Zinea  IV. urtea // 106. zenbakia

Produkzino indigenak izango dira protagonista Bilboko X. Zinema eta Lankidetza Zikloan


Bizkaie!

Mexiko, Guatemala, Bolivia, Zeelanda Berria, Kanada, Peru, Argentina eta Brasilgo indigenek egindako dokumentalak eta fikzinozko filmak izango dira ikusgai Bilboko Zinemaren eta Lankidetza Zikloaren hamargarren edizinoan. Bilboko Udaleko Emakume eta Garapen Laguntzarako Sailak eta Mugarik Gabe GKEk antolatu dabe ekimena eta apirilaren 18tik 22ra bitartean egongo da ikusgai Capitol zinemako hirugarren aretoan.

"Herrialde indigenak: indigenek egindako dokumentalak eta fikzinoak" izeneko ziklo zinematografikoak zuzendari indigenen lanak emongo ditu. Egunean hiru emonaldi izango dira: 17:30etan, 20:00etan eta 22:30etan. Emonaldi bakotxerako sarrerearen prezioa 4 eurokoa izango da.

Bigarren saioan, 20:00etakoan, Mexiko, Guatemala eta Boliviako zinemagile indigenak izango dira. Bertan, euren bideoak aurkezteaz ganera, emonaldiaren ondoren egingo daben mahai-inguruan parte hartuko dabe, eta hurreratzen diranakaz bideoak egiterakoan bizitako esperientziak kontau eta mundu globalizatuan herri indigenek bizi daben egoerearen inguruko ikuspuntua agertuko dabe.

Gauzak holan dirala, apirilaren 18an, Mexikoko Herri Indigenen Komunikazino eta Zinemako Latinoamerikako Batzordeko (CLACPI) kide dan Juan José García izango da bertan; apirilaren 19an, Juliana Julajuj, Guatemalako Emakume Komunikatzaile Maien Zentroko (NUTZIJ) kideak hartuko dau parte; apirilaren 20an, Ana Vilacamak eta Franklin Gutiérrezek, Boliviako Zinemako Errealizazino eta Trebakuntzako Zentroko partaideek; azkenik, apirilaren 21ean, Guillermo Monteforte Mexikoko Herri Indigenetako Zinema eta Komunikazioko Latinoamerikako Batzordeko (CLACPI) kidea izango da bertan.

Bilboko Zinema eta Lankidetzaren 10. erakustaldi honen helburua herri indigenen munduaren ikuspuntua, kulturea eta nortasuna zabaltzea da, izan be, ikus-entzunezko baliabideei esker, mundu horrek bere espiritu bizia eta dinamikoa erakutsi leike.