The interpreter
Pelikula honen lehenengo zatia inor gogaituko ez dauen thriller bikaina da. Datuak emon eta dosifiketako modua zehatza da eta apurka-apurka eratzen doa suspenseko pelikula guztiek behar daben matazea. Ganera, filmak beharrezko osogai guztiak daukaz istorio interesgarria eskaintzeko.
Edozelan be, bigarren zatia ez da bape distiratsua. Sortutako egoerearen konponbidea personaia nagusiei ixten jake oso-osoan, baina bien artean ez dago ezelango erakarpenik. Nortasunen kontrapuntuak eta loturak guztiz artifizialak dira eta alkarrizketa batzuk zeharo topikoak, hain arruntak ze pasarte dramatiko batzuetan barre egiteko gogoa be sortzen da.
Bestalde, personaien jarduna eta jokabideak ez dira bape koherenteak, ez dira sinisgarriak, beharbada antzezpenek eta gidoiak be bape laguntzen ez dabelako. Nicole Kidman-en kasuan, emoten dau zimurrik eragingo ez deutson plastikozko antzezpen baten bila dabilela. Sean Penn handia be galduta agiri da, noraezean, zertan diharduan ez baleki lez. Honen guztiaren laburpena azken eszenea izan daiteke: sekula ez dot hain kimika gitxi ikusi antzezle bikain biren artean.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Sydney Pollack.
- Herrialdeak: Erresuma Batua eta Estatu Batuak.
- Iraupena: 128 minutu.
- Antzezleak: Nicole Kidman (Silvia Broome), Sean Penn (Tobin Keller), Catherine Keener (Dot Woods), Yvan Attal (Philippe), Jesper Christensen (Nils Lud), Earl Cameron (Edmund Zuwanie), Sydney Pollack (Jefe Pettigrew), George Harris (Kuman-Kuman), Michael Wright (Marcus), Maz Jobrani (Mo), Tsai Chin (Luan).
- Gidoia: Charles Randolph, Scott Frank eta Steven Zaillian.
- Argazkia: Darius Khondji.
- Muntaia: William Steinkamp.