Jan-edanak  IV. urtea // 108. zenbakia

A okratoxina ardaoetan

Ardaogintzeari dagokionean, ardao baltza da A okratoxina izateko arrisku gehien dauena; gorriek, barriz, gitxiago eta zuriek gitxien; horrek pentsarazoten deusku beratze aldia eta A okratoxinak muztioan urtzeko dauen gaitasuna erabagiorrak dirala. Edozelan be, ardaoetan A okratoxinaren konzentrazinoa ardao klarifikanteen erabilereagaz bajatuten da eta horreen artean, ikatz aktiboa izan daiteke eragingarriena substantzia horren kontra.

Esandakoak esanda, behar beharrezkoak dira mahastien zainketa zehatza eta tratamenduen kontrola honddoen erasoei aurre egiteko.

Imanol Sarasola,
enologoa

Gero eta zehatzagoak dira elikagaiei egiten jakezan kontrolak, honeen osogaiak aztertu eta egokitasuna neurtzeko. Ardaoei be egiten jakez azterketak, zelan ez. Ardaoaren kanporako salmentetan arazo bihurtzen ari da substantzia bat eta inoiz kontzentrazino altuegia izateagaitik, jatorrizko herrialdera bueltatua be izan da ardaoa. A okratoxina da, minbizia eragin leiken substantzia, hain zuzen be.

Orain arte A okratoxinaren legezko mugak egon dira zerealetan eta mahaspasetan baina aurten Europako Batasunak kafean eta ardaoetan be mugak zeintzuk izango diran erabagi dau: kafe txigortu eta eihotako kafean 0,005 gramu; kafe disolbagarriaren kasuan, barriz, 0,010 gramu. Ardaoan eta mahatsagaz egindako edarietan 0,002 gramukoa da muga ( EBren 123 /2005 araua).

A okratoxina zenbait honddok sortutako substantzia bat da (mikotoxina). Honddo horreek elikagaietan hazten diranean, A okratoxina elikagaietara pasetan da eta horreetatik gizakiotara.

1965ean topau eben Afrikan Van der Merwe eta bere laguntzaileek artoetan. Ordutik, hainbat elikagaietan atzemon dabe, zereal, lekari, espezie, kafe, kakao, frutu siku, okela, koko, garagardao eta baita ardaoan be.

Gizakiongan organu desbardinetan eragin leike kaltea, batez be, gultzurrunetan baina gaisotasun inmunotoxikoak, neurotoxikoak eta bestelakoak be sortarazo leikez. Gauzak holan dirala, esan beharrik be ez dago elikagaiotan substantzia honen gaineko kontrola nahitaezkoa dala.

Ikerlari batzuen esanetan, A okratoxina, batez be, zerealetan agertzen da (% 50); dana dala, ikerlari horreek dinoe ardaoan be sarri agertzen dan substantzia dala (% 20).

Ardaoetako A okratoxina, Aspergillus honddoak (gehienbat Aspergillus carbonarius) kutsatutako mahatsak dakar kasu gehienetan. Hau eta beste honddo batzuk ager daitekez usteldura grisa (botritisa) daben mahatsen inguruan, aurreko artikulu baten azaldu genduan lez.

A okratoxina sortzen daben honddoek mahatsa erasoteko daben eragin horretan ezaugarri batzuen eragina kontuan hartzea komeni da, besteak beste, latitudea: hegoaldeko mahastiek arrisku handiagoa dabe iparraldekoek baino. Eguraldia beste ezaugarri bat da: urte euritsuak arriskutsuagoak dira, A okratoxina errazago agertzen dalako.