Hauteskundeetako euskerea
Eusko Alderdi Jeltzalea & Eusko Alkartasuna koalizinoaren izenean, Juan Jose Ibarretxek egin dau berba Azukre-fabrikan, Gasteizen. Maialen Iriartek uste ebana baino beluago ailegau da birlehendakaria Ajuriaeneatik. Ez naz hasiko espliketan zer dan prosodia gaztea, baina inork jakin gura badau kontzeptuaren definizinoa, jo dagiala hiztegira. Seguruenik Ibarretxeren argazkia topauko dau adierazpen grafiko lez. Ez da interpretea nazala edo hizkuntzalaritzea gustetan jatala, baina elebiduna izateak subnormalak garala esan gura ei dau. “Los vascos y vascas confían en el cauce central...” eta handik gutxira “euskaldunek (eta euskaldunesek) erdibidean dute konfidantza...”. Oso ondo dago elebitasunaren legea, baina denporea urrea bada, euskaldunak “despilfarradore” hutsak gara. Horretaz aparte, azentukera arraroa dauka lehendakariak; euskeraz eskema egiten dau eta gaztelaniaz luze garatu (Balzak be bardin egin dau); euskerea be planaren modukoa dauka, librea (eta euskera batuari libreki), asoziatua.
PSE-EE alderdiaren partetik ez dot euskerarik entzun. A, bai, parkatu... Patxik “gabon” esan dau, Teruelgo gazte batek Afrikako herrialde baten uriburua aitatuko leukeen lez. Ostera, Lopezek kanpainan esan dauen lez, inoizko gehiena parajetu dira sozialistak euskal kulturara, ikastoletara, etab. Egia da gero kanpainarako sintonian txistu edo txirula baten kantua entzuten dala, baina ikastoletarako parajetzea asko jota ikastolako ateraino egingo eben, euskerean ez dalako ahaleginik igarri domeka gauez (kanpainan zer egin daben ez dakit larregi). Gauza bat argi dago: gurago dot Ibarretxeren euskerearen “hobetu beharra” Patxiren euskerearen “absentzia totala” baino.
Alderdi popularrean be, Maria San Gilek baldintza eta ahalera landu behar dauz. Akaso erdaraz berba egin dau beherakadearen errua Zapaterori leporatu deutsolako. Emoten dau haren baldintzea euskeraz ez egitea dala. San Gilen ordez, ahalera apur bat ikasita euki dau Arabako alderdikide batek, baina oraindino gehiago ikasi beharko dau ahalera ailegetako: nork-nori-nor-eko aditzak hirugarren personan baino ez dauz erabili; datiboaren markadun sintagmek ez dabe islarik euki aditz jokatuetan; esaldi sinpleak, menpeko perpausarik bat bera be ez. Hori bai, Iturgaitzek baino hobeto.
EHAK. Hizlari barriak hurrengo lau urteetako belarrietarako. Erauzkinek be “elebitasun errepikakorraren teoria” begi onez ikusten dau. Euskeraz berba egikeran berehala ikusi dot Gipuzkoako zerrendaburua zala: Kasillan eta gipuzkeraz berbetan. Gaztelaniaz konstituzionalistea iruditu jat: konstituzinoaren inposizino legalagaitik ikasiko eban euskerea seguruenik.
EB Berdeak. Madrazoren berba batzuk entzun dodaz euskeraz. Antton Karrerari entzunda neutson ahalegina ez jakola falta, baina sobrau be ez. Azkenean Karrerak erantzun dauz ETBko kazetariaren itaunak. Alkarrizketea baino ez izateko, PEGA (Politikarien Euskera Gaitasun Agiria) badauka.
Aralar. Ezenarrok ederto daki euskeraz. Zabaletak be bai, baina zabalegi joten dau hizkuntzen alternantzian.
Batasuna. Ai, Arnaldo. Azkenean elebidun danak jausi zarie ETB1/2 euskerea/gaztelania jokoan. Euskeraz ondo egin dozu berba, “suntsitze” txiki bat kenduta. Legebiltzarrean egon nintzan aroa gogora ekarriz, Gasteizko kamareak hizlari on bat galdu dau gaur. Egibarrek eutsi beharko deutso parlamentuko oratoriaren goiari.
Oro har, euskera gitxi entzun da. Entzundakoa ez da lar ona izan. Ondorioz, pentsau leiteke euskerearen gaurko presentziaren araberakoa izango dala programatako euskerearen presentzia. Lau urteko barri on!
Xabier Paia
Ez neban Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen ganeko testurik idatzi gura, benetan. Jardun, ibili eta ari aditzei buruzko testuari azken ikutua emon gura neutson telebista ikusi bitartean. Apirilaren 17a bider gaueko bederatziak zati Euskal Telebista gehi balorazinoak berdin hauteskundeak.
Botoak alde batera itxita, Bizkaieko irakurleen pantailara ekarri gura neuke EAEko politikearen buruen elebitasuna eta, batez be, euskerea. Argi itxi gura dot euskeraz egiteko asmoa daukien danei pazientzia tona bana opa(ritzen) deutsedala, euskeraz ondo egin gura dauen edonork euki behar dauen lez. Euren ahalegina ezin neurtu neikeen arren, pentsau gura dot erakusten daben emoitza baino hobea dala.
Banaka-banaka hasiko naz, politikari eta alderdi bakotxak jaso dauen puztarri euskaditar kopuruari jarraituz.