Euskaldunok munduan  IV. urtea // 107. zenbakia

Mario Salegi kazetari eta idazlea hil da New Yorken


Iratxe Ormatza

Mario Salegi Ostolaza AEBetako euskaldunen artean ezaguna da. Izan be, Euskal Herritik joandako hainbat gizon eta andra hartu ebazan, bere emazte Miriam Nurnberg-egaz batera, New Yorken izan eban etxean. Esaten ei eutsen: 'Geratu zaitez denpora batez, ikasi ahal dozun guztia, eta etxera bueltau'.

New Yorken bizi zan, Manhattan auzoan. Azken hilabete eta erdia New Yorkeko Mount Sinai ospitalean emon eban. Birritan koman sartu zan eta bietan izartu zan. Azkenean burua argi eukala hil zan orain egun batzuk. Gorpua erraustu eta errautsen erdia Euskal Herrira ekarriko dabe, berton zabaltzeko. Euskal Herrira sarri etorri izan da azken urteotan. Mario Salegi orain dala hirurogei urte baino gehiago joan zan Euskal Herritik, eta 1946tik AEBetako uritarra zan.

Mario Salegik eta Miriam Nurnberg-ek 1960ko hamarkadan 'Committee of Americans for Basque Survival' sortu eben. Helburua Euskal Herriko auziaren ganeko informazinoa aragitaratzea eta zabaltzea izan zan. Salegik igarri eban AEBetan informazino gitxi egoala. Haren ustez, diasporeak garrantzi handia eukan eta loturak sendotu behar ziralakoan egoan. Behar egin eban Euskal Herriaren ganeko albisteak zabaltzeko eta bidebakokeriak salatzeko. 2003ko zezeilaren 20an, Euskaldunon Egunkaria zarratu ebenean, konzentrazinoa deitu eban Nazio Batuen Erakundearen egoitzearen aurrean.

Umezaro gazi-gozoa izan eban: 'ama hemeretzi urteko gazte ezkonbakoa zan munduratu eustanean. Amak, ni ez galtzeko, izekoren etxera eroan ninduan eta hori, azkenean, benetako sorgin bat izan zan niretzat. Portuan bizi ginan eta, han, nik izan ezik, mundu guztiak ezagutzen eban aita. Aitak eskolak pagetan eustazan eskola pribadu onenetan'.

Gazte-gazterik hasi zan sinisten ebana defendiduten. Hamalau-hamabost urte baino ez eukazan alderdi komunistan sartu zanean. Hamazazpi urtegaz, lagun bigaz batera, oinez joan zan Pariseraino, faxismoaren kontrako nazinoarteko jardunaldietara. Han, Stalinen politiken eta indarkeriaren barri izan eban, eta alderdia itxi eban. Gero, Jagi Jagi mobimentura hurreratu zan. Gerra Zibilean burrukan ibili zan eta ANVren Euzko Indarra batailoiaren sortzaileen artean egon zan. Santoñako Itunaren ostean, beste gudari askoren moduan, atxilotu eta El Dueson sartu eben. 1944ra arte Francoren Armadeagaz lan behartuetan egon zan, handik atara eben zerbitzua egiteko aginduagaz. Halanda be, desertau eta Red Alavagaz jardun eban, EAJko erresistentzia egintzatan. Baina iges egin behar izan eban, New Yorkera. Han, AEBetako soldaduakaz batera, II. Mundu Gerran ibili zan burrukan.

Europara etorri zan barriro be 1946an, Parisen Eusko Jaurlaritzako eta EAJtako kideakaz batzeko, eta aitagaz be alkartu zan. Gogobakotuta urten eban batzarretik, ames oso desbardinak eukazan eta. Halanda guzti be, New Yorken Jose Antonio Agirre lehendakariagaz eta Jesus Galindezegaz hartu-emonak izan ebazan.

Hurrengo urteetan Mexikon eta AEBetan bizi izan zan. Mexikon itzulpengintzan eta kezataritzan jardun eban Novedades eta Daily News argitalpenetan, eta Patria eta Cesarmen argitaletxeetan. Atzera AEBetara joan, eta La Opinion kazetarako korresponsal lanetan ibili zan Guatemala, Costa Rica, Brasil eta Argentinan. AEBetan arazoak izan ebazan, MacCarthy-ren politika anti-ezkertiarragaitik, eta negozio bat zabaltzea erabagi eban: Ibero American Books, gaztelaniaz idatzitako liburuen dendea.

1960ko hamarkadan hasi zan Euskal Herrirako loturea estututen. Eta 'Committee of Americans for Basque Survival' sortu eban. Salegik uste eban Euskal Herria gehiago ezagutarazo behar zala munduan eta hori leitekeana zala diasporan euskaldun asko egoan-eta. Salagiren berbetan, 'Estadu Batuetan ia 50.000 euskaldun dagoz, baina Urugai, Argentina eta Txileren artean miloe erdi baino gehiago dira'.

Liburu bi argitaratu ebazan: 'Morir en Irun' (1980), 1977an Planeta sarian finalista izan zana, eta 'Operacion Carlomagno' (1988). 'Expediente vasco. CIA y FBI en Euskal Herria' liburuaren berbaurrea idatzi eban. Aitatutakoa baino askoz gehiago idatzi eban, eta laster hainbat idatzi argitaratuko dabez. Haren ganeko liburua idatzi eban Iñaki Egañak: 'Mario Salegi. La pasion del siglo XX', Salegigaz izandako alkarrizketen biografia-liburua.