Sarean  IV. urtea // 106. zenbakia

Sagarraren indarra


Oraintsu esan deuskue Mac OS X (10.4 bersinoa) “Tiger” izenaz ezaguna dan sistema operatibo barria apirilaren 29 salgai jarriko dabela. Euren esanetan, 200 barrikuntza baino gehiagogaz horniduta dator sistema operatibo hau eta harro baino harroago adierazo dabe 'konpetentziako enpresak zoratu egingo dirala holako barrikuntzak kopiau gura badabez'. Barrikuntzen artean, hona hemen nagusienak:

Spotlight: Macintosh ekipoetan gordeta dagoan edozein gauza arin baino arinago topetako era barria.

Dashboard: aplikazino txikien multzo bat, erabiltzaileari era automatikoan informazinoa lortzeko aukerea emongo deutsona: burtsako kotizazinoak, eguraldiaren barri, hegaldien ordutegiak, telefono agendak eta abar luze bat.

iChat: bideokonferentziak egiteko orduan irudiaren kalidadea asko hobetuko dauen sistemea da hau. Erabiltzaileek aldi berean 10 personagaz audiokonferentziak egiteko modua eukiko dabe.

Automator: sarritan egiten diran lanak automatizetakoo erabili geinken tresna.

Safari: internet nabegatzaile honegaz, egunkari nagusiekaz loturak egiten dira eta informazinoa gaurkotuta eskaintzen jaku, edota foro, weblog edo antzekoekaz be loturak eginda on-line batuko doguz agertzen diran barriak.

Gotzon Plaza,
informatikoa

‘Sagarrak osasuntsuak dira’ esaten eban gure amumak behintzat. Gozoak, osasuntsuak, era guztietara jateko modukoak eta berbarako, sagardaoa preparetako ezinbestekoak; batzuen esanetan, fruten artean erreginak baina sarritan ospea beste batzek lortzen dabe eta gure sagartxuak baztertuta geratzen dira.

Teknologiaren munduan be aditu askoren ustez Sagarra da nagusi baina ospea beste patrikera batzuetara jausten da. Jakina, frutea barik, sagar hau Apple konpainia da.

Ordenadoreen munduan eurek dira bidea erakusten dabenak, erropen moda munduagaz konparauta, Apple etxek “tendentziak” marketan deuskuezala esango neunke. Gero hain ospetsu bihurtu dan Windows sistemearen itxurea esate baterako, gure disko gogorra karpeten bitartez antolatzeko era ezagun hau eta batetik bestera fitxategiak kopietako sistemak eta bestelakoak orain dala makinatxo bat urte agertu ziran Macintosh sistemetan. Microsoft-en eskutik eta Windows sistemearen lehen bersinoen eskutik mundu osora zabaldu ziran eta ondorioz, Bill Gates-en enpreseak lortu dau ospea barrikuntzea euren lorpena izan balitz lez.

Apple beti egon da nahiko baztertuta merkatuaren zatiketan: datuek azaltzen deuskuenez, merkatuaren % 95 Microsoft (Windows) enpresearen esku dago eta Apple-en (Macintosh) zatia ez dala % 5era heltzen.

Ordenadoreen merkatuaren holako banaketea ikusita, Apple enpreseak beste bide batzuk jorratu dauz (honeek, euren filosofiari eutsiz beti izango dira aitzindariak): Internet eta musika deskargak buztartuz lortu dabe oraingoz buru izatea. Musika digitalaren arloan behintzat Apple eta bere “jostailua” dan iPod izeneko tramankulua indartsu dabiz. Ganera, Microsoft eta Sony bat egitekotan dagoz euren negoziorako daukien “mehatxuari” aurre egiteko. Gaur egun, musika digitala entzuteko tramankulu eroangarri elektronikoen merkatuan Apple enpresak daukan zatia % 87koa da (AEBn sei miloi ale baino gehiago saldu ziran pasa dan Gabonetan).

Jakina, aberatsak gehiago aberastu guran dabiz beti eta Microsoft-ek ez dauka nahiko ordenadoreen munduagaz, pastelaren zati eta birrin guztiak atrapetako ahaleginetan dabil. Apple-ekoak, barriz, ez dagoz geldi, badakielako ondo beste erraldoiaren mobimentuak ikusi eta jesarrita geratu ezkero, ez dagoalako zereginik.