Eretxia  I. urtea // 12. zenbakia - 2002ko urriaren 15a - Hamaboskaria

Amazonas, aurrerapenaren arrisku larriaren pean


Euclides da Cunha idazleak Amazonasen ganeko apologiarik ederrenetariko bat idatzi eta mende bat geroago, Brasilek arrazoia kendu gura ei deutso. Hemeretzi miloe persona bizi dira perturbazinorik txikerrenaren ondorioz desegiten dan oihan hauskor honetan, eta zortzi mila kilometro asfalto horreek oihan erraldoi honen azken hatsen hasikerea ekarri leikie. Holan pasetan bada, Euclides da Cunha idazlearen aitamen hau galdutako iragan baten irudia baino ez da izango: 'Gizakia hemen guztiz arrotza da. Inork ez eutson itxaroten eta inork ez eban gura, baina ailegau zan naturea ondino bere egongelarik handi eta ederrena egiten ebilen bitartean'.

Joseba Terreros

Gaur egun Amazonas Sartaldeko Europa baizen handia da. Brasilek abiarazotako errepide planaren ondorioz, munduko oihanik handiena Frantziaren erdiko lur eremura murriztu leiteke.

Historiaren ikasgaia

Abisua aspaldi idatzi zan. Orain dala zortzi urte zendutako Warren Dean ipar-amerikarrak argi eta garbi azaldu euskun bere liburuetariko baten. Bertan, Brasilgo historia basamortu bihurturiko herrialde modura deskribiduten da; izan be, Pedro Alvarez Cabral kapitaina 1500eko apirilaren 22an Brasilgo itsasertzera heldu eta gitxira, portugesek kostalde atlantikoa basamortutzeari ekin eutsien. 'Pau brasil' arbolea ustiatzen hasi eta kanaberak eta kafea landatu zituen lehengo baso atlantikoen ganean; basoon errautsetatik azukeragintza, siderurgia eta tren-industriarako egurra atara eben. Emoitzea ikaragarria izan zan: Cabral kapitainak baso modura ezaguturiko miloe bat kilometro koadroetatik %5 baino ez da geratzen.

Dean estadubatuarraren salaketeak Brasilgo baso-baliabideak agortezinak ziralako ustea hankaz gora jaurti eban; ganera, herrialdearen beste natur altxorrari, Amazonasi, etorkon geroa ulertzeko arrasto argiak zehaztu euskuzan. Ez dau emoten, dana dala, aurreikuspen horreek oso kontuan hartu diranik.

Egungo egoerea

Aurreko 500 urteetan barrena gizakiak nahiko izan dau baso atlantikoa suntsitzen. Sartalderago gordetako Amazonas ia birjina izan da orain dala hogeita bost urtera arte. 70eko hamarkadearen amaieran, bost miloe kilometro koadroko oihan erraldoi honen % 4 baino ez zan ustiatzen. XXI. mendearen hasikeran, kopuru hori hirukoiztu eta suntsituriko azalerea Frantziaren eremuaren parekoa da.

Beharbada hori ez da lar Sartaldeko Europa osoaren moduko lur eremua hartzen dauen oihan honen kasuan. Edozelan be, suntsipenaren erritmoa itzela da eta, ganera, gora egingo ei dau; esaterako 2000n 17.000 kilometro koadro birrindu ziran, hau da, 200 futbol zelai eguneko eta orduko.

Hilebete honetan egindako hauteskundeen bigarren itzuliaren begira bagagoz be, aurreko legegintzaldian Amazonaseko azpiegiturak hobetzeko abian ipinitako ekimena ez ei da lar atzeratuko. Plan horren arabera, 40.000 miloe dolar inbertiduko dira; kolektibo zientifiko eta ekologisten arabera, ostera, Amazonaseko azalerearen heren bi errautsiko dira.

Izan be, egitasmoaren neurriak itzelak dira: hamar portu baino gehiago, lau aireportu, gasbide bi, hiru zentral termoelektriko, hidroelektriko bi handitzeko lanak, trenbidea sartzeko 1.400 kilometro... Baina, batez be, 8.000 kilometro errepide.

Aurreikuspen ezkorrak

Mundu osoko zientzialariak bat datoz errepideak gune tropikaletako basoak mehazteko eta ostean desagertarazoteko katalizatzailerik onenak dirala esatean. Gaur egungo deforestazinoa be oihanean egindako pisten inguruan hasi da garatzen. Hau hobeto ulertzeko adibide argi bat emongo deutsuegu: Rondonia estaduko uriburutik Mato Grosso estaduko Cuiabáraino egindako 1.460 kilometro asfaltoren ondorioz, errepidearen albo bietako basoaren heren bat galdu da 15 urteko epean.

Gobernuak abian ipini gura dauen planaren jarraibideak beteten badira, Smithsonian Tropical Research Instituteko William Laurance biologo estadubatuarrak kalkulau dau 20 urteko epean Amazonaseko oihan birjinak % 28ko atzerakadea izango dauela. Laurancek berak be badauka are hipotesi ezkorragoa, gaur egungo eremua % 4,7ra murrizten dauena. Beste era batera esanda, gaur egun Sartaldeko Europaren parekoa dana, Frantziaren erdiko eremuan sartuko litzateke. Eta Laurance ez dago bakarrik. Beraren tesiak bat datoz beste ikerketa batzuekaz, berbarako Amazonaseko Ikerketako Nazino Institutuak egindakoagaz.

Sarri-sarri Amazonasen etorkizunaren ganean hondamenezko interpretazinoa egiten dan arren, oraingoan zientzialariek irudikaturiko egoerea lazgarria da. Daborduko ez dogu bakarrik ikusten egurketari eta abeltzainek oihanean barrena zabaltzeko eta basoa larre bihurtzeko biztutako suen inguruko irudia, ezpada, errepidez eta enpresa elektrikoez beteriko margo ketsua.

Gobernuaren plangintzeari egindako kritikek egitasmo honen aplikazinoa atzeratu dabe, baina ez dau emoten luzerarako kontua izango danik; aurreko gobernuko ingurumen ministroak guztiz txarretsi zituan hondamenezko prebisinoak eta aurrerapena basoaren iraupenagaz bateratzea lortuko zala adierazo eban.