Biok, Usansoloko thrash-metala
Bizkaie!
Biok taldearen lehenengo diskoa da ‘Margo debekatuak’ baina taldeak makinatxu bat zuzeneko kontzertu emon eta sariak be ugari irabazi ditu (Urduñako Maketa Lehiaketea, Basauriko Gaztetoki Maketa Lehiaketea euskera sailean, Euskadi Gazteako 12. Maketa lehiaketako entzuleen saria, II. Ondarroako Hiria Kontzertu Lehiaketea...). Edozelan be, diskoa ataratea ez da bape erraza izan eta ate asko jo behar izan dabezala autortu dabe taldekideek.
Thrash-metala, musika gogorra, zuzena darabil Biok taldeak, lantzen dabezan gaiakaz bat datorrena: kritika soziala, politikea, gizartearen faltsukeria, hipokresia...
Biok 1999an jaio zala esan daiteke Deiadar osotzen eben Aitor (Frik), Imanol (HKM), Joseba eta Unairi (Kalte), Ibon (DoNoDisturb) abeslari modura batu jakenean. Kantu ugari egin eta kontzertu piloa emon ostean, urtebetegarrenean, Carlos Creatorregaz maketea grabetea erabagi eben eta aurrera begira erabagiorra izan da. Berehala, kantu barriak sortzeari ekin eutsien eta, beraz, ‘Margo debekatuak’ diskoko 13 kantuak patxada handiz landutakoak dira.
Grabazinorako aukera guztiak aztertu ondoren, Mikel Kazalisegaz (Anestesia, Kuraia, Negu Gorriak, 2 Kate, Estigia...) feeling ona egon zan eta igazko zezeila eta maiatza bitartean grabau eben ‘Margo debekatuak’ diskoa Zarautzeko Fidelenean eta ondoko kolaboratzaileakaz: Expo (Kalte), Izazkun (2 Kate), Sergio (Eraso) eta Janire (Noraezean).
Diskoa aurkezteko zuzeneko kontzertuakaz hasita dagoz bizkaitarrak eta maiatzean, etxean, Usansoloko jaietan eskainiko dabena apartekoa izango dalakoan gagoz.