Euskaldunok munduan  IV. urtea // 107. zenbakia

Euskal Genealogiari buruzko Jardunaldiak Euskaltzaindian


Jardunaldiotan ondokoek parte hartu dabe: Joseba Zulaika Center for Basques Studies-eko zuzendariak; Gloria Totorikaguena, Unibersidade bereko irakasle eta Euskal Diaspora eta Migrazio Ikerketen zuzendariak; Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko lau kidek: Andres Iñigo, Jose Luis Lizundia, Mikel Gorrotxategi eta Patxi Galé; horreegaz batera, zazpi aditu be izan dira, Nafarroatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorriak: Alberto Aldai, Maria Dolores Lekuona, Jose María Elizondo, José Angel Garro, Josu Etxezarraga, Andoni Esparza, Mikel Belasko, Cameron Watson, Anabella Barroso, Koldo San Sebastián eta Fernando López.

Bizkaie!

Pasa dan astean, ‘Euskal Genealogiaz’ izenburuko Jardunaldiak egin ebezan Euskaltzaindiaren egoitzan, Nevada-Renoko Center for Basques Studies zentroak eta Akademiak antolatuta. Renon, Euskal Genealogia (AEBko euskaldunen datu-base biografikoa) deituriko proiektua abiarazotea izan da helburua.

Jardunaldiotan honako gaiak jorratu dabez:

1. Euskal Herriko parrokietan dagozan dokumentuen digitalizazinoa

Bilbo, Donostia eta Gasteizko eleizbarrutietako artxiboen (Eusko Jaurlaritzearen babespean) datu-base digitalizatuen barri emon zan eta Nevadako Unibersidadeak sortuko dauen datu-base barria osotzeko, Jaurlaritzeak eta eleizbarrutiek burututako egitasmoaren erabileraz egin eben berba.

2. Euskaltzaindiaren lana, Onomastika arloan

Euskaltzaindia Onomastika arloan egiten dabilen ikerketen nondik norakoak azaldu ebezan bigarren egunean. Akademiaren Euskal Deituren Izendegia erakutsi jaken bertan bildutakoei, baita baserri izenak biltzen dituan datu-basea be (46.000 inguru baserri-izen jaso dira orain arte).

Bestetik, Euskaltzaindiak sortu barri dauen Euskal Corpus Onomastikoa egitasmoaren azalpenak emon ziran. Egitasmo horretan, Euskal Herri osoko toponimia eta deiturak biltzea aurreikusita dago.

3. Center for Basques Studies zentroaren datu-base genealogikoen egitasmoa

Euskal Genealogia egitasmoaren xede nagusia Ameriketako herrialde horretan izan dan euskal emigrazinoa aztertzea da. Aitaturiko gaiez landa, beste batzuk be aztertu dira: deiturez, genealogiaz eta heraldikaz argitaratutako liburuak ingelesez kaleratzeko aukerea; datu-baseak trukatzea; Ameriketako eta, batez be, AEBko artxiboetan gai horreei buruzko ikerketak bideratzea; azkenik, adituen artean, koordinazino lana antolatzea eta bibliografia biltzea.

Jardunaldiak onuragarri suertau dira eta lehenengoz erakundeen arteko lan talde bat sortzeko asmoa aitatu da.