Jan-edanak  IV. urtea // 106. zenbakia

Egurrezko upelean ardaoaren zahartze denporea ezbaian


Lan hau egiteko ardao baltz nahastauak eta ardao monobarietalak erabili ziran. Lau ikerketa arlo jorratu ziran eta ardao eta upel desbardinetan azterketa kimikoen eragina aztertu zan. Lehenengo ikerketan, 12 hilabete frantziar eta amerikar haritzezko upeletan egindako ardaoa aztertu zan (upelak bost urtetan erabilitakoak ziran). Ondoren, 18 hilabetean frantziar haritzezko bi urteko erabilerako upeletan zahartutako ardao baltza aztertu zan. Ganerako biak biak, merlot ardaoa eta cabernet sauvignon ardaoak izan ziran, biak gradu eta pH desbardinekoak eta 17-18 hilabetez amerikar haritzezko urtebeteko erabilerako upeletan zahartuak.

Ikerketearen ondorioak izan ziran, bost urteko erabilerako upelek, ia-ia ez eutsela ezaugarri aromatikorik eransten ardaoari. Horrezaz ganera, ikerketeak gaineratzen dau, upel guztiek erantsi eutsezala osogai lurrunkor edo bolatilak ardaoari; edozelan be, frantziar haritzezko upelek amerikar haritzezkoek baino gehiago.

Imanol Sarasola,
enologoa

Oso eztabaidatua da enologoen artean zenbat denbora emon behar dauen ardaoak upelaren barruan zahartze prozesua onena izan daiten. Gaur eguneko araudiak dino ardao baltz Erreserbek gitxienez 12 hilabete egon behar dabela upelean eta 18 hilabete Erreserba Handiek.

Nafarroako Unibersidade Publikoan Teresa Garde Doktoreak eginiko ikerketa batek dakarrenez, ardaoa upelean egoteko tarte egokiena 12 hilabetetik beherakoa da.
Egurrak (upelak) ardaoari eransten deutsozan ezaugarrien kontzentrazino egokienak, 10 eta 12 hilabeteren tartean emoten dirala azaltzen dau ikerketeak, gaur egun legediak dinoanaren azpitik dagoan tartea, hain zuzen be.

Horrezaz ganera, frogatu ei da tarte horretatik aurrera, ardaoaren usainaren onerako ezaugarrien kontzentrazinoa ez dala gehitzen eta kasu batzuetan gitxitu be egiten dala.

Ikerketa hau egiteko arrazoiak, ardaoak upelean egiten dauen zahartze prozezua ikertu eta ezaugarri desbardinen eragina aztertzea izan ziran; ganera, upelaren adina, zahartze denporea, ardaoaren osogaiak eta haritzezko egurraren osogai lurrunkor edo bolatilak ikustea be aztergai izan ziran. Lan garrantzitsua, duda barik, izan be, ez dago lan zientifiko askorik arlo honetan.

Aitaturiko lan hau Nafarroako Unibersidade Publikoan aurkeztu zan doktore tesi modura eta lortutako kalifikazioa bikain “cum laude” izan zan. Lanaren izenburua “Ardao baltz zahartuen osoketa lurrunkorraren azterlana” da.