Ratzinger-en ikasbideak
Sexualidadea
Gai honetan be sano zorrotza izan da eta kritika gogorrak egin deutsoz sexualidade eta ugalketearen arteko bereizketeari; izan be, horrek 'giza bizitzearen beraren kontzeptua be aldatu dau'. Aita Santu barriaren ustez, 'ekintza sexualak bere helburu eta jomugea galdu dau eta sexualidade mueta guztiak baliokideak dirala emoten dau'. Ganera, behin eta barriz gaitzetsi dau preserbatiboaren erabilkerea, inmoraltzat hartuz.
Homosexualidadea
Ratzinger-ek errespetetan dauz 'sufridu eta bizimodu egokia topau gura dabenak', baina zorrotz be zorrotz jardun dau 'ezkontza homosexualaren eredu juridikoa sortzearen aldekoak diranen kontra'. Ildo honi jarraituz, gay-en arteko ezkontzak legeztatzeko ekimenak gogor kritikau dauz. 'Ekimen horreek familia eta gizartea hondatzen dauz. Zuzenbideak morala edo moral mueta bat sortu eragiten dau; izan be, jente arruntak pentsetan dau zuzenbideak baieztatzen dauena moral aldetik be zilegi eta bidezkoa izaten dala'.
Abortua
Abortuaren kontrako jarrerea be Aita Santu barriaren dikursoaren giltzarrietariko bat izan da; gauzak holan dirala, umedunaldia etetea despenalizetako ekimen parlamentarioak bultzatu dabezan politikarien kontrako militantzia sendo eta indartsu bati oratu deutso. Ratzinger-en ustez, lege horreek 'berez ez dira bidezkoak' eta kontzientzi eragozpenaren apologia be egin dau horreen kontra; izan be, 'katolikoek legeon aurka joteko betebeharra daukie.
Hona hemen, beraz, Ratzinger-ek orain arte egindako ekarpenetariko batzuk. Gehienak gure gizarteak azken urteotan jadetsitako adostasunetatik oso urrun dagoz. Ez da harritzekoa, bada, eleizeak gero eta bezero eta fededun gitxiago erakartea.
Begiluzea
Aita Santu barria oso ezaguna izan da orain arte kristinau ikasbideen inguruan euki dauen jarrera atzerakoiagaitik. Hona hemen, bada, bere pentsamentuaren ezaugarririk nagusienetariko batzuk:
Politikea
Ratzinger-ek behin baino gehiagotan adierazo dau erlijinoa ez dala politikearen arabera erabili behar, beraren eretxiz, Islamean jazoten danaren antzera. Kristinautasunak bere nortasunari eutsi behar deutso gizarte baten moralizazinorako edo utopien legitimazinorako erabili barik. Edozelan be, bereizketa horrek ez eutson ezelako trabarik ekarri Europako konstituzinoan kontinenteko zuztar kristinauen aldeko aitamena sutsu defendidu ebanean.
Askapenaren teologia
Fedearen Doktrinarako Kongregazinoko prefektu modura askapenaren teologiaren kontra jardun eban. Doktrina korronte honen ganeko testuetariko batean dino, mezua injustiziaren egituren kontrako burrukan bilbatzen dan ezkero, erredentzinoa mezu politiko bihurtzen dala. Fedea teoria izatetik praxia izatera pasetan da eta hori, beraren ustez, ez da bidezkoa.
Emakumea
Aita Santu barriak idatzi dau emakumea gizonaren ganetik dagoala ganerako personei harrerea egiteko eta laguntzinoa emoteko gaitasunean; holan, lanbide eta familiarteko bizimodua bateragarri egiteko aukerak aldarrikatu dauz, bai eta politikan erantzukizun handiko postuak lortzeko sarbidea be, arazo ekonomiko eta sozialei urtenbide barriak topau ahal izateko. Edozelan be, beti agertu da emakumeak eleizearen gobernuan botere edo aukera gehiago eukitearen kontra.
Zelibatua
Abadeen zelibatua gogor be gogor defendidu dau eta holantxe adierazo dau eleizearen barruan izandako pederastiaren ganeko azken eskandaluak dirala eta, baina beti be oso autokritika gitxi eginez. Bere berbetan, 'zoritxarrez abadeak be pekatariak dira, baina pederastia kasuei jagokenez, abadeen artean izaten diran abusuen kopurua beste giza kategoria batzuen artean izandakoen parekoa edo txikiagoa da'.