Antxina-barri  IV. urtea // 106. zenbakia

Aita Santua Gasteizen


Utrechteko Adriano

Adriano Florensz, Utrechten jaio zan 1459an. Etxe apaleko semea izanda, sasoi horretan sarri pasetan zan moduan seminarioan sartu eta abadetzarako ikasketak hasi ebazan. Filosofia eta teologia ikasi eta gero azkenean benetan ondo jantzitako gizon hau erregeagandik hur egon zan. Gauzak holan dirala, 1515ean Carlos, gero Carlos I eta Alemaniako V. izenagaz ezagutuko zan errregeek berak Castilla eta Aragoiko erregetzarako eukazan aukerak aldarrikatzeko helburuagaz bialdu eban Adriano Gaztelara. Behin Carlos 1517an Castilla eta Aragoiko errege izentau eta gero, erregetza osoan Utrechteko Adriano, ordurako kardinal izentauta, izan eban bere aholkulari garrantzitsuenetarikoa eta Gaztelatik alde egin behar ebanean be Carlos erregeak Adriano ixten eban erregeorde modura.

1522an Carlos frantziarren kontra Hondarribian burrukan egoala, Adriano Gasteizen egoan, Juan Bilbao gasteiztarrak Cuchilleria kalean eukan etxean egun batzuk pasetan eta segurutik Carlosek aholkuren bat behar izan ezkero, hur egoteko asmoagaz.

Adriano VI Aita Santua

1522an hil zan Erroman Leon X Aita Santua eta urtarrilaren 22an hiletak ospatu eta gero, Aita Santu barria aukeratu eben. 1522ko zezeilaren 4an, Adriano Kardinala bere eguneroko mezea emoteko prest egoala, Gironako gotzaina hurreratu jakon eta belauniko jarriz Aita Santutzarako bera zala aukeratua esan eutson. Gironakoak esandakoa entzun eta gero, Adrianoren lehenengo berbak maite ebenak bere aldeko doluminak erakutsi beharko ebezala adierazoteko izan ziran, postu barria bape gogoko ez ebala erakutsiz. Berehala, egunero moduan mezea emotera joan zan inguruan batutako guztiak ahoa zabalik itxita.

Mezea emoten egoan bitartean, barria Gasteiz osoan zabaldu zan eta mezea amaitu zanerako jente piloa egoan batuta eleizaren kanpoaldean.

Erabagia hartuta egoala, Juan Bilbao etxetik urten eta Utretchteko Adriano, ordurako Adriano VI Aita Santua, San Franziskoko komentura joan zan bertan behar ziran moduko erropak jantzi eta jentaurrean Aita Santu lez lehenengo aldiz agertzeko.

Erromarako bidaia be preparauta eukan, baina Gasteiztik urten baino arinago bertokoek erregalu ugari egin eutsiezan: berbarako, udalak 10 burdi garagar, 8 kupel ardao zuri, laurden bi behi, 12 ahuntz, 12 antzar eta 6 pernil eskaini eutsiezan. Horrezaz ganera, abade eta tartekoek be 12 burdi garagar, hiru kupel ardao zuri, 12 ahari, 60 oilo, 12 ahuntz, 12 antzar, 12 pernil eta burdi bete naranja eta limoi eskaini eutsien.

Kontuak kontu, beharrezko preparazinoak egin eta hartu beharreko opariak hartu eta gero, martian Gasteizen ekin eutson bideari Adrianok; Burgos, Palencia, Valladolid, Zaragoza eta Tortosatik pasau ostean, Tarragonara heldu zan, handik Erromarako bidea hartzeko.

Urtebete eta zortzi hilabete iraun eban Aita Santutzan Adrianok eta bere lana laburra izan bazan be, bere agintean ahalegindu zan ordura arteko Aita Santuek emondako irudi eskasa hobetzen: Aita Santuak izandako aberastasunak alde batera itxi eta pobretasunean bizi izan zan, horretarako Vatikanoko lekurik apalenean gelak hartuz. Bestalde, kanpo hartu-emonetan Frantziaren indarraren kontra burrukan ibili eta turkiarren agintari zan Saladinoren aurrerakadeari aurre egiten ahalegindu zan.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Egunotan Aita Santuaren heriotzea eta hileta izan doguz berbagai. Behin hileta eleizkizunak ospatu eta gero, eztabaidea zera da: Aita Santuaren oinordekoa nor izango ete dan eta zeintzuk izango ete diran haren ezaugarriak: aurrerakoia, konserbadorea, hegoafrikarra, amerikarra, alemana, baltza, zuria...; edozelan be, aukeraketa prozesua amaitu arte, dana izango da eretxia, susmoa, azterketea eta holako kontuak.

Aukeraketa prozesuaren harian, gaurko artikuluan euskaldunak eta Aita Santuaren aukeraketea batzen dauzen bitxikeri bat ekarri gura izan dogu gure orrietara, hain zuzen be, Gasteizen egoala Aita Santu aukeratu eben kardinal baten historia.

Gure artikuluko protagonistea Adriano VI Aita Santua dogu. Bera, 1522tik 1523ra arte izan zan Eleizaren buru. Baina ikusi daigun nor zan Adriano hau.