Vulpes laukote mitikoaren zain
Bizkaie!
Euskal rock radikalaren sasoian, Vulpes bilbotarren ‘Me gusta ser una zorra’ kantuak sekulako astrapalea eragin eban, batez be, Espainiako komunikabide atzerakoienetan. Disko luzerik ez eben argitaratu, indar handiko single bakar bat baino ez eben plazaratu baina nahikoa izan zan punk zaleak erakarteko. Stooges eta Iggy Popen musikeagaz, ‘Me gusta ser una zorra’ kantuak bazterrak harrotu ebazan baina Ramonesen musikeagaz egindako ‘Suzy es una cabezota’, ‘Sexo por la cara’ edota ‘Deja tu sitio de una puta vez’ lako kantuakaz sekulako arrakastea lortu eben Loles, Mamen, Begoña eta Lupek.
Kontuak kontu, taldearen indarra eta eragina berreskuratu guran, Oihuka diskoetxeak Las Vulpes taldearen 13 kantu ezagunenak bildu ditu, taldeko buru dan Mamenek grabatuak eta zuzenduak. Diskoetxeak ‘Me gusta ser...’ maiatzean kaleratzeko asmoa eukan baina denbora batez itxaron egin beharko dogu Bilboko talde punkiaren estudioko lehen lan luzea entzuteko. Arrazoi bakarra ondokoa da: Mamenek, taldeko abeslariak, neumonia dauka, errekuperazinoa motel doa eta indar guztiagaz emon nahi ditu Las Vulpes taldearen azken kontzertuak. Esandako moduan, diskoagaz batera agurreko dozena erdi kontzertu emotekoak ziran eta bira hori be bertan behera geratu da. Las Vulpes taldearen lana irailean edo urrian atarako dau Oihukak eta zuzenekoak be hortxe bueltan izango dira.