Aramaixo, Arabako herri euskaldune
Hemen Aramaixoko euskerearen ezaugarri danak ipinttie eziñezkue bada be, inportante batzuk behintzet emongo dittugu (gehixenak ezagunek die bizkaieran):
(1) u eta i ondoko a bokala e egitten da ixe beti: gura > gure; eguna > egune; ikara > ikera; izan > isen.
(2) e + a > ie: etxea > etxie; behar > biher.
Bigarren bokala e edo o bada, orduen ie, io: gazteena > gastiena; besteok > bestiok.
(3) o + a > ue: eroan > eruen; astoa > astue.
Bigarren bokala e edo o bada, orduen ue, uo: basoetan > basuetan; astook > astuok.
(4) i + a > ixe: begia > begixe; zelaia > selaixe; bihar > bixer.
Bigarren bokala e edo o bada, orduen ixe, ixo: garbiegi > garbixei; biok > bixok.
(5) –a + a > ie: arreba + a > arrebie.
(6) Txistukarixen neutralizaziñue (z > s; ts > tz): zelan > selan; hauts > autz.
(7) Bustidurie nahiko inddertsue da Aramaixoko euskeran: inor > iñor; laino > laño; ilun > illun; fraile > fralle; aita > aitte; ito > itto; indar > iñdder; isildu > ixillddu; goiz > gox; jaitsi > jatxi.
(8) Motibatibo eta ablatibo kasuetan, amaierako –k bako aldaerak entzun leikez -k daukien aldaeren onduen: semiaitti/semiaittik; plasati/plasatik.
(9) Destinatibuen –endako da, iñoz –entzako be entzuten dan arren: alabiendako.
(10) Soziatibo singularrien –as (< -agas) egitten dau, baiñe –akiñ pluralien: astuas / astuekiñ.
(11) Norantz kasuen –rutze da Aramaixoko aldaerie: etxerutze.
(12) Aditz-izenetan aukera ugeri dau erabiltten dien atzizkixetan: -etan (gustau > gustetan), -ketan (lotzatu > lotzaketan), -tan (bete > betetan), -ten (ekarri > ekarten), -tzen (artu > artzen), -tuten/-duten (leiru > leiruten).
(13) Ixe sistematikoki ez dau komunztadurarik objektu pluralaren eta aditzaren artien: eran daigun kopak; isenok etxat akordetan niri; ogixek badakatzu?; suk pentzamentu txarrak dabitzu or buruen.
(14) Perpaus konpletibuetan aditz batzuk (ikusi, igerri, jakiñ, goguen euki, uste isen…) -(e)na eskaketan daue: gerra aurreti siena bakitt.
(15) Helburuzko perpausetan, bestien artien, -t(z)earren morfemie ebalten da: eroser gause eitteko gertu gasak i ondo ikustearren.
(16) Kontzesibuetan gehixen ebalten dan egitturie partizipixue + arren da: Aramaioxokue izen arren, etxoat esauketan.
(17) Aldaera lexikuek: Aramaixon mendebaleko aldaerak dira nagusi: ule, urten, urun; bardiñ, barri, txarri; andra, bela, landara; espan, laban eiñ, erran; atxur, bakotx, gatx; bedar, edur, sider; jagi, egogi, ebai; eta abar.
(18) Lexikue: mendebaleko berba asko gordetan die Aramaixon. Edozein moduten, gipuzkeraren eragin apurre batez be hortxe ikusi leike.
Aramaixoko euskerie hobeto ezaguketie gure dauenak laster eukiko dau aukerie, aurki agerketakue da-eta Aramaioko euskara izeneko liburue.
Jose Luis (Txipi) Ormaetxea Lasaga,
Aramaixoar jatorriko Arrasatearra,
EHUko irakaslie, Euskal Filologue.
Datu batzuk
Aramaixo Araban badago be, oso hurrien dauko Gipuzkue eta Bizkaixe. Lehenago (XV. gizaldixen azkenera arte) Bizkaixe izendakue da, gaiñera. Ez da arrarue, orduen, bertan egitten dan euskerie bizkaiera izetie (kontuen hartu biher da, gaiñera, inguruen dauken Gipuzkueko herrixetan be Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta beste batzuetan mendebaleko euskeran berba egitten dala).
Aramaixo izenez ezagune bada be, jente mordue dau sekule bertan egon bakue. Izen be, askorendako urrin dau Aramaixo. Arabako hiriburue, Gasteiz, ez dau hain urrin (30 km edo), baiñe hala ta be ez die asko Aramaixora aillegau dienak.
Gaur egun Aramaixok 1.400 bizilagun eskas dauko. Jente gehixena kalien -Ibarran- bizi da. Gaiñerakuek, zortzi baserri-auzotan: Gantzaga, Etxaguen, Arexola, Uribarri, Oleta, Azkoaga, Barajuen eta Untzilla.
Herrixe lurrez haundixe da, ixe 74 km2 dauko eta. Lehenago jentie lurretik bizi zan, baiñe orain industria da nagusi: aramaixoar askok Arrasateko kooperatibetan egitten daue lana.
Aramaixoko berbetie
Ez dau dudarik Aramaixoko euskerie, ezer izetekotan, bizkaiera edo mendebaleko euskerie dala. Bonapartek be horixe esan auen orain 130 urtetik gora. Harek Gipuzkueko azpieuskalkixen sartu auen, Gatzagako barietatien. Eta gaur be iñork be ez dau esan kontrakorik. Kontu hau azkenengo aztertu dauenak, Koldo Zuazok, Deba arruen hiru multzo bereizi dittu (Debagoiena, Debaerdikoa eta Debabarrena), eta Aramaixo Debagoienan sartu dau, beste honeik herrixokin batera: Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Gatzaga eta Oñati.
Kontuen euki biher da Aramaixoko Oleta auzue aparte geldiketan dala, horko berbetiek Otxandixoko euskeriagaz antz haundixague daukelako.
Ahaztu doten datu inportante bat: Aramaixon ixe %90 euskaldune da; eta erabillerie be haundixe da, kalien asko bajaketan dan arren.
Aramaixoko euskerearen ezaugarri batzuk
Ez da bardin kaletarrai edo baserrittarrai entzun, gaztiei edo edadekuei… Betiko Aramaixoko euskerie entzun gure badogu, baserri-ingurure eta edadekuengana jo biher dogu. Eurak gorde daue hobetuen bertako euskerie.
Hona Aramaixoko euskerie zelakue dan erakusten dauen testu-zati bat, alfabeto ortografikuen ipiñitte (testuek kontetan dusku Santa Kurtz abadiek karlisten gerran zelan iges egin auen preso aukien Aramaixoko udaletxetik):
Bai, e, larrittu in sala ta aber, e, itxik'utzen balkoire freskura puskat urteten. Da baietz. «Que era, a pesar de que era un andalus pelma, ya me dejó», esta?, erderas. E urteten itxi tzela. Da gero, ba, are(k) pe pentzamentuek an, baaa..., au, gerrikue esate(n) gutzau guk, e, olan bueltan batzen dana. Da aber, ba, soltau en bier auela, larri auela ta, botaka en bier auela ta... Akaso euki be iguel eingo auen, esta?, bañe... Bere sera auken, siñtturioi e, ba, gerrikuoi, e, barandiei lotu, soldauoi, e, bestaldea beire auela ero, ba, entretenirute auen denporan da, ya!, salto eiñ. Eskuekiñ ebatu serai, siñtturoiei, siñtturoie an geatuko san, goixen lotute. Da andik, itxurie, etxakixau fijo seiñ erreka isengo san, bañe erreka sela salto eiñ auen. Isengo soan matarixie eote(n) soan ba an..., oin be an jak errekie. Nun esang'ustat? Baaa, ayuntamentue baño goratxuau puskat ee sera alderau, subixe? Itxurie, ara eingo joan buelta..., e, ba, salto. Ta andik Errotabarrire.
Testu-zati hau leiduten dauena segiduen konturetuko da hori euskeriori bizkaiera dala. Aditzari bakarrik begiratute, dudarik ez dau bizkaieraren moldie jarraiketan dauela (parentesi artien Euskara Batuko formie): larrittu in sala (larritu egin zela), itxik’utzen (utziko zion), esate(n) gutzau (esaten diogu), larri auela (larri zegoela), botaka en bier auela (botaka egin behar zuela), auken (zeukan), salto eiñ auen (salto egin zuen), isengo soan (izango zuan), jak (zagok), esang’ustat (esango diat), eingo joan (egingo zian)… Eta antzeko ondorixuek atarako gittuke beste sail batzuk (fonetikie, morfologixie, lexikue…) aztertuko bagittu.
Baiñe, jakiñe, ez da bardiñe Aramaixoko bizkaiera, edo Getxokue, edo Ondarruakue, edo Arratixakue. Bizkaiera barruen modu diferente asko dauzela esan geinke. Edozein moduten be, gauza askotan datoz danak bat.