Muñagorriren helburua: Bakea eta Foruak
Berastegiko altzeteak huts egin eban eta Muñagorrik bere aldekoak hartuta mugaz beste aldera jo behar iza eban. Horrek, ostera, ez eban Muñagorriren azkenik ekarri, eta aurrera jarraitu eban Baionan ezarritako Batzorde baten oinarrituta han eta hemen karlisten aldean egozan euskal buruzagiak bere proklamara batzen.
Espainiako gobernua, barriz, interesa galtzen hasi zan Muñagorrirengan eta beste bide batzuk arakatzeari ekin eutson gerrea amaitzeko eta karlistak menpean hartzeko. Muñagorrik Baionatik bultzatu ebana ondokoa izan zan: Karlosen kausea eta foruen aldeko euskaldunen jokerea bereiztutea. Baina ez zan lan erraza izan, batez be abadeen kontrako jarrereagaitik eta indarra eben karlistak ez jakozalako batu.
Azkenean, lurralde zati bat askatzen ahalegindu ondoren eta bertatik 'Bakea eta Foruak' banderearen aldeko indarrak batzen ibili ostean, Gobernuak bere laguntzinoa ukatu egin eutson, eta bertan behera gelditu zan berastegiarraren bandoa.
Gerrea Bergarako besarkadeagaz amaitu zan 1839ko abuztuaren 31n, Karlos erbestean, foruak kili-kolo eta Euskal Herria hondatuta egozala. Ia-ia ez egoan ez bakerik ez forurik, eta handik belaunaldi batera beste gerra bat biztu zan, harik eta geratzen ziran eskubide apurrak erabat galdu arte.
Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.
Muñagorri ez dogu gaur egun ezagunegia; akaso Benito Lertxundik abestuten dauen kantuagaitik ez balitz, inor ez litzateke gauza izango nor izan zan jakiteko. Honek ez dau esan gura bere sasoian garrantziarik izan ez ebanik.
Baina, nor izan genduan Muñagorri hau? Izenez Jose Antonio de Muñagorri zan eta ogibidez eskribaua bere jaioterria zan Berastegin. Baina orain arte esandakoakaitik ez zan historiara pasau izango eta bai horrezaz aparte, lehenengo Gerra Karlistan izan eban parte hartzeagaitik. Hain zuzen be 1838an aldarrikatu eban bere 'proklamea', bakea eta foruak eskatuz.
Fernando II.a Espainiako erregea hil zanean, hautagai bi aurkeztu ziran bere postua beteteko. Batetik, haren alaba Isabel II.a eta Fernandoren anaia zan Karlos. Hauxe izan zan gerrea hasteko atxakia nagusia. Baina, atxakiak atxakia, sustraian egoana ez zan dinastian zeinentzat zan tronua erabagitea, ze azpitik jokoan egoana sakonagoa zan. Gizartearen ikuspegi bi egozan jokoan, karlistena eta liberalena edo isabelinoena. Lehenagoko ikuspegia eebenena eta Europatik etozan haize barrien alde jarri ziranena.
Muñagorri, liberala izan arren, ez egoan tradizionalistek gogoko zituen foruen kontra. Hirugarren bide bat zabaltzearen aldekoa zan. Baina zelan ekin bide horri hain polarizauta egoan gizarte baten?
Aukerea gerreak berak ekarri eutson. 1838an euskaldunek bost urte eroiezan alkarren kontra ekiten. Hainbat lagun kartzelan, beste asko soldadu, zergak gora eta gora... Egoera okerretik txarragora. Horretan jarri zan Muñagorri liberalakaz hartu-emonetan eta Madrileko gobernuaren baimenagaz altzau zan, bere jaioterrian, Berastegin, 'Bakea eta Foruak' aldarrikatuz.
Mezu hau zabaltzeko eta karlisten arteko jentea bereganatzeko erabili eban moduetako bat bertso papelena izan zan, eta horreen artean sartu behar doguz Lertxundik kantetan dituanak, sasoi hareetako propaganda modua hain zuzen be.