Eretxia  IV. urtea // 106. zenbakia

Legebiltzar gobernauezina eta berba egiteko beharra


Gauzak holan dirala, Jaurlaritzarako gehiengoa osotzea ez da lan samurra izango, 38 zenbaki magikoraino heltzeko gauza harrigarriak egin beharko dira eta. Orain arteko Jaurlaritzako hirukotea ez da nahikoa. Eta ez da nahiko izango Aralar gehitzea batzuek gura eben modura. Beraz, gehiengoa osotu ahal izateko, EHAKren ala PSOEren arteko aukeraketea egin beharko dabe koalizinoko alderdiek eta Ibarretxe lehendakariak.

Holan esanda erreza emoten dau, baina gogoratu daigun Jaurlaritzea baino gehiago dagoala jokoan legealdi honetan. Bat ala bestea aukeratzeak ondorio politikoak daukaz. Sozialistakaz bat egiteak Estatutu politikoa bertan behera lagatea ekarriko leuke. Eta ez dago jakiterik EHAK alderdiaren ibilbide politikoa zelakoa izango dan.

Era batean zein bestean, ez dau emoten gobernetea kontu erreza izango danik. Halanda be, ez da txarra izango hainbat arinen akordioak lortzeko beharrean hastea legealdi honetan jokoan dagozan gaiak kontuan hartuta. Argi dago, nire ustetan, bakegintzea eta Estaduagaz euki beharreko hartu-emonak berbagai potoloak izango dirana hurrengo hilabeteotan. Berbetan ordu asko emongo dabez gure politikariek legealdi honetan. Emoitzarik ete?

IƱaki Atxutegi

A zelako Legebiltzarrak urten dauen apirilaren 17ko hauteskundeetatik!

Kanpainearen hasierako inkestek Jaurlaritzako hiru alderdien gehiengoa segurua zala esaten eben. Orduan ez zan espero ezker abertzaleak ezelako ordezkaritzarik eukiko ebanik.

Zorionez, EHAK hauteskundeetan izan da. Herriarentzako notizia ona da aurreko hauteskundeetan ilegalizauta egon ziranei barriro boto legalak emon ahal izatea. Bestelako kontua da honek zelako ondorioak daukazan Legebiltzarreko matematikak atarateko orduan.

Seguru nago lerro honeek idazten dodazanean, alderdietako egoitzetan kalkulagailuak martxan dagozala, ketan. Alderdien arteko konbinazino teorikoak asko dira, zalantza barik, baina itxura guztien arabera, konbinazino posibleen barruan EAJ-EA ezinbestekoa da.

Ez da erosoa Ibarretxe lehendakariaren oraingo egoerea. EAJ-EA koalizinoak boto asko galdu ditu (lau jesarleku) orain lau urteko hauteskundeakaz konparauta. Alderdi sozialisteak, ostera, indartuta urten dau, popularren kaltetan. EHAKek uste baino hobeto urten dau, eta Aralar, lehenengo biderrez, Legebiltzarrean egongo da. UA alderdi foralista arabarra ez da Legebiltzarrean egongo.