Jardun, ari, zertu eta ibili
Jardun
'Andrea eta biok Madrilera joan ginan eta bertan jardun gendun lehenengo aldiz'
Imajinazino beroko irakurleek honezkero pentsauko ebenez, esaldi honen interpretazinoa egiteko ezinbestekoa da senar-emazte horreen gustuak ezagutzea edo senarrak aurretik zer esan dauen jakitea; bestela esanda, testuingururik barik ezingo geunke holako esaldirik itzuli, ezta berbaz berbako itzulpena eginda be. Pasau lei senarra sexu kontuez ibiltea berbetan, edo andreagaz jantzan lehenengo biderrez egin eban aldiaz. Zertan jardun eben, andreak eta senarrak baino ez dabe jakingo.
Ari
'[...] Bilbora joan zan barberu eta ordutik horretan ari da.'
Hau adibideau errazagoa da espliketako, badakit, baina honen adierazgarritasuna ez dago itzulpenean, esangura kopuruan baino. Izan be, 'ari' aditzak esangura asko euki leikez testuinguruaren arabera, testuinguru hori behar dan lez mugatu behar dan arren. Adibidean, berbarako, gizaki hilkor gehienek pentsauko dabe Bilbora joandako morroia barberu beharrean dabilela hara joan zanetik, baina gauzak errotik aldatuko litzatekez hizlariak aurreko esaldian morroiari graffitiak egitea gustetan jakola esan izan baleu. Adi egoteko aditza bada, behintzat.
Zertu
'Hori zera hori ezin dogu bere horretan laga. [...] Hori, hori... zertu beharra dago.'
Hizlari honi behin baino gehiagotan egin behar izan deutsat intepretazinoa eta aldi guztietan sormena, imajinazinoa eta erreflejuak labur geratu jataz. Seguruenik, emondako adibideetatik hau berau izango da krudelena edo testuingururik zabalena izango dauen aukerea. Aditz hau erabilteak hutsune nabarmena islatzen dau hizlariarengan, jenteak ez dauelako ulertuko zer esan gura dauen berak be zer dinon ez dakielako. Dudarik barik, hori, hori... konpondu beharra dago.
Ibili
'Horrek andrea neskame lez ibilten dau. Ezin esan lei fin dabilenik, ez!'
Euskerearen inguruko egoeren kontestu larregi ezagutzen ez dauenak pentsau leike hau aditzau gaztelaniazko 'andar' edo frantsesezko 'marcher' baliokideen lehengusua dala, baina bizkaieraz edozer gauza 'ibilten' da. 'Ibili' aditzagaz edozer gauza esan lei. Hortaz, entzuleak adi egon behar dau aditzaren benetako esangurea zein dan jakiteko.
Adibide batzuetan muturreko kasuak egon arren, eguneroko bizitzan pasau leitekezan adibideak dira. Beraz, jakin gura badozue zertaz ari dan artikulua, argi ibili, adimena zertu eta artez jardun!
Xabier Paia
Itzulpengintzearen arloan sano denpora laburra badaroat be, artikulu honetara dakardazan lau aditzak sarritan sufridu behar izan dodazan lau elementu dira, euskal hiztun askok eta askok hitz-jario etenbakoari edo hiztegi zehaztasun ezari urtenbideren bat emoteko izaten dabezan helduleku arruntenak, hain zuzen be.
Hizkuntza guztietan egoten dira makuluak, komodinak edo larritasun-ziurbakotasun uneren batean aurrera egiteko heldulekuak. Holakoetan, ostera, zehaztasunetik anbiguotasunera joten dogu eta ez dago arazorik baldin eta inflexino puntu labur bat baino ez bada. Halanda be, gure berbaldiak holako makulu ugari erabilten dauzanean, akaburako herrenka ibilten gara.
Lau aditz horreek izaten dabezan zailtasunak zerikusi handia dauka euren testuinguru zabalagaz; izan be, aditzok testuinguru eta egoera ugaritan topau geinkez, euren zehaztasun zabal edo definidu bakoa oso moldakorra dalako. Bide batez, adibideetako esaldiak bene-benetakoak dira.