Kalidade handiko literaturea, urte birik behin
Aurten, nobela idazteko bekan, bizkaitar bi geratu dira irabazle: Edorta Jimenezen “Azeria eta lehoia” eta Lutxo Egiaren “Zubigilea”. Mundakakoaren liburuaren kasuan, autoreak esan eban lan hau 'Baleen berbaroa’ eta ‘Sukar ustelaren urtea’ nobelen sailekoa izango dala, Sebastian Zubietakoaren abenturen eta ibileren hirugarren partea. Jimenezen eskutik, irakurlea Ingalaterraraino joango da, eta Armada Garaiezina be agertuko jaku liburuaren orrialdeetan, benetako jazoeretan oinarrituta. Epaimahaikoek, batez be, Edortaren esperientzia aitatu eben saria emoteko orduan: 'Interes berezia daukie narrazinoaren teknikak eta itsasoko hizkera bereziaren erregistroak, eta dokumentazino lan handia be erakusten dau. Narrazino zintzoa iruditu jaku, bai planteamentuan eta bai hizkeran. Bistan da idazle saiatua dala, eta pentsetan dogu proiektu honegaz portu onera helduko dala'.
Lutxo Egia bilbotarraren 'Zubigilea' nobela proiektuaren gainean, barriz, autoreak esan eban 'Menorcara zubigile ospetsu bati laguntzera doan beste zubigile baten istorioa' dala hau. 'Zubia metaforea da; zubia alde bi lotzen dituen zera da, askotan aldeak baino garrantzitsuagoa dana. Horren inguruan gogoetea egiteko asmoa daukat', autortu eban Egiak. Honen gainean, epaimahaikideek berba eder asko esan ditue: 'Lan benetan berezia da, aurkeztu diran beste guztietatik diferentea, eta sano barria. Idazleak arriskatu egiten dau. Narrazinoa ez da lineala. Erritmo sendoko prosea da, gaurkotua, modernoa eta indartsua, intuitiboa eta sano ondo egituratua'.
Poesia arloan, barriz, Jon Arano eta Luis Garde nagusitu dira, 'Zeru eta ifrentzuak' eta 'Urtzailearen beharra' lanakaz, hurrenez hurren. Aranok 'Infernuaz eta zeruaz, eta ezinezkoaz eta utopiaz' egin gura dau berba lan barri honetan, eta epaimahaikideek erabagi dabe 'kastako poeta batena' dala proiektua zein lagina, 'hizkuntzearen sena eta iturri herrikoiak erabilteko maisutasuna' be badaukana. Garde iruindarrak, aldiz, esan eban 'poesiagintzearen gaineko hausnarketa txikia egitea' dala bere asmoa, izan be, 'nire grina literarioa erabili gura' dau poema bilduma honen gai lez. Epaimahaiak esan ebanez, 'ideien hausnarketea baino gehiago, sentsazinoen hausnarketa patxadatsua eskaintzen dabe' poemok.
Haur eta gazte literaturan, Joxan Oiz donostiarraren 'Beriyoren gatibua' eta Xabier eta Martin Etxeberria biki zarauztarren 'Gure zordunei barkatzen diegunez gero' lanak izan dira bekea jaso dabenak. Lehenengoaren kasuan, adituek azaldu dabe 'XVI. mendera eroango gaituan nobela historikoa' proposatu dauela Oizek, 'eta gaiaren aldetik zein aurkezteko moduagaitik, gazteentzako sano nobela egokia izango dala' pentsau dabe epaimahaikideek, albo batera itxi barik 'prosearen edertasuna'. Zarauztar bien proiektua dala eta, euren berbetan, 'Euskadiko futbol selekzinoak 36ko gerrearen garaian Europan egindako birea kontauko dau nobeleak, Kepa Areso futbol jokalariaren ikuspuntutik. Bere alargun Maitena Amundarainen bidez, Keparen memoriak irakurri genduzan, eta han nobela on baterako materiala egoala begitandu jakun'. Epaimahaikideek hori baino gehiago be ikusi dabe: 'Istorioa, intrigea eta abenturea aurkezten ditue egileek, eta hizkerea ederto egokituta dago irakurle gazteei'.
Azkenik, saiakera arloan, beste diru-laguntza bi emon dira: Pablo Sastreren 'Besteak' eta Fito Rodriguezen 'Kasandra eta Ihardetsen azalpena' liburuei, hain zuzen be. Sastrek identidadearen gaia landu gura dau 'Besteak' lanagaz: 'zer da bestea? Hau da: zer naz ni, edo zer gara gu, besteak direnaren aldean? Besteak zelan ikusten ditugun, hori gara geu. Halanda be, ez da egin gura ikerketa teorikorik, ezpada hausnarketa saioa, argi bila eta ez definizino bila'. Rodriguezen lanean, barriz, autoreak 'gure gizartearen eta gure ibileren oinarrian dagoan pentsamentua bilatzen dau: bizi dogun munduaz pentsetea, baina pentseteaz be pentsetea. Mitoaren eta errealidadearen arteko dialektikea erakutsi gura dau' egileak.
Julen Gabiria
Joseba Jaka argitaratzaile eta euskaltzalea 1987ko apirilaren 18an hil zan. Handik urte batzuetara, Euskalgintza Elkarlanean Fundazinoak, haren izena daukien literatur bekak emoten hasteko erabagia hartu eban, eta ordutik bi urtean behin emoten ditu sariok, zitari inoiz huts egin barik. Halanda ze, proiektuak aurkeztu eta bekea lortu daben idazleek 2006ko iraila baino lehen lanak amaituta eukiteko konpromisoa hartu dabe, eta, sasoi horretatik aurrera, apurka-apurka, saridunen liburuak leiduteko aukerea eukiko dogu.
Aurten, 50 proiektu aurkeztu dira beka honeen deialdira: hain zuzen be, nobela alorrean 9, poesian 18, haur eta gazte literaturan 6 eta saiakeran 7. Kontuan euki behar da akuilua 14.000 euro dirala nobelaren alorrean eta 7.000 euro, barriz, aitatutako beste genero guztietan. Azkenik, beka honeek beste berme garrantzitsu bat be badaukie, irakurleak beti hartu beharko leukeana kontuan: laguntza honen bitartez argitaratzen diran liburuak oso kalidade onekoak izaten dira beti edo gehienetan. Epaimahaia be ez dau edozeinek osotu aurten, Laura Mintegi, Juan Kruz Igerabide, Joxe Azurmendi eta Koldo Izagirre egon dira-eta lan horretan.
1996an lehenengo deialdia egin zanetik, liburu bikainak makina bat izan dira: Andoni Egañaren 'Pausoa noiz luzatu', Koldo Izagirreren 'Agirre zaharraren kartzelaldi berriak', Joseba Sarrionandiaren 'Lagun izoztua', Aingeru Epaltzaren 'Rock´n roll', Joxean Agirreren 'Romain zen bere izena', Patxi Zubizarretaren 'Atlas sentimentala', Harkaitz Canoren 'Norbait dabil sute-eskaileran', Pablo Sastreren 'Leuropa' edo Eider Rodriguezen 'Eta handik gutxira gaur', gitxi batzuk baino ez aitatzearren. Holan, ba, irakurleak badaki Joseba Jaka Bekaren labelpean urtetan diran obrak leiduteko modukoak dirala, duda barik.