Bertsotan  IV. urtea // 106. zenbakia

'Hitzak egin gaitu ezer'


Holan dauka izena Bertsozale Elkarteak preparau dauen erakusketeak. Txapelketa Nagusiaren urtea izanda, bertsolaritzea gizarteratzeko helburuagaz atondu da erakusketa hau, eta euskal herrietan ibiliko da erakusgai urte osoan zehar. Oiartzunen zabaldu dauz ateak eta bertan izango da apirilaren 29ra arte.

Bertsolaritzeak euskal kulturan ez eze, euskal gizartean be badauka bere lekua. Garaian garaiko gizartearen ispilu izan da eta gizarteagaz batera joan da aldatuz. Gaur horren osasuntsu badago, gizartearen ohituren eta preminen aldaketa horreetara moldatzen jakin izan dauelako da. Bertsoak kultur balore batzuk transmitidu dauzan modu berean, garaiko gizartetik edan dau, harek emondako gaiei erantzun deutse, eta garaiko jentea gozau arazoten eta baita zirikatzen be jakin izan dau. Bertsolaritzeak daukan funtzino sozial hori gizarteratzea da “Hitzak egin gaitu ezer” erakusketearen helburu nagusia. Erakusketearen gidoia Koldo Izagirre idazleak egin dau, eta ez jako falta izan “aditu” baten laguntasunik, Amets Arzallus bertsolari hendaiarrak jolas interaktiboak egin dauz-eta beren beregi. Alderdi tekniko eta estetikoaz Gurutze Susperregi arduratu da.

Erakusketan jasota dagoan informazino guztia lau paneletan dago banatuta. Lehenengoak transmisinoa erakusten dau, belaunaldien arteko loturea; bigarren panelak bertsolaritzea eta modernidadea erakusten dauz, bertsolariek garaiko tresna barriakaz izandako hartu-emonak eta hareei egindako bertsoak; hirugarrenak bertsotarako gaiak erakusten dauz, bertsolariek injustiziari, langileriari, sexuari, garapenari eta beste hamaika gairi zelan heldu deutsien; azkenik, laugarrenak bertsoa eta publizidadea erakusten dauz. Ez dago esan beharrik gidoi berezia atondu dauela Koldo Izagirrek. Zenbat informazino imini ete eutsien eskuetan! Modu erakargarrian lortu ei dau bertsolaritzearen historia geureganatzea. “Bertsorik gabeko Euskal Herri bat irudikatzea izan zen nire abiapuntua”, esan eban Izagirrek berak aurkezpenean, eta bertsorik bako balizko Euskal Herri horretan kultureak izango ebazan galerak aitatu ebazan arloz arlo. Bertsolaria entzuleagaz lotzen dauen komunikazino berezia azpimarratu eban.

Paneletan ikusi geinkez Txirrita eta Uztapide, Lazkao Txiki Sebastian Lizasori errieta egiten, eta baita Iturriaga Amuriza zirikatzen be. Etenik bako transmisino baten erakusgarri. Gai desbardinei emondako trataeran bada elementu kuriosorik. Izagirreren berbetan, “idazleok baino lehen aipatu zuten G puntua bertsolariek”. Bertsoak itxi dauen arrastoa alor askotan ikusi leiteke, ez bakarrik literaturan eta kantagintzan, ezpadaze prentsan, kartelgintzan eta publizidadean, besteak beste. Publizidadean izan dauen lekuak panel osoa merezidu izan dau. Garai batean nekazaritza mundura lotuta egoan bertsoa saltzeko erreklamu lez, baina gerora beste esparru askotara egin dau salto, eta gaur egun bertsoak ikusi geinkez aurrezki kutxen iragarkietan, Aspe pelota enpresan edo argitaletxe askotan. Panelen ondoan ez dira falta bertsolarien jardunean ohikoak diran elementuak: aulkia, mikrofonoa eta ur botilea.

Amets Arzallusek jolas interaktiboak egin dauz erakusketarako. Bisitariaren pasibotasuna apurtu gura izan dabe jolasakaz. Dana ez daiten izan ikusi eta irakurri hutsa, olgetako eta parte hartzeko aukerea emongo deutse bisitariari. Bertsolari sentidu daiten erakusketara hurreratzen dana. Puntuagaz, errimeagaz eta memoriagaz lotutako jolasak dagoz. Jolas interaktibo honeez gain, bada sei minutuko film labur bat be, Kepa Gonzalezek egina. Film labur honetan Koldo Izagirre gidoilariak bidaia bat proponiduten dau bertsoa eta eskulturea atxakia lez hartuta. Alkarregaz zerikusi gitxi ei daukien adierazpen bi lotu dauz Izagirrek, bertsolariei egindako oroitarriak ardatz hartu eta herririk herri, plazarik plaza, bertso usaineko bidaia eginaz. Erakusketearen bidaia Oiartzunen hasi da, bertako udaletxean egongo da-eta apirilaren 29ra arte, eta ostean Euskal Herrian zehar ibiliko da, udagoieneko Txapelketa Nagusiari hitzaurre egokia iminteko.

Iñaki Aurrekoetxea

Euskerearen adin bereko
ez da gaixotuko laster,
'nire aipamenak...'kantau ebana
ez ebilen bape oker.
Berbari txalo joaz egin da
bertsolaritzea eder,
bertsolariak, bertsozaleak,
danak bertsoari esker,
beraz badogu zer erakutsi:
“Hitzak egin gaitu ezer”