Khamosh pani (Uraren isiltasuna)
'Khamosh pani' filmak 1979ko islamizazino prozesu korapilatsuaren barruan gai personal eta politikoak nahastetan dauzan drama bat da. Film hau 70eko hamarkadako azken urtean hasitako islamizazinoaren inguruan bilbatzen da. Istorioa nahiko lineala eta laua da eta personaien karakterizazinoa ez da lar sakona.
Edozelan be, film luze honek daukan mezuaren indarra sano handia da eta horrek ikus-entzuleak murgiltzen dauz esperientzia zinematografiko interesgarri batean. Kontakizun honen personaia nagusia Avesha da, Koranaren ganeko irakasgaiak emonez bizimodua ataraten dauen alarguna. Bakarrik geratu dan ezkero, 18 urteko Saleem semea jagoteko beste ardurarik ez dauka. Dan-dana bere bidetik doa, harik eta herrira islamista fundamentalisten talde bat ailegau arte. Saleem talde honetan sartu, goitik behera aldatu eta zeharo galduko dau neskalagun nahiz familiarengana sentiduten eban fideltasuna.
Zoritxarrez, filma melodramaren eremuan sartzen da eta protagonisten egoera personala arazo sozial eta ekonomikoakaz nahastau behar dauz gureztala. Guztiagaz be, zuzendariak egoera horreek birsortzeko erabilitako bitartekoak oso interesgarriak dira eta horrek erakusten deusku gaur egunean be oihartzun eta garrantzi bera izaten jarraitzen dabela. Filmak familiarteko gaia, gai politikoa, dramatikoa, erlijiosoa eta ekonomikoa buztartzen dauz, gidoi on bati eta agirian ez dagoan argumentu konplexutasun orekatu bati esker. Pelikula interesgarria, benetan.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Sabiha Sumar.
-Herrialdeak: Frantzia, Alemania eta Pakistan.
-Iraupena: 99 minutu.
-Antzezleak: Kirron Kher (Aïcha/Virou), Aamir Malik (Salim), Arshad Mahmud (Mehboub), Salman Shahid (Amin), Shilpa Shukla (Zoubida), Sarfaraz Ansari (Rachid), Shazim Ashraf (Zoubaïr), Navtej Johar (Jaswant), Fariha Jabeen (Chabnam-Chabbo), Adnan Shah (Mazhar), Rehan Sheikh (Afsan).
-Gidoia: Paromita Vohra.
-Argazkia: Ralph Netzer.
-Muntaia: Bettina Böhler.