Jan-edanak  IV. urtea // 106. zenbakia

Mirarizko dietak


Mirarizko dieta ezagunenak honeek dira:

- Gorputza garbitzeko dietak: gaur eguneko elikadurearen ondorioz hartzen doguzan toxinak botaten doguz dieta honegaz (jateko industrialak, gatza, transjenikoak...). Dieta honeek ez dira pisua galtzeko eta, ondorioz, ez dabe emoitzik emoten.

- Elikagaiak nahastetan ez dituan dietea: dieta honek elikagaien konbinazino berezia eskaintzen deusku, gure ohitureagaz zerikusirik bako konbinazinoa. Normalean, dieta honegaz proteinak eta karbono-hidratoak daukiezan elikagaiak ez dira aldi berean jaten. Proteinen eta karbono-hidratoen nahasketea oso txarra dala dinoe dieta honen aldekoek, prozesu kimiko batzuk besteen kontra joten dabelako eta horrek gaixotasunak eragiten ditualako. Ikuspuntu zientifikotik eta fisiologikotik, dieta honek ez dauka ezelako oinarririk. Ganera, elikagai askok proteinak eta karbono-hidratoak daukiez eta, beraz, nahastean jan geinkez. Dana dan, esan behar da pisua galtzen dala, baina ez dietea orekatua dalako, gitxi jaten dalako baino.

- Dieta arinak edo mirarizkoak: Emekumeei zuzendutako aldizkarietan agertzen dira gehienak. Normalean, dieta honeek ‘gantxo’ legez erabilten dabez emakumeek aldizkaria eros dagien. Publizidade zuzena eta gogorra erabilten dabe, sensazionalismo hutsa dala esan geinke. Denpora gitxian pisu asko galtzen dala dinoskue, honako berbakaz: “koipe erretzaileak” edo “metabolismo aldatzaileak”. Erabilten daben metodoa janaria kentzea da, hori bakarrik. Holan, gorputzaren ura eta proteinak galduko doguz, baina koipea ez. Arinegi egin gura doguz gauzak eta osasuna ahaztuten dogu. Dieta ixten dogunean, galdu doguna baino gehiago hartuko dogu. Honi “errebote efektua” deitzen deutsagu. Behin baino gehiago hori egin ezkero, “yo-yo efektua” igarriko dogu: pisua galdu eta pisua hartu, behin eta barriro.

Pasa dan urtean ADDENA-ren (Asociación de Dietistas-Nutricionistas Diplomados de Navarra) partaide batzuk ikerketa interesgarri bat aurkeztu eben gai honen inguruan: 2001etik aldizkarietan agertutako 86 dieta aztertu ebezan, pausu honeek segiduz:

- Dieten elikagaiak aztertu eta eguneroko gomendioakaz konparau
- Zenbat pisu galtzeko aukerea egoan eta zenbat denporatan
- Dietea segiduteko aholkurik baegoan ala ez
- Zenbat jatordu egunero
- Elikagaien kantidadeak eta neurtzeko moduak

Honako honeek izan ziran emoitzak:

- Gehienek ez dabe balio pisua galtzeko
- Ikuspuntu zientifikotik, gehienek ez daukie fundamentorik
- Normalean, elikagaien gabezia daukie
- Ez dabe zelan jan behar dan irakasten, hau da, ez dabez elikaduran daukaguzan errakuntzak zuzentzen

Pisua galtzeko elikadura orekatua jarraitu behar dogu, kirola egin, ura eta zuku naturalak edan eta dieta egiterakoan dietista-nutrizionista batengana jo. Gorputzak eskertuko deusku.

Amaia Laforga Peña
Dietetikan eta gizaki elikaduran diplomaduna

Udabarria heldu da, beroa, eguzkia, oporrak, erropa aldaketea…Eta holan, bat-batean, udabarriagaz batera gure gorputza aldatu dala igarten dogu: igazko erropeak ez deusku balio, kilo batzuk sobran daukaguz eta ahalik eta arinen kendu gura doguz.

Momentu horretan agertzen dira auzokideei eta dendariei entzundako dieta zoragarriak. Aldizkarietan be, milaka mirarizko dieta topau geinkez. Hain erraza emoten dau! Ganera, publizidadea oso zuzena da: 'kiloak galdu bat-batean, danetarik janez, goserik pasau barik!'

Holako dietakaz adi ibili beharko dogu, pisua galtzea ez dalako erraza eta osasunari kalte egin ahal deutsagulako. Edozein dietak ez dau balio pisua galtzeko. Persona bakotxak dieta berezia behar dau, gorputz bakotxak behar espezifikoak ditualako eta honeek bete behar diralako dietea osasuntsua izan daiten.