Bidaide  IV. urtea // 107. zenbakia

Hong Kong, berunezko oihana


Oraingoan bai, gauzak behar dan moduan. Azkenean, Ekialde Urrunerantz hartu dogu bidea. Pozez beteta gagoz eta gai bakarra daukagu buruan. Hori berbaldietan, gorputzean daukagun urduritasunean, lo-kukuetan... igarten da. Ordu batzuk geroago, egunsentiak iluntasuna bitan zatitzen dau eta itxaroten gengozan momentua heltzen da: ‘Bidaiari jaun-andreak, minutu batzuk barru lurreratuko gara...’. Pilotua isilik geratzen da eta Txina hodei artean agertzen da. Hong Kong-ek haginak erakusten deuskuz eta eta gu bete-betean sartzen gara.

Uriburuak, gustau ala ez, aparteko enkantua dauka. Ikusgarria da. Hemen, airea berunezkoa da, beroa, hezetasuna eta kutsadurea dala-eta. Ekonomiaren ikuspuntutik, Ekialdeko harribitxia dan uriburuan gagoz baina Hong Kong-ek ez dauka harribitxi usainik. Egia esateko, okela errearen edo astiro-astiro egindako tripen usaina dago hemen. Hori guztia batu ezkero, zopa gozoak urtetan dau. Kalean saltzen daben jateko usaina dago, pausu bakotxeko usain bat. Medikuntza naturalaren dendearen aurrean eukalipto usaina, zumo-denden aurrean eguneko fruta usaina, pilatutako erropa usaina, Mc Donald´s aurrean hanburgesa usaina, jente usaina. Jentea. Jente asko. Zazpi miloe lagun 1.092 kilometro koadrotan. Populazinoaren % 95 txinatarra da baina beste herrialde batzutako asiarrak eta afrikarrak be topau geinkez, etorkizun duinago baten bila etorritakoak.

Mendebaldar asko be badagoz, puntako teknologiako tramankuluren bat prezio onean erostera (egon badagoz) etorri diranak. Berton biziten be badagoz batzuk, erkidego autonomo hau aberats egin dauen negozioan bete-betean sartuta: finantzak. Horregaitik dagoz horrenbeste etxeorratz. Perretxikoak legez hazten dira hemen, zein baino zein altuago. Urrunetik ikusita, badiatik, gizon altu eta argalak emoten dabe. Laster eregiko daben 102 pisuko berunezko erraldoia eurak baino altuagoa izango da. Paisajean eukiko dauen nagusitasuna ikur garrantzitsua izango da uriarentzat.

Baina askoz be gehiago dago. Kaleak jentez ganezka dagoz eta kolorea da nagusi. Hainbat kartel dagoz, iragarkiak, pantaila erraldoiak... Gero, atzean, lotsa barik agertzen jakuz eraikin sendoak, zikin eta zaindu barik, jenteak lotarako baino erabilten ez dituanak.

Giro alaia eta frenetikoa dago artikulua idazten nagoan ziberleku honetan eta zaratotsagaz zoratzeko puntuan nago. Nire eskuman dagoan umeak hil ditu daborduko estarlurtar guztiak eta pozik doa etxerantz. Burua lehertu egingo jatala sentiduten dot.

Bihar Macaon egongo gara. Antza, leku trankila da eta jokoa gustetan jaken personak sarritan joaten dira hara.

Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Hostaletik hur dagoan ziberkafe batean lerro honeek idazten dodazan bitartean, hamabi urte inguruko ume txinatar batek ordenadoreko monitorean urtetan daben munstro guztiak hilten ditu, saguari indarrez astinduta. Aurrean daukan ordenadorearen bozgorailuetatik musika zaratatsu eta monotonoa entzuten da eta ziberlekuan dagozan beste hogei edo hogeta hamar bideojoko-zale txinatarren ordenadoreen musikeagaz nahastetan da.

Ni pentsetan ahalegintzen naz, bidaia hasi genduneko lehenengo egunetik hona pasau dana burura ekarriz. Baina idatzi ahal izango dodan ala ez... hori beste kontu bat da. Ordenadore honetan, letrak botoien erdian dagoz eta ideogramak alboetan. Lehenengoak ikusi be ez dira egiten eta bigarrenak, tekladuak daukan zikintasuna kontuan hartuta, kamuflauta dagoz. Egia esan, ziberleku osoa dago holan. Hasi gaitezan.

Boeing 737ak hamar minutuko atzerapenagaz urten dau Bilbotik. Bilbo gero eta txikiagoa egiten doa eta, handik gitxira, zeru ilun eta bustian gagoz sartuta. Atzean geratu da familia, pazientziaz eta etsipenez beteta. Bigarren hegaldiak Frankfurt-etik Hong Kong-era daroazku. Urten baino lehenago, aireratzeko momentuan, pilotoak balaztak indarrez sakatu ditu eta susto galanta hartu dot. Zigor laster hasi da berbetan: ‘Erroberea errementauko zan. Gogoratzen dozu aireratu baino lehenago lurra jo eban Concord ha? Ez eban inork bizirik urten’. Istripua euki ezkero, jazotakoa ez deutsat inori be kontau behar izango eta horrek lasaitu nau. Bigarren saiakerea itxarongo dot.