Guggenheim Bilbao Museoaren 5. urteurrena
Bilboko Guggenheim Museoak orain 5 urte zabaldu zituan ateak, 1997ko urriaren 19an hain zuzen be. Hasikerako momentu hareetan goraipamenak eta kritikak entzun genduzan nahastean, baina gaur egun, gizartean ia-ia erabatekoa da museoaren onarpena.
Bost urteko tarte horretan, bost miloe baino gehiago izan dira bisitariak eta museoan ikusgai egon diran erakusketa batzuk munduko 20 erakusketa bisitatuenen artean dagoz. Baikorrenen aurreikuspenak erraz gainditu dira eta, artearen munduan, nazinoarteko erreferentzia derrigorra dogu Guggenheim Bilbao Museoa.
Museoaren barrualdean erakutsitako erakusketak maila handikoak izaten badira be, gehienek eraikinaren beraren balio estetiko eta arkitektonikoa nabarmentzen dabe; izan be, zehatz urratzailea eta barritzailea da.
Bost urte joan dira konturatu be egin barik, baina daborduko balantzea egiteko momentua dalakoan gagoz eta horixe eskatu deutsagu Guggenheim Bilbaoko Komunikazino Arloko Koordinatzaileari, Ana Lopez de Munaini:
1. Ezer baino lehen, zorionak 5. urtebetetean. Zelako balantzea egiten dozue?
Eskerrik asko. Datuak oso ondo emon dozuz lehen. Guggenheim Bilbao Museoak 1997ko urriaren 19an zabaldu zituan ateak eta hasikerako prebisinoak arin gainditu ziran. Balantzea, beraz, ezin hobea da, kontuan hartuta 5 miloe lagunek bisitau dabela museoa, 140 enpresa baino gehiago dagozala kide korporatiboen programan eta museoko lagunen kopurua 14.000 milatik gorakoa dala.
2. Urtebetete egunerako ekitaldi berezirik preparau dozue?
Egia esan, urte osoan zehar gabilz jarduera asko eta era guztietakoak preparetan, besteak beste, berbaldiak, kontzertuak edota zinema eta dantza zikloak. Dana dala, azken ekitaldi edo eskaintza gisa, urteurrenagaz bat eginik, 'Ateak Zabalik' egunak izango dira urriaren 19an eta 20an eta, jakina, museoaren sarrerea doban izango da.
3. Bost urteko ibilbide horretan, kritikak be entzungo zenduezan (Guggenheimen ez dagoala lekurik edo aukerarik artista 'txikientzat', Guggenheim egiteagaitik asko eta asko diru-laguntzino barik gelditu dirala, titanioa zikin dagoala...); zeintzuk izan dira mingarrienak?
Kritikak, oro har, ez dira gustura hartzen, baina batzuk mingarriak dira, batez be bidebakoak edo zentzunbakoak diralako. Berbarako, askok esaten dabe Guggenheim Museoaren kanpoaldea baino ez dala dotorea edo ikusgarria eta barruko artelanak, ostera, eskasak dirala. Baieztapen horreek, kasurik gehienetan erakusketak ikusi barik eta arte kritikoen eretxi edo kritikak leidu barik egiten dira. Guggenheim Bilbao Museoan maila handiko erakusketak egoten dira, eta nik esatea ondo ez dagoan arren, ez da nire eretxia bakarrik; izan be, bertoko eta nazinoarteko arte kritiko eta adituek goraipatu egin ditue behin eta barriro museoan ikusgai egon diran erakusketak.
4. Guggenheim Bilbao Museoaren erabilgarritasuna sekulakoa da beste museo batzuekaz konparauta. Guggenheimeko atrioan aurkezpenak, berbaldiak, kongresuak, jaiak, kontzertuak eta afariak be egin dira. Museoa baino zeozer gehiago da Guggenheim?
Duda barik, topagune berezia be bada. Museoaren zeregin nagusienak artea erakustea, bilduma propioa egitea eta publikoari artea jakinarazotea badira be, bestelako ekitaldietarako be zabalik dago. Esaterako, museoko ekitaldi artistiko askotarako hain garrantzitsua dan kide korporatiboen laguntzinoaren trukean, euren ekitaldiak antolatzeko museoko espazioak erabilteko eta museoaren irudia erabilteko aukerea emoten jake.
Beste alde batetik, Entzungelan arteagaz zerikusi handia daben ekitaldi ugari programetan dira: berbaldiak, mahai-inguruak, kontzertuak, zinema zikloak, dantza asteak eta bestelakoak. Horreek danak oso interesgarriak dira museoaren jarduera nagusia osotzeko.
5. Munduko 20 erakusketa bisitatuenen arteko batzuk Bilbon egon dira. Ez da erraza izango hori lortzea nahiz eta museoaren eraikinak berak be jente asko erakarri?
Kasu batzuetan, gehienetan ez esateagaitik, erakusketak beste leku batzuetatik datoz eta jentearen aldetik sekulako erantzunagaz; gauzak holan dirala, gure museora ekarten doguzanean, gorabeherak izan daitekezan arren, erantzun ona ia-ia ziurtauta izaten dogu. Maila handiko erakusketak izaten dira eta, beraz, aukera ezin hobea eraikin izugarri baten, kalidadezko eta maila handiko erakusketakaz disfrutetako.
6. Oraintsu ikusgai jarri dozuen 'Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoko Altxorrak' erakusketea askok bisitauko badabe be, orain arte zeintzuk izan dira erakusketarik bisitatuenak?
Jakina, 'Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoko Altxorrak' erakusketea oso garrantzitsua da, eta datu legez baino ez bada be, kontuan hartu, flamendar barrokoaren artelan ederrak ikusteko aukerea dakarrela erakusketa honek, lehenengo aldiz ganera errusiar mugetatik kanpo. Esan beharrik be ez dago flamendar barrokoa, artearen historiako sorkuntza sasoirik emonkorrenetakoa izan zala. Gogoratu, 2003ko zezeilera arte egongo dala ikusgai.
Orain arteko erakusketa bisitatuenen artean, honakoak azpimarrauko neukez: Chillida: 1948-1998, Armanirena, Los Mundos de Nam June Paik, Txina: 5.000 urte, El arte de la motocicleta eta Richard Serrarena.
7. Aurrera begira ze asmo dozue?
Guggenheim Bilbao Museoak bilduma propioa osotzen jarraituko dau eta, jakina, nazinoarte mailan kalidade handiko erakusketak antolatuko doguz. Bisitariei jagokenez, bost urteko epean 5 miloe eta 200 mila izan dira, eta aurrera begira, munduko eta hemengo egoera ekonomiko eta politikoak askorik laguntzen ez badau be, asmoa urtero miloe bat bisitari hartzea izango litzateke.
8. 97ko urriaren 19an ateak zabaldu zenduezanetik, makinatxu bat anekdota izango zenduezan. Danak gogoratzea gatxa izango da baina pare bat edo?
Ondo dakizunez, 5 miloe bisitari horreen artean, izen handikoak be asko izan dira gure artean, aktoreak, zine zuzendariak, musikariak eta beste arlo batzuetako personaia ezagunak. Jakina, anekdotak asko izan dira. Anekdota edo pasadizuen atalean, hasikeran izan genduzan gehienak. Museoa zabaldu eta pare bat egun geroago, andra batek sarrera bi erosi zituan, baina zinemara edo antzerkira joiala pentsau eban antza eta saltzaileari argi esan eutson bere lagunaren ondoan gura ebala berak. Bestalde, museoko dendan gizon bat sartu eta dendariari esan ei eutson ia non topau eikean txakur ospetsua.
9. Nik neuk be badaukat anekdota bat. Museoak ateak zabaldu eta denpora gitxira nire ezagun bat, jubilau bat joan zan museoa bisitetan. Eretxia eskatu neutsanean, hara haren erantzuna: 'Han barruan ez dago ezer, sala handiak, galtzeko modukoak, besterik ez'. Ze gogoeta egin zeinke honetaz?
Argi dago, hasikerako hilebeteetan jente askorentzat museoa sorpresa hutsa izan zan. Lehenengoz sartu eta aro garaikideko artea topau ebenean, zur eta lur geratzea izan zan inpresino orokorra, baina egia da Bilbon ez egoana museoak bisitetako ohitura larregirik. Zorionez, herritarren jokerak badoz aldatzen eta gaur egun asko dira birritan eta hirutan museoa bisitau dabenak. Bestalde, ezin ukatu museoko sala batzuen neurria ohiz kanpokoa dana eta normaltzat be hartu behar da ohitura handirik ez daben bisitari batzuek euren burua galduta ikustea holako lekuan. Edozelan be, museoan ikusgai diran artelanen balioa ezin da ukatu.
10. Zer esango zeunskio oraindino Guggenheim Bilbao Museoa bisitau ez dauenari?
Gurera etorteko aukera txikiena ez daiala galdu, ez dala damutuko. Hori bai, aurreretxirik barik etorteko gomendioa egingo neuskio. Kanpoalde edo ingurualde ederra dauka museoak eta hor zehar paseoan ibiltea, artelanak ikustea, kafe bat hartzea eta disfrutetea aukera polita dira. Egin aprobea.
Koldo Isusi Zuazo