Reinas
"Reinas" filmak agiriko abantailea dauka, abagune historikoak emondakoa: komedia estaduan homosexualen arteko lehenengo ezkontzea izan aurretiko hiru egunetan girotzen da, aukera hau benetan legeztatzeko prozedurea abian dagoanean, hatan be. Alde horretatik ikusita, gidoilariek bete-betean asmau eta aurrea hartu deutsie gitxi barru errealidade bihurtuko dan eztabaida honi.
Ideia erakargarri honek makina bat aukera emoten dau; ganera, filman hainbeste antzezle eukiteak ikuspuntu desbardin ugari azaltzeko eta egoera hori modu askotan biziteko bidea zabaltzen dau. Halan, ikus-entzuleek endredo film batez gozau ahal izango dabe.
Gidoilariek ahalegin handiak egin dabez ikus-entzuleek arreteari eutsi deioen, kontakizunaren linealtasuna behin eta barriz apurtzen dauen kontakizun baten bitartez. “Reinas” komedia arin eta dotorea da, jasekoa; edozelan be, homosexualidadearen ganeko hainbat topiko irudikatu eta erritmoan, egoeren ugaritasuna dala eta, gorabehera ulergarri batzuk daukaz.
Hala eta guztiz be, film honek alkarrizketa onak daukaz, nahiko erritmo ona, ironiaz beteriko hainbat pasarte eta neurriko odol txarra. Horri guztiorri antzezle talde bikain bat gehitzen badeutsagu, ondorioztatu daiteke, aparteko beharra izan ez arren, “Reinas” film atsegina dala, ikusterraza.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Manuel Gómez Pereira.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 107 minutu.
- Antzezleak: Verónica Forqué (Nuria), Carmen Maura (Magda), Marisa Paredes (Reyes), Mercedes Sampietro (Helena), Betiana Blum (Ofelia), Gustavo Salmerón (Hugo), Unax Ugalde (Miguel), Hugo Silva (Jonás), Daniel Hendler (Óscar), Paco León (Narciso), Raúl Jiménez (Rafa), Tito Valverde (Héctor), Lluís Homar (Jacinto), Jorge Perugorría (César), Ginés García Millán (Néstor).
- Gidoia: Joaquín Oristrell eta Yolanda García Serrano, Manuel Gómez Pereiraren laguntzaz.
- Argazkia: Juan Amorós.
- Muntaia: José Salcedo.