Eleiza Katolikoak be errespetua merezidu dau
Iñaki Atxutegi
Orain pare bat hilabete kalean galdetzen hasi ezkero, gehienok antzeko kontua erantzungo geunke, hau da, erlijinoak eta batez be, Eleiza Katolikoak ez daukala garrantzia berezirik gure eguneroko bizitzan. Arinkeri handiz egindako adierazpenak, duda barik.
Egunotan galdetu ezkero, ostera, erantzuna bestelakoa izango litzatekela uste dot. Fededunak eta fedebakoak, sinisten dabenak eta paso egiten dabenak Erromara begira egon gara eta bertan pasau danaren ganean gure eretxia emon dogu. Onartu gura ala ez, Eleizeak badauka oraindino zer esaterik XXI. gizaldi honetan. Gitxien espero genduzanen ahotik entzun izan doguz azken asteetako jazoeren ganeko komentarioak. Ez dau emoten, beraz, erlijinogaz lotutakoa horren garrantzibakoa danik.
Benetan harrigarria iruditu jat erlijinogaz zerikusirik ez daukien askok Ratzinger Aita Santu barriaren ganeko euren erispideak emoteko horrenbesteko ardura eta pasinoa izatea. Iraganeko kontua ei danak, erlijinoak hain zuzen be, oraindino astrapalea sortarazoten dau gure gizartean. Sikeran kritiketako, badirudi gizarte laiko honetan badagozala Eleizaren ganean berba eginaz gozetan edo disfrutetan dabenak.
Sarri askotan, edukazinoagaitik edo, esan izan da ez dala egokia erakunde jakin bateko barruko bizitzan musturra sartzea, are gitxiago, erakundearen parte sentiduten ez garanean. Edukazino txarrekoa ei da. Ez da hori beteten Eleiza Katolikoari jagokonez. Edukazino printzipio hori erraz ahaztuten da. Denak, ateoak diranak be bardin, jo eta fuego ikusi izan doguz Benedikto XVI.aren ganean danetik esaten, batez be, haren jarrera ideologiko konserbadoreak kritiketan.
Ez dot esango nik Eleiza Katolikoak kritikarik merezi ez dauenik, ez horixe. Are gehiago, Mendebaldeko gizartean aktore publiko diran guztiak kritikak jasoten dabez euren lan, adierazpen edo jarrera zehatzengaitik. Egia da Eleiza Katolikoak musturra sartzen dauela gizartearen kontuetan, ustez zehatz ezagutzen ez dabezan kontuetan, besteak beste, homosexualen ezkontzea, dibortzioa, abortua…
Beste alde batetik, jarrera publikoak eta barruko antolaketea bereiztu behar dira. Jarrera publikoak gustoko izango doguz ala ez, ados ala kontra egongo gara. Jarrera publikoak kritikagarriak dira, agirian eta eragina izateko asmotan egiten diralako. Baruko antolaketea, ostera, erakundeari baino ez jagoko. Hori dala eta uste dot nik esan diran hainbat gauza lekuz kanpo dagozala. Eleiza Katolikoari errespetua eskatzen jakon modura, Eleiza Katolikoak be errespetua merezidu dau euren barruko egituraketea gura daben modura antolatzeko.