egindakoan, Karlos Garaikoetxea aukeratu eben lehendakari.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Gasteizen dan Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziranetik, alderdi politikoak ezbaian dabiz etorkizunean gure Herriak hartu behar dauen bidea erabagiteko eta hurrengo urteetan Autonomi Erkidegoko hiru lurraldeotan zein izango ete dan Gobernua osotuko daben talde politikoak zehazteko.
Dana dala, lehenengo pausua Legebiltzarraren osoketea izango dogu eta gero lehendakaria aukeratzea.
Aurrekariak
Guk besterik uste badogu be, Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrak 25 urte baino ez daukaz. Atzera egin eta 1980ko martiaren 31ra jo behar dogu. Aurreko urteko urriaren 26an ospatutako erreferendumak baietza emon eutson Autonomia Estatutu barriari, Gernikako Estatutua izenagaz ezagutzen dogunari, eta Estatutu horrek holan aginduta, Eusko Legebiltzarra osotu zan. Horretarako, beste hauteskunde batzuk egin ziran 1980ko martiaren 9an eta emoitzea EAJ alderdiaren aldekoa izan zan, orduko Legebiltzarreko 60 jesarlekutatik 25 lortuz.
Gasteiz aukeratzea
Lehenengo eta behin, Autonomia Estatutuaren eraginez sortutako erakunde barriak eta, batez be, lehendakariaren eta Legebiltzarraren egoitzak non egongo ziran erabagi behar zan. Martiaren 30ean EAJk Jaurlaritzearen eta Legebiltzarraren egoitzak Gasteizen kokatzea erabagi eban eta horretarako arrazoiak azpiegitura hobeak, uriaren ohitura administratibo ona, Gasteizen egoan eraikinen eskaintza zabala eta azkenik polizia autonomoa (miñoiak) beharrean egotea izan ziran. Kontuak kontu, aldi baterako kokapena baino ez zan, behin Nafarroa beste euskal lurraldeakaz batera egonda, uriburua Iruñea izango litzatekelako. Ajuria Enea, beraz, Lehendakaritzearen egoitzarako aukeratu eben eta Legebiltzarra non kokatu baino ez zan falta.
Lehenengo saioa Gernikan
Legebiltzarra hainbat arinen osotu beharra egoan eta hauteskundeetatik urtendako legebiltzarkideak Gernikan batu ziran, oraindino Legebiltzarrak berak erabiliko eban egoitzea, gaur egun ezagutzen dogun hori, atondu barik egoalako. Beraz, Gernikako Batzar Etxea erabili eben Eusko Legebiltzarraren lehenengo batzarra egiteko.
Aukeratuak 60 legebiltzarkide izan baziran be, (gaur egun 75 dira legebiltzarkideak) 49 baino ez ziran batzarrera joan, orduko Herri Batasunaren ordezkariek, (danetara 11) uko egin eutsielako Legebiltzarrera joateari.
Martiaren 31n, eguerdiko 12etan lehenengo beharra Legebiltzarra bera osotzea izan zan. Saioa Jesus Mª Leizaola, legebiltzarkiderik zaharrenak gidatu eban. Aukeratuak Gernikako arbolapean jarri eta barrutik izena esan ostean, banan banan sartu ziran Batzar Etxera. Behin danak barruan egozala, Legebiltzarra osotu eta goizeko saioari amaierea emon eutsen. Bien bitartean, kanpoaldean espetxeratuen senideek, langabezian egozan beharginek eta euskera irakasleek manifestazinoa egin eben.
Legebiltzarkideek batera jan eben Gernikako jatetxe batean eta arratsaldeko bost t´erdietan arautegia berbatzeari ekin eutsien. Gauzak holan dirala, Legebiltzarreko lehendakaria aukeratzea baino ez zan geratzen.
Arautegiko arauak banan banan eztabaidatu ziran, eta lehenengo arauak baino ez eban lortu legebiltzarkide guztien adostasuna, beste guztien gainean zeresan handiak sortu ziralarik. Berbarako, giroa asko berotu zan orduan Euskadiko Ezkerran egoan Mario Onaindiak arautegiko hitzaurrean Euskadi “z” letreagaz idatzita agertzen zala salatu ebanean. Kontuak kontu, azkenean arautegia onartu eta gaueko hamabietan Juan Jose Pujana EAJko kidea izan zan aukeratua Legebiltzarreko Lehendakaritzarako, danetara 25 boto lortu ebazan, hau da, haren alderdikideenak. Atzetik geratu ziran sozialistak aurkeztutako José Antonio Agiriano, orduko UCDko Jaime Mayor Oreja edota AP alderdiak aurkeztutako Santiago Griño. Bitxikeria lez esango dogu Banco de Vizcayaren aldeko botoa egon zala tartean.