Otamendirentzat zortzigarrenez Arabako Bertsolari Txapelketa
Behin saio puntuagarri guztiak amaituta, hauxe izan zan sailkapena:
1. Asier Otamendi: 565.5 puntu
2. Oihane Perea: 563.5
3. Manex Agirre: 362.5
4. Juan Mari Juaristi: 356
5. Zigor Enbeita: 354.5
6. Iñaki Viñaspre: 323.
Imanol Lazkano Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehendakari izandakoak jarri eutson txapela Otamendiri, eta oroigarria egungo lehendakariak emon eutson, Iñaki Muruak.
Hau izan da Arabako Bertsolari Txapelketak emon dauen guztia. Gogoratu, buruz burukoan ibili diran bi bertsolariak, Oihane Perea eta Asier Otamendi, urria eta abendua bitartean jokatuko dan Euskal Herriko Txapelketan lehiatuko dirala.
Maiteder Sasieta
Finalean bost bertsolari taularatu ziran Asier Otamendi Urretxuko gasteiztarrari txapela kentzeko prest: Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Juan Mari Juaristi, Manex Agirre eta Zigor Enbeita, danak Naroa Sasieta gai emoilearen gidaritzapean. Asier Otamendi zan faborito nagusia, eta ez eban hutsik egin. Kanporaketa eta final aurrekoak ikusita maila ederrekoo finala espero zan, eta baita eskaini be, gustura gelditu ziran behintzat aretoa bete eben ikus-entzuleak. Igazko finalaren aldean maila oso ona erakutsi eben sei bertsolariek.
Fase bitan banatu zan bertsolariek egin beharreko lana; lehenengoan, bertsolari danak eta bigarrenean lehenengo fasean puntu gehien lortutako bi bertsolariak; Asier Otamendi eta Oihane Perea hain zuzen be. Hau izan zan lehen fasean bete behar izan eben lana: binaka gaia emonda hiruna bertso zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian eta banaka puntuari erantzunda eta gaiari bina bertso doinu eta neurri librean. Buruz burukoan hiruna bertso bota behar izan ebezan seiko motzean ofizioka eta kartzelako gaiari hiruna bertso neurri eta doinu librean.
Ofiziotan ibili ziran sei bertsolariak lehenengo. Txapelketa bat izanda aitatzekoa da bertsolarien azkartasuna bertsoak botateko momentuan, bakarkako lanetan moteltasun apur bat atzemon arren, fin ibili ziran binaka. Zortziko txikiagaz ez eben asmau, baina zortziko nagusi eta hamarreko txikian bertso oso politak entzuteko aukerea izan zan.
Bertsolariek euren buruak erakutsi gura izaten dabez bakarkako bertsoetan eta atzo be holan izan zan. Bertso politak bota ebezan gaia emonda neurri eta doinu librean, ze puntuari erantzunari dagokionean ez zan aitatzeko bertsorik egon.
Asier Otamendi eta Oihane Perea izan ziran bigarren fasera pasau ziran bertsolariak. Biek lan polita egin eben, kalidade handikoa ganera. Azken puntuaketan be igarri zan hori, izan be, Otamendik bi puntuko aldea baino ez eutson atara Pereari.
Seiko motzeko ofizioan bikote ezkonbarri baten azalean sartu ebezan bertsolariak. Eztei bidaia egitera Erromara joanak ziran, eta Asierrek Aita Santua zana ikusteko aprobetxau gura eban bidaia, baina Oihanek ez.
Otamendi:
Erromatik pasioa
Galdu gabe juizioa
San Petri plaza bisitatzeko
Obligazioa.
Horra nire desioa
Badugu okasioa,
Aita Santuak emango digu
Bedeinkazioa.
Perea:
Lehendabizi ezkontzeko
Ta haurrak bataiatzeko
Zuk gol ugari sartu dituzu
Ai dagoeneko.
Eta gu bedeinkatzeko
Gu pasioan hobeto,
Ilusiorik ez daukat momia
Zahar bat ikusteko.
Kartzelako lanean be ederto ibili ziran biak. Hau izan zan Sasietak jarri eutsen gaia: “Esnatu barri zara, baina gaur ez dozu ohetik jagi gura”. Otamendik errealidadeari leporatu eutson jagi gura ez izatearen errua, eta amesetan hobeto bizi zala aitatu.
Nire buruan, oraintxe bertan
Bueltaka hamaika egi
Gogoan daukat, gure munduan
Badela nahiko miseri.
Baina gauean pentsamenduak
Ez ditut eduki geldi
Mundu berri bat koloretsua
Hantxe zitzaidan ageri.
Ez zen goserik, ez zen hiesik
Hala iruditu neri
Mundu guztia irribarreka
Bere begi ta aurpegi.
Iratzargailu txirrina entzun
Eta ez ote da zilegi
Ohe hontatik altxatu ordez
Nire ametsetan segi.
Azken bertsoa be erabateko moduan amaitu eban: “norbaitek nere beharra badu / bila etorri dadila”.
Oihanek be itzel erantzun eutson gaiari bere emakumetasunetik:
Egun berri bat izan daiteke
Iluna edo itzela
Baina aspaldi ez dut sentitu
Zoriontasun epela.
Maite ez dudan senar bat daukat
Ankerra eta krudela
Joan da beti bezela (bis).
Buelta erdia eman behar dut
Jarraituko dut horrela
Soilik seguru sentitzen bainaiz
Ametsetan nagoela.