Zinea  IV. urtea // 107. zenbakia

La demoiselle d'honneur


Hogeita bost urteko Philippe (Benoît Magimel) mutil arrunta, zintzoa, arteza eta erakargarria da. Amagaz eta arreba gazteago bigaz bizi da eta kontratista baten agindupean hasi barri da behar egiten. Arrebarik zaharrenaren ezkontzan ohorezko damearenganako erakarpen sutsua sendituko dau. Baina Sentak ez dauz personak maite ganerakoek lez. Sentaren grinea aseezina da eta maitasuna baieztatzeko froga sendoak behar dauz. Gero, Philippe-ri autortuko deutso alkarrenganako maitasunaren erakusgarri modura bakotxak persona bat hil behar izango dabela.

Honako hau nahiko film surrealistea da. Mito, fetitxe eta erakarpen kontrolaezinean oinarritzen da, maitasuna eta heriotzea buztartuz, ama guztiek suhi modura gurako leukien gazte eredugarri baten ikuspuntutik. Dana dala, gazte honen desioa iluna baizen zoragarria da: grinara heltzeko mugarik ez daukan ate bat.

Abiapuntua interesgarria izanagaitik be, filmak erritmoa galtzen dau aurrera egiten dauan heinean, unekada batzuetan ikus-entzuleak gogaitzeraino. Ganera, pasinoa ez da agertzen pantailaz bestaldekoek personaien jokabideak ulertzeko baizen indartsu eta filmaren bilbeak gorabehera handiak daukaz. Azkenean, inork ez dauka bape garbi zein dan zuzendariak ikus-entzuleei transmitidu gura deutsen mezua. Bere labirintoan galtzen dan eta ustezko handiguraz horniduta dagoan kontakizun bat besterik ez da.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Claude Chabrol.
- Herrialdeak: Frantzia eta Alemania.
- Iraupena: 110 minutu.
- Antzezleak: Benoît Magimel (Philippe), Laura Smet (Senta), Aurore Clément (Christine), Bernard Le Coq (Gérard), Solène Bouton (Sophie), Anna Mihalcea (Patricia), Michel Duchaussoy (eskalea), Suzanne Flon (Sra. Crespin), Eric Seigne (Jacky), Pierre-François Dumeniaud (Nadeau).
- Gidoia: Pierre Leccia eta Claude Chabrol, Ruth Rendell-en nobelan oinarrituta.
- Argazkia: Eduardo Serra.
- Muntaia: Monique Fardoulis.