Musikea  IV. urtea // 106. zenbakia

‘Ilargi handi, zauri zarae’ disko-liburu-DVDak Lorca, Lauaxeta eta Nikolas Lekuona gerrearen biktimak buztartzen ditu


Zuzenekoetarako ikuskizun berezia preparau dabe diziplina desbardinen artean zubiak eregiz; Lorca eta Lauaxetaren artean sortutako hartu-emon literarioa taularatuko da, antzerkia (zuzeneko emonaldietan Interruptus taldeko bi lagunek parte hartuko dabe), musikea, poesia, pintura eta arte bisualak buztartuz.

Antzerkiaren bitartez, Lorca eta Lauaxeta agertuko dira eszenatokian bakotxa bere hizkuntzan poemak errezitetan. Jarraian, Zurak poema musikatuak eskainiko ditu, erreziteteari itxi barik eta proposamen bisuala be ez da faltako (Veronica Aguileraren bideo-pinturea).

Zuzenekoak:

- Apirilaren 14an, Hondarribiako Banakon.
- Apirilaren 16an, Elorrioko Arriolan.
- Apirilaren 21ean, Donostiako Amara Kultur Etxean.
- Apirilaren 23an, Oñatiko Gaztelekun.
- Apirilaren 28an, Bilboko Kafe Antzokian.
- Apirilaren 30ean, Getariako Ketarrin.
- Maiatzaren 1ean, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
- Maiatzaren 13an, Andoaineko Gaztetxean.
- Maiatzaren 14an, Irunen.

Bizkaie!

Federico Garcia Lorca, Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Nikolas Lekuonaren omenezkoa da Xabi Strubellek gidatzen dauen Zura taldearen lehenengo diskoa. 2004ko apirilean Oñatiko Potxo Argitalzuloak Lauaxetak 1935 eta 36an euskeratutako Lorcaren poemak musikaz jasteko proiektua aurkeztu eutson Zura taldeari eta Metak diskoetxeagaz batera, urtebete geroago, lana kalean dago. Diskoaren liburuxkan, Nicolas Lekuona ordiziarraren irudiakaz hornidu dira Lorca eta Lauaxetaren poemak eta, ganera, Bitoriano Gandiagaren 2000. urteko bersinoak be badagoz, euskera batuan. Danetara, bost kantu dagoz multzo bitan banatuta (diskoaren iraupena 40 minutukoa da): alde batetik, ‘Ilargi handi’ atalean, Lorcaren olerkiak eta Lauaxetaren (bizkaieraz) eta Gandiagaren (batuaz) itzulpenak: ‘Eiztari’, Lorcaren Cazador; Zaldikari´ren abestija (Cancion del jinete) eta Agurra (Despedida); ‘Zauri zarae’ atalean, barriz, Lauaxetaren olerkiak eta Gandiagaren egokitzapenak dagoz: ‘Langile eraildu bati’ eta ‘Artzain baten erijotzean’.

Musika estiloari jagokonean, Zura talde akustikoa da baina esperimentazinoak eta musika elektronikoak be badauka lekua eta olerkien sentimentuagaz bat egiteko musika gordina, biluzia, malgua topauko dau entzuleak. Sonoridade barrien bila dabilen taldea da eta kitarra klasikoak erabiliz eta bateria eskobilakaz joteak be ukutu berezia emon deutso. Horrezaz ganera, rockaren, flamenkoaren zein hip-hoparen eraginak be igarten dira diskoan.