Makailao solomoa patata gorriakaz eta piper morroi saltseagaz
Osogaiak: (4 lagunentzako)
200 gramuko lau makailao solomo.
Oliba-orioa berakatzagaz.
4 piper morroi.
3 patata gorri.
Maizena apur bat, ur hotzetan deseginda.
Zelan egin:
Lehenengo, piper morroiak erreko doguz plantxan. Gero, plater baten itxi eta hareen ura erabiliko dogu makailaoagaz jateko.
Beste alde batetik, patata gorria egosi eta ostean, lauhortz bategaz txikitu eta oliba-orioagaz eta gatz apur bategaz, gorde egingo dogu. Ostean, makailaoa zartagin baten erreko dogu, azala daukan aldetik, eta berakatzagaz erretako oliba- oriotan jarriko dogu, su motelean konfitetako.
Azkenik, errezetea amaitzeko, plater sakon bat hartu eta erdian patata gorri txikitua jarriko dogu. Ganean, makailaoa eta inguruan, maizeneagaz sendotutako piper morroi saltsea.
BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria
Kaixo irakurleok. Beste plater bat egin orduko, denporaldiko produktu batzuk izentauko doguz, jakitun egoteko merkadua zelan dagoan.
Ortutik datozan produktuen artean, honeek oso ezagunak dira: frantsesporru naturalak, baba freskoak edota babak eta piper berdeak. Fruten artean, mailukiak be hor dagoz. Basotik jatorkun produktu bat be badaukagu, perretxikoa hain zuzen be. Arrantzatik, barriz, aldaketa-sasoian gagozan legez, berdel gitxi atrapau ostean, antxoa dago ur azalean, gure arrantzaleen eskura noiz helduko itxaron beharko dogun arren, ze eskas ei dabil. Laster hasiko dira, erreboilua, barbarina eta txipiroiak be. Eta gaurkoz, errezetea egin baino lehen, baserriko produktuetara joko dogu eta bertan arkumeak, ahuntz kumeak, mamiak, gaztai freskoa eta aurreko denporaldiko gaztai sikua topauko doguz egunotan jateko. Aurreko denporaldia pasa dan udagoiena izan zan (badakizue ardiek eta ahuntzek haurdunaldi bi daukiezana urtean zehar).