Bertsotan  IV. urtea // 105. zenbakia

Haurdunaldiak eta bertso-jardunaldiak


Askok esan leike, bardintasunaren legea defendiduteko asmoz, lotsagarria dala aita izan diranei aitamen berezirik ez egitea. Izan be, azken boladan, bertsolaritzearen transmisinoa bide fisikotik jorratzen ari da Bertsozaleen Alkartea: Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Iñaki Aurrekoetxea (aitatasunaren bertso batzuk egin beharko deuskuz Bizkaie!-rako, ez?)... Kimu barriak badatoz.

Tabladu ganeko jardunean, ostera, aitatasuna ez da igarten; amatasuna orain arte be ez, bertsolari emeek plaza abandonetan ebelako hilerokoa aldi baterako galdu baino lehen. Ezagun da emakumeek bertsotan egiten ebena; ganera, emakumeek harro esan leikie historiako datazinorik zaharrenak eurenak dirana:

1452ko Bizkaiko Foru zaharreko bi aitamenen arabera (eta, dudarik barik, bertsolaritzeari buruzko aitamenik zaharrenak dira), garbi ikus leike bertsolaritzea indarrean egoala ordurako, legeak ez ebalako bestela ha galarazoteko nekerik hartuko. Zehatz esatearren, 35. ataleko VI. legeak bat-batekotasuna emakumeen kontua dala dinosku. Orduko administrazinoa bizkaieraz leidutea ez da kalte:“…de aquí adelante quando quier que alguno muere en Vizcaya o fuera de ella, por mar o por tierra, persona alguna de todo Vizcaya, Tierra llana, villas e ciudad no sea osado de hacer llanto mesándose los cabellos ni rasgando la cabeza, ni haga llantos cantando… so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez.”

Lasturko Milia, Hondarribiko Joxepa, Justina Aldalur... horreetatik Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidirengana egin behar dogu salto. Bertso-eskolatua hori azkenori eta ez bestea, azken hogeita bost urteetan emaria handituz joan dan iturriaren lehen tanta barriak izan ziran. 1993an Iratxe Ibarra Bizkaiko Bertsolari Txapelketearen finalera ailegau zan lehenengoz; urte hartan bertan, berak, Maialen Lujanbiok eta Estitxuk bertsolaritzea potro kontua ez zana argi itxi eben Bertso Egunean. 1997an emakume bat ailegau zan lehenengoz Belodromora eta handik lau urtera txapeldun orde izango da. Ikusi beharko da zelangoa dan bilakaerea urte honetan.

Azkenik, hare alez osotutako historia horri Oihane Pereak ale barri bat eskaini deutso: bertsolaria haurdun. Hurrengo alea bertsolaria ama danean emongo dau, ala titia emoten deutsonean tabladu ganean, ala amama bertsolaria danean...

Oraindino luzea da emakumeek bertsolaritzan egin behar daben bidaia. Eze, non gelditzen dira tabernetako gonak eta takoiak eszenatoki gainean? Ba al dago emakume bertsolaririk atzoskolak pintetan dauzenik? Bizitzan lez, bertsolaritzean be danetarik egon behar da.

Xabier Paia

Joan dan zapatuan bertsolaritzearen prentsa arrosak aurrerapausu itzela emon eban Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan. Saioaren lehen agurrean, Asier Otamendi “txapeldunisimoak” atzean eukazan etsaikideen banakako aitamenetan, Oihane Perea aitatu eban, neska gasteiztarrak kondoirik erabilten ez ebala esanez: “Oihanek ez dut kondoirik jartzen/ begi bistan den bezala.” Oihaneri erreparau eta ez jakon aparteko sabelik igarten, baina inork ez eban pentsau Otamendirena broma sarkastikoa zana, ez zalako.

Oihane Pereak urteak daroaz amets bera lortu guran: “txapelik” erabili barik, txapela janztea. Berba jokoa argitzeko, Pereak ama eta Arabako bertsolari txapeldun izan gura dau; akaso dana batera ez, baina posiblea bada hobeto. Eta bai, esan beharrean gagoz:

Oihane Perea haurdun dago.