Italiako gidariak koltza orioaren bila
Valentzian orio begetalaz dabilzan autobusak dagoz
Dana dala, hau guztiau ez da barria; Europako Batasunak laguntza interesgarriak emon dauz orio begetalagaz dabilzan autobusak martxan iminteko; kasu baterako, Valentzian “Ecobus” izeneko egitasmoa 2004. urtearen amaieran sartu zan indarrean. Horren ondorioz, garraio publikorako 120 autobus dabilz Valentziatik zehar bidaiariak garraiatzen, Europako Batzordeak emondako 800.000 euroko diru-laguntzinoei esker. Autobusek erabilten daben erregaia orio begetal birziklatua da, jatetxe, taberna, ikastetxe eta ospitaleetatik ataraten dabena.
Bien bitartean, petrolioa gora eta gora dabil eta kontsumoa gero eta handiagoa da. Ganera, automobilek botaten dabezan gasak negutegi efektuaren eragile nagusienetarikoak ei dira, baina, batzuek behin eta barriro aitatzen dabe momentuz ez dagoala energia alternatibo argirik. Beste behin be, argi geratu da bestelako alternatibak egon badagozala.
Begiluzea
Italian gidariak konturatu dira azken belaunaldiko auto dieselak arazo barik ibili daitekezala koltza orioagaz. Autoa ondo dabil, motorrari ez ei deutso kalterik egiten, gitxiago kutsatzen dau eta askoz merkeagoa da. Edozelan be, Italiako gobernuak ez dau begi onez ikusi herritarrek egindako aurkikuntzea, zergetan miloeka euro galtzen dauzalako.
Gauzak holan dirala, egun gitxitan agortu dira koltza izakin guztiak Tentroko erreginoan eta salmentak hamarrez biderkatu dira herrialdeko iparraldeko lurraldeetan.
Ustezko kalteak eta FAOren adierazpenak
Erregaien enpresa buruei lotutako alkarte batek adierazo dau koltza orio garbiak epe luzean motorraren injektoreei eta ponpeari kalte egiten deutsela. Konponketa Tailerren Italiar Konfederazinoak, ostera, datu hori guzurtau eta adierazo dau orioak ez dauela ezelako arazorik sortu eragiten eta, ganera, kutsadurea % 90 murrizten dala.
Erroman egoitza daukan, Nazino Batuen menpe dagoan eta elikaduraz arduratzen dan FAO agentzia ezagunak be uste dau koltza orioa erregai modura erabilteak herrialde pobreei itxaropen ate bat zabaltzen deutsela; izan be, garapen bidean dagozan herrialde pobre honeek koltza kopuru handiak produzidu leikiez diesel mineralaren lekuan erabilteko.
Iruzur fiskala dala eta, zigor zorrotzak
Momentuz, Italiako Finantza Guardiak kontuan ipini dau koltza orioa erregai modura gasolioaren ordez erabiltea zigor delitua dala eta, ondorioz, isun gogorrak ezarriko dauzala. Ganera, iruzur fiskala dala eta, kartzela zigorrak be egon leitekez, estaduak erregai mineralen ganean ezarritako zergak galtzen dauzalako.
Edozelan be, Italian barria bala-bala zabaldu da orain dala hile batzuetatik hona: koltza orioa biodiesel ezin hobea da eta gaur egungo Diesel motorretan erabili daiteke ezelako arazo barik.
Ganera, gitxiago kutsatzen dau eta ez deutso motorrari kalterik egiten, batez be motorrik barrienei. Hori ikusita, milaka italiar hasi dira koltza orioa erabilten, ohiko erregaia baino askoz merkeagoa dalako (litroko 0,60 euro inguru balio dau koltzeak Italian).