Kulturea  IV. urtea // 106. zenbakia

Asel Luzarraga: ‘idazterakoan, gehiago identifiketan naz pertsonaia femeninoakaz’


Zientzia fikzinoa badauka liburuak, baina maitasunezko hartu-emon baten gaineko istorioa be bada.

Bai, bai. Nik pentsetan dot literatureak, orokorrean, hartu-emonen gainean egiten dauela berba. Idaztean, nire edo ingurukoen hartu-emonen gaineko hausnarketea egiten dot, eta, azken baten, gizakien hartu-emonen gainean egiten dot berba.

Naroa pertsonaiak pisu handia hartzen dau nobelan, eta maitagarriena be bera da.

Eta seguruenik, bera da protagonista nagusia. Idazterakoan, gehiago identifiketan naz pertsonaia femeninoen egoerakaz eta euren prozesuakaz. Aurreko liburuan be antzera pasau jatan. Hasikeran, itxuraz, protagonistak mutilak dira, baina aurrera egin ahala, pertsonaia femeninoek pisua hartzen dabe eta, niretzat, horreek dira kutunenak eta gehien zaintzen ditudanak.

Zeintzuk dira zure eraginak? Lehen Son Goku aitatu dozu, baina literaturan, zineman...

Zientzia fikzinoari begira, eta zinemaren gainean berbetan gagozala, jenteak aitatzen deust “Matrix”, baina nik, istorio honen ideia euki nebanean, ez neukan pelikula hori ikusita. Horrek baino eragin handiagoa sortu deust “Blade Runner” pelikuleak. Niretzat, zineman, hori da zientzia fikzinoaren paradigmea. Literaturan, zientzia fikzino gitxi irakurri dot: genero horretan, gehien maite dodan liburua Aldous Huxleyren “Bai mundu berria” da. Eta, beste alde batetik, manga komikiak: mangek indar handia daukie, eta narrazinorako estilo interesgarria. Kontua da nik, literaturan, badaukadazala nire gustuko liburu eta autoreak, baina ez dakit hori gero liburuan ikusten dan.

Arin idazten dauen idazlea zara, ezta?

Lehenengo liburua idazteko urteak behar izan nituan, sei bat. Hilabeteak emon nituan ezer idatzi barik, eta gero barriro hartu... “Karonte” liburuagaz be, hasikeran 15 orrialde inguru idatzi nituan eta gero urtebete egon nintzan ezer be idatzi barik. Gero, Igartza bekea akuilua izan zan, eta diziplinea hartu neban: astean behin goiz bat apur bat libre eukiteko eskaerea egin neban lantokian, eta holan, martitzenero, goizetan ordu bi emoten nituan idazten eta, gero, arrastietan be apurtxo bat, burua martxan neukalako. Lau hilabetean amaitu neban liburua, eta igazko zezeilean konturatu nintzan eginda egoala.

Alde handia igarri dozu “Hamaika ispilu ganbil” liburutik hona?

Bai. “Hamaika ispilu ganbil” sano pertsonala da eta askatasun osoz idatzi neban: unibersidadean nengoan, neure buruarentzat idazten neban, eta burutik pasetan jatan guztia idazten neban, konpromiso barik. Aldiz, “Karonte” liburuagaz argiago neukan zer gura neban: aurrekoagaz asko ikasi neban, baina hau landuagoa eta kontzienteagoa dala pentsetan dot.

Julen Gabiria

Asel Luzarraga bilbotarrak bere bigarren nobelea argitaratu dau: Labayrugaz argitaratutako “Hamaika ispilu ganbil” haren ostean, Elkarren eskutik dator oin, “Karonte” liburuagaz.

Zer da Karonte?

Karonte, Greziako mitologian, hildakoak ibaiaren alde batetik bestera garraiatzen dituana da, bizidunen mundua eta hildakoena lotzen dauena. Nik pentsetan neban hori gauza jakina zala, baina...

Liburua Bilbon hasten da, eta gero Tokiora doa. Zergaitik Tokio eta Japonia?

Japoniako kulturea aspalditik segiduten dot eta asko erakarten nau. Gaur egun, internet bidez mundu osoko informazinoa lortu ahal da, baina kontua da ni Tokion egonda nagoala, eta Tokion aitatzen ditudan lekuak eta gauzak “lehen eskukoak” dira, neuk ikusi eta bizi izandakoak. Harreman hori unibersidade garaitik dator: barregarria emoten dau, baina Son Gokuk dauka errua. Hasierako garaietan, Son Gokuren marrazkiak sano umoretsu eta surrealistak ziran, eta holan engantxau nintzan Japoniako marrazkiakaz eta, horren bidez, Japoniako kultureagaz. Sukar moduko bat izan zan: japoniera ikasten be hasi nintzan...

Internet aitatu dozu. Nobelean bertan be garrantzi handia dauka internetek.

Bai. Gaur egun, internet eguneroko ogia da guretzat. Horregaitik, nik buruan neukan ideiari sinesgarritasuna emoteko, elementu hori erabiltea erabagi neban: buruan elektrodo batzuk ipinita, ordenagailuagaz eta internetegaz konektauta, beharbada ospitalean ikusi daikie pertsona baten garunean zer pasetan dan. Eta, beharbada, kontrolau be egin daikie. Hortik abiatzen da intrigea, eta horrek emoten deutso zientzia fikzino kutsua.

Zientzia fikzinoa bai, baina gaur egun kokatutako istorioa da.

Bai, 2000. urtearen inguruan. Zientzia fikzinoa aitatzen danean etorkizun urruna eta teknologia ezezagunak jatorkuz burura, baina liburu honek benetako oinarria dauka: agertzen diran teknologiak existiduten dira edo horren gainean ikertzen dabilz. Garunak gordetan dauen informazinoa ordenadore baten kopietako aukerea aitatzen da liburuan, eta hori, antza, ikertzen dabilz gaur egun. Horren gaineko artikulu bat irakurri neban, eta horretan oinarrituta nik beste trama hau sortu neban.

Protagonistea zure edade inguruko mutil bat da, baina 18 urte bete barri daukazan neska bat be agertzen da, eta kontu beroak...

Holako hartu-emon motak egokiak dira erotismorako. Lehengusu-lehengusinak dira, eta egoera anbiguoa da, ze normala izan leiteke erakarpen horretan jaustea, eta gero zure buruari ukatu gura izatea hartu-emon hori badagoala, eta beste persona hori ikusi gura ez izatea...

Zenbat dauka protagonisteak zugandik?

Nire antzera, protagonisteak kutsu punka dauka, eta bere ikuspuntua be apur bat anarkoa da. Musika gustuetan be antzekoak gara. Baina bera ez da manga-zalea, eta bere lehengusinea bai: pertsonaia batzuen artean banatu dot nire izakerea eta gustuak. Protagonista ez da nire alter egoa; badaukaz nire gauzak, baina ez guztiz. Han eta hemen dagoz nire ezaugarriak, eta, danak batuta, asko dago nigandik.