Ruta 66 aldizkariaren 20. urteurren jaia Bilbon
Sarrerak salgai egongo dira Kafe Antzokian bertan, Urretxindorra liburudendan, Power Records eta Bolan diskodendetan eta alde zaharreko Muga tabernan.
Gotzon Uribe
Atom Rhumba + Josetxo Anitua (Cancer Moon) + The Boogie Punkers eta
Akauzazte
Datorren maiatzaren 13an, barikuan, Bilboko Kafe Antzokian kontzertu berezia izango da, hain zuzen be, Ruta 66 "tiempos de rock'n'roll" aldizkariaren 20. urteurreneko kontzertua. Ruta 66 aldizkaria Bartzelonan sortu zan 1985. urtean, gaur egun zuzendari diran Jaime Gonzalo eta Ignacio Juliáren ekinbidez. Musikan adituak eta kazetariak dira eta orduko aldizkari komertzialakaz gogaituta, euren proiektua martxan jartzeko ausardia izan eben. Ordutik gaur arte, belaunaldi bi igaro dira, 20 urte, kiosko eta liburudendatan eskuragai rock musikea eta honen inguruko kulturea maite dauen edonorentzako erreferentzia bihurtu dan aldizkaria.
Hogeigarren urteurren hau ospatzeko kontzertu berezi bat antolatu dabe Bilboko Kafe Antzokian. Batetik, abanguardiako rock musikea jorratzen dauen Azkoitiako AKAUZAZTE taldea izango da. Bestetik, gaur egun Bilboko rock undergroundeko talderik puntakoenak: THE BOOGIE PUNKERS taldea; euren lan barria "The Brooklyn Sessions" deiturikoa aurkeztuko deuskue. Disko barri hau New Yorken grabau dabe eta Noizpop zigiluak plazaratuko dau. Azkenik, ATOM RHUMBA taldea zuzenean ikusteko aukerea be egongo da; kontzertu berezia izango da JOSETXO ANITUA (Cancer Moon) abeslariagaz batera, izan be, egun horretarako beren beregi preparautako errepertorioa eskainiko dabe.
Josetxo Anitua Cancer Moon taldeko abeslaria izan zan eta 1996. urtetik egundaino Bilboko Kafe Antzokiko dj ofiziala da. Kontzertu bakarra eta berezia izango da, kontuan hartuta, hamar urte baino gehiago egon dala Josetxo Anitua eszenatokietatik kanpo.
Aitatutako kontzertuez ganera, musika jartzaileak be izango dira bertan protagonista, talde bata eta bestearen artean musikea jarriz, hain zuzen be, Ruta 66 aldizkariak Euskal Herrian dituen erredaktoreak, Fernando Gegundez, Eduardo Ranedo eta Oscar Cubillo.
Nabarmendu gurako neuke karteleko hiru taldeek aldez aurretik gustora hartu ebela jaialdian parte hartzeko konbita. Ganera, Ruta 66 aldizkariko leku desbardinetako erredakzino buruak be Bilbora hurreratuko dira jai berezi honetan parte hartzeko, jentetza ugari espero dan musika jaialdi berezi honetan parte hartzeko. Musika taldeen aukeraketan bertan azaltzen da Ruta 66 aldizkariaren berezko idiosinkrasia eta aniztasuna. Beste batzuek momentuko artista edo taldeen kontzertua antolatuko eben lekuan, kasu honetan aldizkarian ohikoak diran artisten alde egin da. Euskal taldeen presentziari dagokionean be, gauza jakina da aldizkariak betidanik egin dauen jarraipena.