Patxi Gallego: 'Komikiagaz, kaleko hizkerea aurreritxi gitxiagogaz erabili daiteke'
Eta zelan moldatu zara lan horretan?
Sano gustura sentidu naz. Lehenengo sekuentziaren ostean, trabau egin nintzan: ideia asko neukazan buruan, eta gidoi bat egin behar neban. Hasi nintzen gidoia egiten, baina konturatu nintzan ha ez zala gidoia, eta sano gustura nengoala ha idazten. Gainera, tarteka ibili naz: egun batzuk idazten eta beste batzuk marrazkiak egiten. Horrek distantzia emon deust egindakoaren gainean, eta gauzak hobetzeko aukerea.
Ondino zure lana definidu be ez dogu egin: komikia, liburu grafikoa...
Hau egin nebanean, nire ilusinoetako bat zan komikietako nire idoloen artean egotea liburu-dendetan, baina aurrekoan Donostiako liburu-denda batera joan nintzan eta Bernardo Atxagaren ondoan ikusi neban “Pololoak”... Saltzaileek be ez dakie non ipini: lan hibridoa da.
Nortzuk dira, ba, zure idoloak?
Ralf König, Marjane Satrapi, Mouse, Superlópez, Arale... Dana dala, ez naz komikero peto-petoa: komikiak leiduten dodaz, baina liburuak be bai, eta zinema be jarraitzen dot.
Bai, zinemaren eragina sano argia da.
Liburu osoa ikusten dot pelikula izango balitz moduan. Azken baten, komikia arte sekuentziala da, sekuentzia bidez osotutako hizkuntzea. Eta zinea, bardin. Zeozegaz loturarik badauka, komikiak zineagaz dauka loturea: kontua da zineak benetako irudiak erabilten dituala, eta komikiak irudi abstraktoagoak. Guk ulertzen ditugu irudiok, baina, berez, abstrakzinoa dira. Komikiak daukan xarma hori da: lau trazugaz pelikulatxo bat ikusten dozula.
Hizkuntzeagaz be asko jolastu dozu, bizkaierea be tartean sartuta.
Bururatu jatan guztia sartu dot, autozentsura barik. Hasieran erderakada gehiago sartzeko asmoa be baneukan, ze, esate baterako, ETBko gauza askotan freskotasuna falta da, eta, alde horretatik, komikiak aukerea emoten dau kaleko hizkerea aurreritxi gitxiagogaz erabilteko.
Ze irakurle klase espero zenduan eta ze irakurle topau dozu?
Espero neban nire moduko jentea: komikizalea, euskalduna eta gaztelaniazko produktuetara jo behar izan dauena. Baina holako harrerarik ez neban espero, ez irakurle muetearen aldetik ez kopuruarenetik be. Pentsetan neban jente askok ez ebala ironia mueta hori ulertuko.
Istorioa ez da liburu honetan amaitzen, eta bigarrena be bidean dago. Holan euki zendun pentsauta hasieratik?
Hasieran, liburu bakarra egiteko asmoa neukan, baina sortzen joan ahala ideia barriak jatortzuz, beste batzuk kendu egiten dituzu... Denpora gehiago pasau dot kentzen, gehitzen baino. Eta orduan, dana lehenengoan kabiduten ez jatanez, bigarrena egiten nabil oin. Eta pentsetan neban horregaz amaituko zala, baina gauza bera pasau jat, eta uste dot hirugarrena be atera beharko dodala.
Julen Gabiria
“Pololoak” komiki-liburuari esker, euskal literaturearen aparrean dabil errenteriarra. Bizkaie! beragaz egon da berbetan.
Patxi Gallego komikian bezain katxondoa da errealidadean?
Katxondoa bai, baina txisteak kontetako eta, zero. Gainera, txisteak ez jataz gustetan. Eta ironia, barriz, betidanik euki dot: gogoratzen naz seigarren mailan, irakasleek ikasleen jarrerak neurtzen zituenean, ipinten ebela jarrera “oso ona”, “ona”, “erdi parekoa” eta “txarra”, eta niri “erdi parekoa” imini eustien, eta gero zehaztu eben: “oso ironikoa da”. Nik jakin be ez nekian zer zan ironia.
Zertan ibili zara oin arte, holako komiki bategaz agertu aurretik?
Marrazten betidanik ibili izan naz, baina emoten dau oin idazle titulua imini deustiela. Baina nik komiki bat baino ez neban egin gura. Marraztearena beti euki dodan zaletasuna izan da, baina oin arte egindako lanek ez dabe euki azken honen moduko oihartzunik. Aurretik badaukadaz lan bi argitaratuta, baina egin neban lanagaz gustora geratu nintzan arren, azkeneko emoitzea ez zan ona izan, eta horrek eroan ninduan neure kabuz goitik behera zeozer egitera. Alde horretatik, “Pololoak” sano ondo pentsautako lana da: urteak daroadaz ideia honegaz buruan, 2000. urtetik edo. Kontua da honen atzean, marrazkiak egiten, urtebeteko lana dagoala, egunero 8-10 ordu sartuta.
Nondik sortu zan istorio hau idatzi eta marrazteko ideia?
Hasteko, fundamentuzko zeozer egitearen beharretik. Bestetik, euskal kulturearen testuinguruaren barruan bakotasuna batzuk ikusten nituan: esate baterako, produktu gitxi dago gazte eta komikizaleentzat, eta beti jo behar izan dot gaztelaniazko produktuetara holako zeozer irakurri ahal izateko. Helduentzako komiki bat egin gura neban; gainera, gure testuinguruan sexu gitxi dagoala be ikusten neban, eta pentsetan neban kalidadeko zeozer egin eitekeala sexua tartean sartuta. Sexua, eta beste dana: politikea eta abar. Erabagi neban parodia tonua emon behar neutsala, baina atzetik gauza sakonagoak be badagoz: azken baten, parodia tonua eta komikian agertzen diran lizunkeriak atxakia dira, beste gauza batzuen gainean berba egiteko. Beste alde batetik, emakumeentzako komiki gitxi dagoz, eta eurengana be hurreratu gura neban: horregaitik sortu neban Kariñe personaia. Labur esateko, euskal kulturearen kontsumitzaile nazen aldetik, frustrazino baten emoitza da liburu hau.
Helduentzako komikia, sexua daukana, politikoki ez zuzena, politika be sartzen dauena... Kontziente zinan bide bat zabaltzen zengozala euskal komikigintzan?
Bueno, politikoki ez zuzena... umore mueta hori, adibidez, ez dakit Vaya Semanitagaz konparau daitekean, baina saio hori ikusi nebanean, pentsau neban horren beharra egoala, hemengo egoerea apur bat desdramatizetako. VSkoak aurreratu egin jatazan, baina ni lehendik nengoan komiki honegaz lanean, eta denporeagaz konturatu nintzan jenteak umore mota hori eskatzen ebala. Barrikuntzearen kontua dala-ta, liburu hau ez da barrikuntzea, baina bai gure testuinguruan.
“Idazle titulua” esan dozu lehen, baina, izan be, idazle lanean ibili zara liburu honegaz...
Liburuan nire alderdi guztiak dagoz, eta espero ez neban beste alderdi horrek be urten eban, idazlearen alderdiak. Hasieran komikia egitea zan nire asmoa, baina luze geratzen hasi jatan, pasarte asko homeopatearen eta Xabiren arteko alkarrizketak ziralako, edo Kariñeren burutazinoak... eta pentsetan hasi nintzan ez ebala merezidu komiki moduan kontetea. Bururatu jatan gauzak beste modu baten be kontau eitekezala: arinago, gehiago eta jentea aspertu barik. Gauzak idatziz emotea zen urtenbidea.