Luis Iriondo: ‘beti parkatu behar da’
Hamabost urte eukazan Luis Iriondok bildurra hur-hurretik ezagutu ebanean. 1937ko apirilaren 26a zan, merkadu-eguna. Gernika ganezka egoan. Kanpai-hotsek erasoa iragarri eben eta, handik aurrera, dana izan zan sua eta kea.
Bonbardaketea arratsaldeko laurak bueltan hasi zan eta zazpietara arte ekin eutsen hegazkin alemanek erasoari. Noren agindupean? Urteak pasau behar izan ziran galdera horren erantzuna argitzeko baina batek baino gehiagok, aterpean bonba-hotsak entzun bitartean, argi eukan Francok zerikusia eukala.
Bizirik urten eben askok eta, horreen artean, Luis Iriondo 83 urteko gernikarra dogu bat. Egun haretako kontuen ganean berba egiten dauenean igarten jako Iriondori burua argi daukala. Garai hareetako kontuak gogoratzeaz gan, koadroak margotzea gustetan jako eta afizino biak buztartuta, Gernikako bonbardaketeari egindako artelan propioa be badauka.
Hainbat istorio bizi izan ditu eta horreetariko batzuk ondorengo lerroetan dagoz.
1.- Hitlerren Kondor leginoak Gernika bonbardeau ebanetik 68 urte bete dira baina zuk oraindino gogoan daukazu egun haretan bizitakoa. Non atrapau zintuan erasoak?
Nik institutuan ikasten neban garai hareetan baina gerrea zala eta, ez egoan eskolarik. Egun haretan, bazkalostean, bankura joan nintzan, bertako errekaduak neuk egiten nebazalako. Han lekeitiar bat egoan eta, ordurako, Frankoren tropek Lekeitio hartuta euken. Bertatik iges eginda egoan lagun hau Gernikan eta, biok batera gengozanean, herriko kanpaiak joka hasi ziran. Horrek alarmea adierazoten eban. Mendi puntan destakamentu bat egoan eta hegazkinak ikustean ikurrina bat astintzen eben. Orduan, Andra Mari eleizan kanpaiak joten ebezan. Gu, ordurako, ohituta egozan alarma horregaz, frentea hemendik hamabost kilometrora egoanez egunero pasetan ziralako hegazkinak. Horregaitik, kasurik be ez geuntson egin kanpai-hotsari.
Lekeitiar lagunak aterpea topau gura eban eta alkarregaz joan ginan Pasealekura. Bertan, merkadua egoan. Trankil joan ginan harantz baina, lehenengo bonbak jausten hasi ziranean, bildurtu egin ginan. Bonba bat Errenteriko zubira bota eben eta orduan jentea hara eta hona hasi zan, korrika, bildurragaz. Niri lurrazpiko aterperantz bultzatu eustien, barruraino. Han egon behar izan gendun, argirik barik eta ia arnasarik hartu ezinik. Bildurtuta nengoan, ganean bonbaren bat jausiko ete zan edo. Hamabost bat minutuz egon ginan han.
Aterpetik urten eta Errenteriko zubirantz joan ginan, baina barriro be hasi ziran kanpaiak joten eta aterpera etorri ginan arrapaladan. Ni ez nintzan barrura sartu, hamabost minutu baltz harreek gogoan neukazalako, eta ate-atetxuan geratu nintzan, hareazko zakuak egozan lekuan. Hiru orduz egon ginan han eta lantzean behin suaren berotasuna igarten gendun.
2.- Gerra zibila bonbardaketea baino bederatzi hilabete lehenago hasita egoan. Herritarren bizimodua ez zan bape erraza eta alemanen erasoak larritu egin eban egoerea. Zelan geratu zan Gernika? Eta gernikarrak?
Aterpean nengoanean ez neban ezer ikusten baina, bonbardaketea amaitu zanean eta handik urten gendunean, herria sutan egoala ikusi neban. Tristura itzela neukan eta iges egiteko gogoa be bai. Lumorantz joan nintzan eta handik herria sutan ikusten zan.
Gernikarrak bape barik geratu ziran. Dana erre zan eta aldean geunkana baino ez jakun geratu. Zorionez, ez zan familiako inor hil.
3.- Helburu militar jakinik barik, munduan egindako lehenengo bonbardaketea izan zan Gernikakoa. Frankok beti ukatu eban erasoagaz zerikusia eukanik baina gerora, alemaniarrek diktadorearen laguntzinoa izan ebela erakutsi zan. Zelan gogoratzen dozu zuk sasoi haretako erregimena?
Munduan oihartzun itzela izan eban bonbardaketeak eta frankistek behin eta barriro esaten eben eurak ez eukela zerikusirik. Nik alde egin neban, lehenengo Santanderrera eta gero Frantziara. Amagaz joan nintzan eta aita eta anaia nagusia berton geratu ziran. Aitak karta bat bialdu euskun etxera etorteko esanez. Bera bakarrik egoan, anaia preso egoalako.
Orduan, etxera etorri ginanean, erregimenak egindagoa hurragotik bizi gendun. Gosea egoan eta herritarrei gauza asko falta jakezan.
4.- ‘Gernika Gogoratuz’ Bakearen aldeko Aztertegia eta Gatazken Transformazinorako Zentroak oroigarri berezia egin eutsun orain urte batzuk. Zein da alkartearen zeregina edo helburua?
Bonbardaketatik bizirik urten gendunok alkar ezagutzen dogu. Halan da be, inoiz be ez ginan batu danok. ‘Gernika Gogoratuz’ alkarteagaz hori lortu zan eta, ganera, Alemaniako gobernuagaz hartu-emonetan be jarri ginan. Kondor leginoak egindakoaren erantzukizuna nork eukan jakin gura gendun eta, behin, batzarra egin gendun Gernikako plazan. Bertara Alemaniako enbajadorea etorri zan eta erasoa eurek egin ebela onartu euskun.
Erasoa egin ebenek ez ekien nor ginan gu. Hegazkinetan joiazanentzako, gu inurrien parekoak ginan. Horregaitik, ez daukagu ezer euren kontra. Behean egon izango balitzatekez, euren lakoak ginala konturatuko ziran.
‘Gernika Gogoratuz’ alkarteari esker, bonbardaketan ibili ziran alemanen barri izan dogu. Ganera, Alemaniara joateko aukerea be euki dogu eta bazkaria be antolatu dabe erasoa bizi izan gendunok alkartzeko.
5.- Bakearen Uria da Gernika eta Boise (AEB), Pforzheim (Alemania) eta Berga (Katalunia) herriakaz dago senidetuta. Bakebidean, alkartasuna eta parkamena derrigorrak dira?
Bai. Beti parkatu behar da. Bonbardaketan hegazkinetatik bonbak botaten ibili ziranakaz berba egiteko asmoa geunkan baina eurek ez eben gura. Eurek uste dabe egin ebena ondo egon zala eta ez dabe ezer jakin gura kontu hareen ganean.
Nik parkatuta daukat pasautakoa. Baina ahaztuta ez. Bonbardaketea izan eta lasterrera aleman bat aurrean topau ezkero ez dakit nik zer egingo neban... baina denporeak aurrera egin ahala parkatzen ikasi dot eta gaur egun lagun aleman asko daukadaz.
6.- Bonbardaketearen 68. urteurrena da aurtengoa. Urteek aurrera egin ahala, astelehen goiz baltz ha ahaztu egingo dala uste dozu?
Guk ez dogu inoiz ahaztuko baina bai igarten dot gazteek uste dabela kontu honeek antxinako gauzak dirala. Hori ez pasetako, berbaldiak emon dodaz eta gustura geratu naz ze zeozelako interesa ikusi dot. Baina gaia horren hur ez badabe ikusten, ahaztu egiten dabe. Etxean, aitita edo amumari zeozer entzun deutse, baina urruneko kontuak dira eurentzat.
Nire etxean ez da pasetan hori baina ulergarria da bonbardaketea hur hurretik bizi izan ez dabenek interesik ez eukitea.
Horregaitik, berbaldiak ezinbestekoak dira eta ni prest egoten naz. Hareek kontuak gazteei esankeran, beste modu batean ikusten dabe istorioa, hurrago sentiduten dabe.
7.- Erasoak oihartzun itzela euki eban eta George Steer kazetari ingelesak zeresan handia euki eban horretan.
Bai, berak emon eban mundu zabalean jazoerearen barri ‘The Times’ egunkarian. Bilbon egon zan eta lehenago Etiopian. Antza danez, bonbardaketa gauean hemen egon zan, Gernikan. Leitekeana da neu beraren albotik pasau izana egun haretan, Juntetxearen inguruan. Izan be, aitatu dodan legez, ni Lumorantz joan nintzan eta bidean ninoiala, kazetari danak Juntetxearen inguruan egozan. Leitekeana da bera be bertan egotea.
Frankistek ez eben ondo ikusten Steer kazetariak egiten eban lana.
Aitatzekoa da aste honetan bertan, urteurrenagaz batera, Steer kazetariaren ganean liburu bat idatzi dauen gizona Gernikan dagoala eta baita Steer beraren semea be.
8.- Gizarteko hainbat arlotan be euki eban eragina bonbardaketeak eta, horren erakusle garbia, Picassoren koadro ezaguna dogu. Zeuk be koadroak egiten dozuzala kontuan hartuta, zer eretxi dozu Picassoren lanaren ganean?
Egia esan, lehenengoz ikusi nebanean ez jatan bape gustau. Txekiar silu baten ikusi neban eta ez eustan ezer berezirik sortarazo. Kolore ilunegiak ikusi neutsazan, grisegiak... Ganera, zezen bat agertzen da eta Gernikan zezen tradizinorik ez dago. Zaldi bat be agertzen da eta hemen, zaldiak baino, astoak dagoz gehiago. Ez ebazan bertoko kontuak ondo erakusten eta, horregaitik, ez jatan asko gustau.
Baina Madrilen ikusi nebanean..., orduan bai gustau jatan. Gernikari izena emon deutso mundu mailan eta beste modu batean hartu neban koadroa.
Hori bai, ez da nire estiloa, baina gustetan jat. Ganera, garrantzi handiko adituek artelan bikaina dala badinoe, zeozegaitik izango da.
9.- Ikusiko ete dogu inoiz lan hau Gernikan?
Ez dakit, baina ez dot uste. Esaten dabe arazo teknikoak dagozala Picasso Gernikara ekarteko, koadroa mobidu ezkero apurtu egingo litzatekela. Kontua da orain arte Parisen, Londresen, New Yorken... egon dala. Hainbeste kilometro egin ditu eta, orain, Madriletik hona ekarteko arazoak dagoz! Ez dakit. Antza, diru asko emoten dau Madrileko museoan eukiteak. Guk, Bilboko Guggenheim zabaldu ebenean, bertora ekartea eskatu gendun. Jentea gure kontra jarri zan, Bilbon egon beharrean Gernikan egon beharko leukela uste dabenak batez be. Gure intentzinoa koadroaren erantzukizuna Eusko Jaurlaritzeak hartzea zan eta beti izango da errazago Bilbotik ekartea Madriletik baino!
Saioa Torre Gereketa
Gernikako Kultura eta Bakearen Nazinoarteko XV. Jardunaldiak
Apirilak 24:
- Gernikako Bonbardaketearen lekukoen IX. Elkarraldia eta III. Bazkaria.
Apirilak 26:
- Phorzeim-Gernika ibilaldiari ondo-etorria.
- Bazkari herrikoia merkadu-plazan.
- Otoitz-ekintza eta lore-eskaintzea hilerriko mausoleoan.
Apirilak 27
- Kultura eta Bakearen Nazinoarteko XV. Jardunaldien harrera ekitaldia.
Apirilak 28
- Irudimen morala eta gatazka politikoak.
Apirilak 29
- Sormena eta gatazkak eskolan eta komunidadean.