Barriketan  IV. urtea // 106. zenbakia

Julen Gabiria: 'leidu, leiduten da, baina sartzen deuskuena'

Julen Gabiria (Galdakao, 1973) Soziologian lizentziaduna eta Enpresa Zientzietan diplomatua da, idazle saritua, itzultzailea, Bizkaie!-ko kolaboratzailea, zutabegilea, gidoilaria...; Julenek urte batzuk daroaz itzultzaile-beharretan eta gaur egun Labayru Ikastegian egiten dau behar. Idazle gazteak eleberri bi —Connemara gure bihotzetan, 2000 eta Han goitik itsasoa ikusten da, 2004— eta, Iparragirreren biografiaz (2001) ganera, ipuin bilduma batzuetan ipuinak be idatzi ditu. Oraintsu, barriz, Literatura Unibertsala bildumarako James Matthew Barrieren eleberri bi: Peter Pan Kensington lorategietan (1906) eta Peter eta Wendy (1911) batzen dituan Peter Pan itzuli dau.

1.- Makinatxu bat urte daroazuz idazten eta itzultzen, baina Peter Pan da itzuli dozun lehenengo liburua. Zelako esperientzia izan da?

Esperientzia ederra, aberasgarria izan da. Ez nekian zer izango zan, ze itzulpenak egunero egin arren, literaturako lehenengo liburua da itzultzen dodana. Egile baten buruan sartzea, idatzitako lerroetan zer dagoan aztertzea eta egile horrek zer esan edo adierazo gura izan dauen asmetea lan nekosoa baina ederra izan da. Egia da Peter Pan ez dala liburu korapilatsua, irakurketa errezekoa da eta egitura nahasirik bakoa; halan da be, mundu berezia jorratzen dau, idazlearen mundua zehatz esateko. Hizkuntzeagaz beste modu baten jolasteko balio izan deust esperientziak.


2.- Literaturea itzultzeak ez dauka zerikusirik testu arrunten itzulpenakaz. Peter Pan liburuaren kasuan, jatorrizko testuetatik asko urrundu zara?

Ez. Saiatu naz behintzat ez urruntzen. Egitura eta esangura aldetik jatorrizkotik hur dago nire testua. Kalkorik egin barik, egitureari eustea izan da hasieratik neure ardurea, hau da, Euskal Herriko irakurleek orain dala ehun urte Ingalaterrako irakurleek jaso ebena jasotea. Jakina, ingelesez bakarrik ulertzen dan txisteren bat agertzen izan dan kasuetan, itzulpen librea egin behar izan dot, hemengoek ulertzeko.

Liburua nahiko sinplea da, baina tarteka egitura barrokoak be agertzen dira. Hizkuntzea loratzen eta gauzak lotzen edo josten ibili behar dozu holakoetan, eta batzuetan euki dodaz bai burukomin batzuk, baina gauza gatxagoak be badagoz itzultzeko, hau ez da lar gatxa izan.

3.- Sarreran aitatutako Matthew Barrieren klasiko bi horreek umeentzako literaturatzat hartu izan dira, baina helduentzako be aproposak dira...

Bai. Kontua da ze umeen definizinoa eta kontzepzinoa aldatu egin dala 100 urtetan. Orain mende bat umeak 12-13 urtegaz edo beharrean hasten ziran; gaur egun, hamabi urtegaz umea zara. Sasoi haretan, Peter Pan, Alice in wonderland eta holakoen loraldi bat egon zan.

Bestalde, ez da ahaztu behar Peter Pan hasieran antzerkilan bat izan zala eta hori umeentzako beren beregi egindakoa izan zala; urte batzuk geroago etorri zan liburu formatuan. Hori bai, hasiera-hasieran helduek be ondo hartu eben lana.

Kontuak kontu, nik pentsetan dot hau gehiago dala helduentzako literaturea, izan be, helduak ume izan gara eta umeak ez dira izan heldu oraindino. Liburu honek alde biak daukaz, umeen mundua batetik baina helduen ikuspuntua bestetik ze Barrie idazle heldua zan; bere amesetako haurtzaroa imajinetan dau, baina kritikau be egiten dau umeen mundua.

4.- Zure nobela biak apropos idatzi dozuz gazteentzat ala berez urten deutsue holan?

‘Connemara gure bihotzetan’ berez urten jatan gazteentzat. Ez zan izan aurretiaz pentsautako kontua. Idazteko prozesuan ez dodaz gogoan hartzen irakurleak. ‘Han goitik itsasoa ikusten da’, barriz, ez da gazteentzako nobelea, helduentzakoa baino. Institutuetara liburuaren ganeko berbaldiak emoten joaten nazanean, ezer baino lehen parkamena eskatzen deutset liburua ez dalako eurentzat.

5.- Sari asko irabazi dozuz orain arte, baina Igartza sariak erabagiorrak izan dira zure ibilbidean...

Bai. Igartza bekeari esker idatzi dodaz lehen aitatutako nobela biak. ‘Peter Pan’ Literatura Unibertsala bildumarako lana da eta hori be beka bat izan da. Oraintsuko kontua da beka sistemearena eta oso positiboa da, izan be, ez dozu denporea alperrik galtzen, aurretik liburu osoa idatzi eta zain egon barik, bekeagaz, proiektua aurkeztu eta epaimahaiaren onespena jasoten badozu, urtebeteko tartea daukazu idazteko. Ganera, argitaratuko dala badakizu, eta horrek beste patxada bat emoten deutsu gauzak behar dan moduan egiteko.

6.- Joan Mari Torrealdaik eginiko azterketearen arabera, 2003an, euskeraz nahiz hizkuntza bietan idatzitako liburuen produkzinoak gorakada itzela izan eban: danetara, 1945 liburu kaleratu ziran, ordura arte gehien argitaratutako urtean, 2002an baino 312 gehiago. Datua ona da, baina ez ete dago alde ilunik? Kantidadea eta kalidadea bat ete datoz?

Datu gordina da. Ez dakigu horreetatik zenbat diran testu liburuak eta ganerako generoetakoak. Edozelan be, literaturearen produkzinoak gora egin badau merkatuak berak eroan gaitualako horra izango da. Dana dala, portzentajeak leku guztietan antzekoak dirala esango neuke, hau da, munduko edozein herrialdetan urtean 15 bat liburu on argitaratuko dira, eta gurean be datua antzekoa izango dala pentsetan dot, kopuru txikiagoetan baina antzeko proportzinoan. Merkatua erreala ete dan? Gure egoerea ez da ‘normala’, euskerea ikasi egin behar da eta euskaltegi eta ikastetxeetan liburuak irakurri egin behar dira; horrek edizino gehiago ataratea dakar, baina horrek ez dau esan gura liburua ona danik. Jakina, liburu on asko bazterrean geratzen dira, lehenengo edizinoetan edo apaletan geldi. Hori bai, pentsetan dot edozein literaturatan be antzeko kontuak izango dirala eta ez deutsat buelta larregi emoten datuari.

7.- Argitaratutako liburuak gero eta gehiago dira, baina tiradak txikiagoak. Kontraesana emoten dau, baina jenteak gero eta gitxiago irakurten dauela erakusten ete dau datu horrek?

Gai honeei buruz berba egitea ez jat gustetan, nik idazten disfrutetan dot. Dana dala, tirada txikiagoen kontuan, argitaletxeen bildurra aitatuko neuke ze tirada txikiagoak eginda, apostu sendorik egin barik, liburu gehiago atarateko modua ekukiko dabe segurutik eta eskaintzea zabaltzeko; liburu bategaz asmetan ez badabe beste bategaz erantzun ona lortu leikie.

Bigarren itaunari erantzunez, leidu bai, leiduten da, baina sartzen deuskuena, ez daukagu erispiderik geure kabuz dendara joan eta geure gustoen araberako aukeraketea egiteko. Ni egunero trenean eta metroan nabil eta jente asko ikusten dot leiduten, hori bai, gehienak erderaz; gaur ikusi dot bat SPrako tranbiaren itzulpena leiduten eta euskerazkoen artean, Atxaga da gehien ikusten dana. Normalean, danek irakurten dabez sailkapenetan lehenengo postuetan dagozan liburuak, baina kontua da ze, filmakaz, erropakaz eta ganerako kontuakaz be bardin pasetan dala. Sarritan, irakurle amorratuek be ez dabe jakiten zeintzuk izaten diran nobedadeak. Promozinoa da giltza eta Euskal Herrian ez da egin promozinorik orain gitxira arte.

8.- Argitaratutako libururik gehienak irakaskuntza arlokoak dira; bigarren lekuan, haur eta gazteentzako liburuak dagoz, hirugarren, giza eta gizarte zientzien ingurukoak eta, laugarren, helduen literaturea dago. Ze gogoeta egin zeinke?

Euskal Herriaren kasua ez dala isolatua pentsetan dot eta aitatu dozun sailkapen hori bardin antzekoa izango dala lekurik gehienetan; hori bai, gure herriaren berezitasunak kontuan hartzea komeni da. Lehen be esan deutsut, herri honetan euskerea ikasi egin behar da, eta horretarako materiala sortzea nahitaezkoa da. Ganera, geurea sortze edo sendotze bidean dagoan merkatua dala esango neuke; berbarako, oraintsu hasi dira filosofiako klasikoen itzulpenak egiten eta erderazko merkaturik gehienetan lehendik egon dan arloa da.

Bestalde, ipuinak eta poesia argitaratzeko argitaletxe batzuen ahalegina nabarmendu gura neuke. Aurtengo Liburu Egunaren harian, ipuin liburu piloa dator, eta merezi dauen generoa da.

8.- Apirilaren 23an Liburuaren Nazinoarteko Eguna izango da. Holako egunak aldarrikapenetarako egunak izaten dira. Liburuaren harian, zeintzuk izan daitekez aldarrikapenak?

Liburuaren Eguna ona da, liburuak erosi egiten dira, argitaletxeek atxakia daukie liburu barriak atarateko eta merkatua zabaldu eta orekatu egiten da. Edozelan be, ez jat gustetan gehiago leidu behar dala esaten ibiltea eta egunotan horixe mezua zabaltzen da, besteak beste. Dana dala, normalizazinorako eta aurreretxiak eta apurtzeko egun egokia dala uste dot; berbarako, orain gitxi institutu baten ikasleek esan eusten argi: ‘literaturea kakazaharra da’ eta hori ezjakintasuna baino ez da; ulertu neike jarrera hori ze behartuta leiduten dabez liburuak eta askozaz be gauza errezagoak daukiez eskura, telebista, Internet, bideojokuak...; nik beti esaten deutset ikasgelako 20ren artean bat edo bi bihurtzen badira irakurzale pozik egongo nazala, horreek biek mundu itzela deskubriduko dabelako.

Kontuak kontu, pasinoagaz erakarriko doguz gazteak literaturara eta irakaslea sutsua izatea nahitaezkoa da pasino hori transmitiduteko. Hori bai, jenteak literaturea gehiago ala gitxiago irakurteak ez deust ardura, literatureagaz, zineagaz eta beste arlo batzuekaz zabal jokatzea da gura neukena, hau da, jenteak ahalik eta gehien disfrutetea, aukerak ugari dira eta; beti genero bereko liburuak leidu beharrean beste liburu mueta batzuekaz ausartzea eta filmakaz, bardin, beti estilo berekoak ikusi beharrean, eskaintza zabal horretatik aukeratzen jakitea.

9. Zein da buruan edo eskuartean dozun hurrengo liburua?

Asti barik nabil,l baina uda ostean apur bat trankilago ibiliko nazala pentsetan dot eta bai, badaukat buruan ideia bat nobela bat idazteko. Hari nagusi bi daukadaz buruan eta horreek lotzea falta jat. Bilbon, gaur egun kokatuko da segurutik. Behin ijito bategaz euki neban flash bat da lehenengo haria eta bigarrena, barriz, lehenengoagaz zerikusirik ez daukan beste kontu bat; buruan alkartzen hasi jataz eta horixe da abiapuntua.

10. Ze liburu irakurten zagoz orain eta zein gomendatuko zeunke?

Asti falteagaitik, liburu asko hasi bai baina ez dodaz amaitzen sarritan. Orain irakurten nagoana gomendatuko deutsut ze euskal literaturakoa da ganera, Karmele Jaioren ‘Hamabost zauri’; ipuin laburrak dira eta oso gustora nabil irakurten. Datorren urtean, Karmelek nobela bat kaleratu behar dau eta hori be ederra izango dalakoan nago.

Bestetik, urteetan ikutu barik euki dodan liburu bat hartu dot bart: ‘Paginas ocultas de la historia’, Juan Bas eta Fernando Marias bilbotarrena. Liburu ederra.

Koldo Isusi Zuazo